Euskara heziketa zikloetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:47

Ekainaren 12ra arte, erdi eta goi mailako Heziketa Zikloetan aurre matrikulatzeko epea zabalik dago; besteak beste, Andoaingo La-Salle Berrozpe, Leizaran BHI eta Zine eta Bideo Eskolan. Baita Urnietako Salesiar ikastetxean ere. Aurre matrikulaziorako epea zabaldu zen egun berean, ekainaren 1ean Buruntzaldeko udalek DBH-ko ikasketak burutu ondorengo heziketa zikloetan bailaran dagoen ikasketen euskarazko eskaintza prentsaurrekoan aurkeztu zuten. Bertan ziren, Andoaingo Aita Larramendi, La Salle Berroizpe eta Urnietako Salesiar ikastetxeko ordezkariak.
Buruntzaldean hezkuntzan euskara bultzatzeko dagoen beharra azpimarratu zen ekitaldian. DBH eta Batxilergoetan ez bezala, Heziketa Zikloetako ikasleen %30-35 artean matrikulatzen baita egun D ereduan; erdi mailako zikloetan ikasleen %35,6-k D ereduan matrikulatzea erabaki zuen iaz. Aipatu ehunekoa jaitsi egiten da apur bat, goi mailako zikloetan; %31,4raino. DBH eta Batxilergo mailetan, alde handiz D eredua nagusitu da amaitzear den ikasturte honetan; %86,4 DBH-n, %81,7 Batxilergoan. Datuokin prentsaurrekoan agerian utzi zutenez, nabarmena da DBH eta ziklo horren osteko ikasketa etapetan dagoen hizkuntza-ereduen arteko desoreka.

ZIKLO UGARI, EUSKARAZ
Gaiaren harira, “Aukera ezazu, aukera gehiago eta hobeak izan ditzazun” euskarazko hezkuntza eskaintzari buruzko informazioa biltzen duen esku orria banatzekoak dira, DBH eta Batxilergo ikasketak amaitzen dituzten ikasleen artean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!