Jaiak jendetsuak izan dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:48

Asteburuan ospatu ziren Gazte Jaiak. Ostiral arratsaldean gazteentzako mus txapelketarekin abiatu zen jaia eta ondoren etorri ziren musika bandaren kontzertua, jaien hasierako txupinazoa Egape dantza taldearen eskutik eta kalejira alaia. Dardo txapelketak, Benjamin jaia, Herri kirolak, triki-poteoa, gazte koadrilen bazkaria... jaiak ez zuen etenik izan asteburu osoan.

Urnieta Dantzan eta Bertso afariak eman zioten hasiera aste kulturalari, eta bi ekitaldiak izan ziren arrakastatsuak. Ondoren etorri ziren umeentzako hainbat kultur ekitaldi, eta bukatzeko asteazken arratsaldean Iñistorra eta Aiurriren eskutik udal pilotalekuan izan ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots. 700 haur eta gurasok gozatu ederra hartu zuten.

OSTIRALA
San Juan plazan antolatutako mus txapelketarekin hasi ziren Gazte jaiak, ondoren etorri ziren Lurdes Iriondo musika eskolako bandaren kontzertua, jaien hasierako txupinazoa Egape dantza taldekoen eskutik, dardo txapelketa, oilasko jatea eta Saroben egindako rock jaialdia.

LARUNBATA
Arrakastatsua kiroldegian egindako XII. Benjamin kirol jaia, bertan, Tolosa, Donostia, Pasaia eta Urnietako 150 umetik gorako partaidetza izan zen. Baita ere arrakastatsuak suertatu ziren goiz eta arratsaldean udal pilotalekuan egindako dardo txapelketak. Asko luzatu zen gazteen triki-poteoa eta hirurak ondo pasata zirela Egape ikastolako pilotalekuan elkartu ziren mahai-bueltan Agin Rezolak parrillan prestatutakoaren kontu ematera. Arratsaldez, Sarobe goraino bete zen Egape dantza taldearen emanaldiarekin, eta Abiba taldea arduratu zen gaua girotzeaz.

IGANDEA
Oraindik horretarako indarra zutenak goizeko 6:30etan txokolatada batean elkartu ziren ohera joan aurretik. Jende ugari bildu zuten goizez Adarra Judo eskolakoek eskainitako emanaldiak eta Kanpanolue taldeak arratsaldean San Juan plazan eskainitako ikuskizunak. Dardo txapelketak ere goizez umeentzat eta arratsaldez helduentzat izan ziren jaien azken egunean. Berezia eta jendetsua izan zen Sansonarri elkarteko bi taldeek eskainitako herri kirol saioa. Kupelaren erromeriak eta azken trakak eman zien amaiera aurtengo Gazte jaiei. Nabarmentzekoa da Txanbolin txistulari bandak jaiei egindako ekarpena hainbat diana eta kalejirekin.    

ARGAZKIAK
Aiurri.com gunean argazki ugari ikusgai dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!