Merkatarien egoera hizpide udal arduradunekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:45

2008ko udazkenean PERCO merkataritza plana aurkeztu zen, eta berriki udal batzarraldiak planarekin bat egin du. Zer egin duzue denbora tarte horretan?
Petri Romero. Zehaztapen bat egin behar da. 2008an diagnosia aurkeztu zen, planaren aurreko fasea beraz. Hurrengo hilabeteetan ildo estrategikoak eta proposamenak landu dira Udal lansail ezberdinen artean. Bestalde, plana gainerako alderdiei aurkeztu zaie eta Salkin elkarteari ere bai.

Salkinekoek eta merkatariek oro har itxaropen guztia dute plan honetan. Zein da zuen anbizioa?
P.R.  Azken batzarraldian plana onartu da eta, alde horretatik, PERCO izenpean egin den txostena etorkizunari begira erreferentziazko dokumentua izatea nahi dugu. Egitasmoa lan mardula da eta oso ondo egina dago. Plangintza osoa bere horretan garatzeko 16 milioi beharko dira. Gure ustez, plana garatzeko, enpresa espezializatu batek asistentzia teknikoa eskaini beharko lioke Udalari, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskatu diogu.
Udala bere aldetik martxan dago honez gero. Estatuko udal fondoetatik iritsi den diru ekarpenarekin Zumea kalea oinezkoentzat egokitzen ari gara. Fondo horiekin ere Kale Nagusira doazen eskilarak eraberritzen hasi gara.
Bestalde, Kale Nagusian argiztapena egin aurretik azterketa baten emaitzen zain gaude. Jakitun gara argiztapen gutxi dagoela.

Santa Krutz zubiko obrak behar bezala iragarri zenituzten?
P.R. Salkineko ordezkariek hasiera batetik jakin dute obrak nondik nora izango ziren. Gerta daiteke Salkinen ez dagoen merkatariren batek obren berri ez jakitea.
Merkatarien eskariari jarraituz, pasa den asteartean alkate jauna eta Vela zinegotzia Zumea kaleko eta Kale Nagusiko merkatariekin bilduta izan ziren. Azkartasunik gabe aritu garela uste badute barkamena eskatu nahiko genuke.
Zubia eraberritzeko lanak enpresak berak antolatu ditu. Bere denbora eman behar zaio, lau hilabeteko epea beharko dutela diote. Zubitik hasi beharra zegoen Kale Nagusitik datorren hoditeria berriari jarraipena eman behar zaiolako. Zoritxarrez, hankaz gora jarri behar da kale osoa.
Enpresako arduradunek hitza eman digute elizatik gertuen dagoen aldean pasabidea asteburuan libre utziko utziko dutela. Udalaren aldetik, enpresari zubia ahalik eta azkarren amaitzeko eskaera egin diogu.

Kale Nagusiko merkatariak kalearen egoeraz kezkatuta daude. Egoera aztertzeko lan mahaia osatzeko prest al zaudete?
P.R. Dagoeneko PERCO txostenean hori bera aipatzen da. Dagoeneko merkatarien mahaia osatuta dago Udalaren eta merkatarien artean.
Kale Nagusiko hainbat lokalen eta merkatalgune itxien egoera kaskarra da baina, nolahani ere, Udalak ezer gutxi egin dezake jabetza pribatua tartean dagoenean. Gure borondatea argia da, lan mahai ezberdinak osatuko dira eta Kale Nagusiko egoera aztergaietakoa izango da.

Kale Nagusiko merkatarien iritzia  | Garikoitz Plazaola, bideoa 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!