Udal batzarraldian bi gai mahai gainean geratu ziren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:46

Maiatzaren 27ko osoko ohiko bilkurako gai zerrenda, aurreikusitakoa baino laburragoa izan zen, mahai gainean utzi ziren gaiak direla eta. Udal ordezkariek aurtengo aurrekontuak hasieraz bozkatu behar zituzten, baina azkenean aipatu gaia aurrerago onartu beharko dute. Osoko bilkura burutu baino bi egun lehenago Foru Aldundiaren diru-laguntzak %20-%25 artean murriztuko zirela jakin zuten. Horrek eragin nabarmena izango luke udal aurrekontuetan; urte hasieran zehaztutako kopurua baino 740.000 euro gutxiago baititu egun Udalak aurrekontuetara bideratzeko. Guztira, 2.940.000 euro. Ondorioz, gobernu taldeak aurrekontu txosten berri bat prestatu behar du orain, eta hasierako onarpena hurrengo osoko bilkura batean aztertuko da.

IKA-MIKA BIZIA, ARRILIMOI TARTEKO
Ez zen mahai gainean utzitako gai bakarra izan. Mozioen atalean, beste behin Arrilimoiren inguruko idatzia aurkeztu zuten talde sozialistak. Martxoaren 25eko ohiko osoko bilkuran udalbatzak Goiburuko zabortegia ixtea adostu ostean, inguru hartako errepidearen egoerak kaxkarra izaten jarraitzen duela adierazi zuten. Gobernu taldea aipatu gaiarekin gertatu denaren jakitun zenez, Herme Gonzalezek konponketen gastuak UDA-k bere gain hartzea eskatu zuen.
Adierazpen zaparrada eragin zuen PSE-EE-ko udal ordezkariek aurkeztu zuten mozioak. Jeltzaleen udal taldeak, udalbatzak sozialistek aurkeztutako mozioa bozkatzeko zuen gaitasuna zalantzan jarri zuen. Aipatu mozioan adierazten zenaren larritasuna agerian jarri zuten. “Gauza bat ardura politikoa eskatzea da. Baina ardura penala eskatzen ari gara”, gogorarazten zuen Maribel Vaquerok. Sozialistak prebarikazioaz akusatzen ari zirela gogorarazi zuen.
Eztabaida bizia piztu zen. PSE-EE-tik Herme Gonzalezek ardura politikoak eskatzen ari zirela erantzun zuen, ez penalak. Gastuen ardura alkateak bere gain hartzea galdegin zuen berriz ere. “Erru zuzena egon da. Gauza hauekin ez dela jolasten uste dut. Denbora soberan egon da, borondatea falta da”, zioen Gonzalezek.
Maribel Vaquerok hartu zuen hitza berriz. Gaia lantzeko batzorde bilera burutzeko deia egin zuen eta osoko bilkurari ez, sozialistek planteatutako ardurak eskatzeko erabakia auzitegiei dagokiola berretsi zuen.
Iñaki Mendizabalek testua bozkatu ezina adierazi zuen. Berak, martxoaren 25ean udalbatzak babestu zuen testua gogora ekarri eta hura betetzea eskatu zuen. Errepidea adostutako baldintzetan utzi behar zela berretsi zuen.
Horri guztiari erantzunez, Mikel Izagirre alkateak komunikatu bat irakurri zuen. Bertan gogoraraten zuenez, eta martxoko osoko bilkuran egin bezala, “hanka sartu duela onartu zuen aipatutako babesa ez zuten pertsona eta egoeretaz fidatzeagatik eta hori bada onartu behar dena”. Akatsak jendaurrean onartzen dituen moduan, sozialistek gauza bera noiz egingo ikusteke dagoela gaineratu zuen. Bestalde, ez kezkatzeko deia egin zien sozialistei. “Egon zaitezte lasai, zeren, udal honek ez du gastatu behar ez duen dirurik gastatuko”, zioen Izagirrek. Ramon Goikoetxea zinegotzi berriak ere, testua ezin zela bozkatu, epaitzen ari zirela aurpegiratu zion Herme Gonzalezi.
Gainerakoen erreakzioa ikusi eta adierazpenak entzunda, sozialistek mahai gainean utzi zuten mozioa.

IRAILAREN 29A, JAI
Udaleko ordutegien eta lanpostuan egoteko denboren kontrola arautuko duten legeak behin betiko aho batez onartu zituen udalbatzak. Aho batez onartu zuten baita, udalerriko jai egun, irailaren 29a Sanmiel eguna izendatzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!