Ura hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:42

Uraren gaia gaitzat harturik, Eskola Agenda 21 jardueren azken txostena osatu dute ikasleek. Joan den ostegunean, hilaren 28an, udaletxeko batzarraldi aretoan aurkeztu zuten. Ikasleek zinegotzien tokia hartu zuten, eta zinegotziek entzuleena.


Txosten horretan ikasleek egindako azterketa prozesu luzearen emaitzak jaso dira. Ikasleak kalera irten eta Andoainen urarekin dauden arazoak identifikatzeari ekin zioten lehenengo eta behin: plazetako iturriak, putzu eta estoldak, isuriak eta ibaiak... Diagnosia aski zehatza egin zuten. Besteak beste, Zumea Plazan eta Trentxikin iturrien falta sumatu dute; Leitzaran ibaiaren ur kalitate ona eta landareri eta fauna aberatsa duela esatearekin batera, Oria ibaiari oraindik asko geratzen zaiola egoera egokia izateko azpimarratu dute, eta horren lekuko Sapa enpresaren parean pilatuta dagoen zikinkeria aipatu dute.   
Herritarren iritzia ere bildu dute txostenean. Ondorioen artean, honako hiru aipa daitezke: gehiengoak uraren garestitzea onartzen du baldin eta honen kalitatea hobetzea badakar, erdiak ez daki herriak nondik hartzen duen ura, eta gehiengoak ez du ura aurrezteko Udalak egindako kanpainaren berri.   

PROPOSAMEN ZEHATZAK
Diagnosia eta galdeketa bildu eta gero, ikasleek proposamen ugari luzatu diote Udalari. Hara horietako zenbait: herriko iturriek hobeto erregulatzea ur gutxiago kontsumi dezaten, ur txorrota gorantz botatzen duten iturriak jartzea, garbitzaileek ibai ertzak maizago garbitzea, herritarrei informazioa zabaldu eta noizbehinka garbiketa kanpainak antolatzea, menditik datorren ura egoki aprebetxatzea, herriko ur sarea urtero errebisatzea...
Azkenik, txostenean ura aurreztu eta ibaiak garbi mantentzearren ikasleek hartu dituzten konpromisoen berri ematen da. Ikasleek ez ezik herritar guztiok egiteko modukoak dira. Besteak beste, bainatu beharrean dutxa laburrak hartzea; iturriak beharrezkoa direnean bakarrik erabiltzea; garbitzerakoan, komuneko bonba txikiari eman; garbigailua beteta dagoenean bakarrik erabili; komunera, ibaira eta lurrera zaborrik ez botatzea...  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!