Udalaren babesa Santa Krutz jaietan erasoa jaso zuten gazteei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:46

Labankada batekin, adin txikiko herritarra zauritu zuten Santakrutzetan. Hori dela eta, pasa den udal batzarraldian Udalak gaitzespena adierazi eta erasotzaileen aurkako akusazioan parte hartzea erabaki du.

Zoritxarreko ezbehar honetan Andoaingo adin txikikoak biktima izan dira, 16-17 urtekoak zehazki. Jaietako egun haietan bi pertsonek Allurralde pasealekuan zeuden gazteen aurka jo zuten. Haietako batek dirua eta eskuko telefonoa eskatzen zien labanarekin mehatxatzen zituen bitartean. Gazte batengana jo zuten, gero bigarren batengana. Hirugarrenak, ordea, lapurren eskakizunei uko egin zien. Hori dela eta labankada jaso zuen. Zauria hasiera batean uste zena baino larriagoa izan da, labankada medularaino iritsi zitzaiolako. Ospitalean zegoela, erizainek Ertzaintzaren eskuetan utzi zuten kasua. Poliziak, bere peskizak amaitu ondoren, magrebiar jatorriko adin nagusiko pertsona bat eta ijitu arrazako adin txikiko bestea atxilotu zituen. Adin nagusikoa Martuteneko espetxean dago preso, eta bestea adin txikikoentzako gune berezian. Erasotzaileek eta erasotuek elkar ezagutzen dute, denek ere Andoainen bizi edo ikasi izan dutelako. Udalak babesa adierazi die erasoa jaso zuten gazteei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!