Konpartsa San Juan jaietan berriro

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:41

Martxan da berriro 1996an hasi eta 2002an Andoaingo kaleetatik ezkutatu zen buruhandi eta erraldoien konpartsa. Herritar talde bat entsaioetan murgilduta dabil apirilaz geroztik, konpartsa Sanjuanetan kalera ateratzeko asmoz. Kepa Sarasola eta Jon Iraola dira bultzatzaileetako bi.



Nondk nora konpartsa berpiztea?
Kepa Sarasola: Konpartsaren lehen aroan ibilia nintzen, eta beti iruditu zait istorio polita. Ikastolako gurasoen artean botatzen nuen ideia tarteka, baina jende asko mugitu behar zela zen, ezer ez egiteko jartzen genuen aitzakia.
Jon Iraola: Nire kasuan ere, kuadrilan aipatzen nuen noizbait joan behar genuela pertsonaiak zein egoeratan zeuden ikustera, zutik jartzeko edo. Baina beti horretan geratzen ginen. Halako batean Kepa eta biok bidean gurutzatu ginen, burugogor jarri eta aurrera! Apirilean deialdia egin genuen.

Zenbat jende azaldu zaizue konpartsari bizitza emateko prest?
J. I.: 30 bat lagun dira konpartsan modu batean edo bestean parte hartzeko interesa jarri dutenak; musikaren arloa, berriz, Sarasola anaiek beteko dute. Ez dago gaizki, kontuan izanda oharra soilik Urki dantza taldean, ikastolako gurasoen artean eta zenbait ezagunen artean besterik ez dugula zabaldu. Deialdi orokorra egiteko daukagu oraindik.

Arrakastatsua beraz...
K. S.: Halaxe da, eta esan daiteke hiru belaunaldi bildu garela, 15 urtetik hasi eta 40 urte bitartean. Niri izugarrizko datua iruditzen zait talde bat osatzea gisa honetako ekimen bat aurrera eramateko. Hala ere, harridura handiena gazteek agertu duten jarrera prestua izan da.   

Zein asmo dauzkazue hasteko?
K. S.: Konpartsa finkatu eta gure arteko konplizitate giroa sortu, Sanjuanetan, Santa-
krutzetan eta inauterietan aterako garela ziurtatzeko moduan.
Zein egoeratan topatu dituzue orain zazpi urte baztertuta utzi zen materiala?
J. I.: Hezetasunak hondatuta. Konpontzaileak ikusi ditu, eta leku lehorrean jarri ditugu berak aginduta, kartoizkoak baitira. Zortzi buruhandietatik oraintxe lau besterik ez daude kaleratzeko egoeran.

Eta material hondatu horrekin zer egin behar duzue?
K. S.: Geure buruarekin hasieratik hartu genuen konpromisu bakarra konpartsa kaleratzea izan zen. Ez genituen bazterrak nahastu nahi, gero ezer ez egiteko. Beraz, behin pauso hori emanda, udalari herriaren kultur ondare hori zain dezala eskatzea da gure asmoa. Konpartsaren materiala gordetzeko eta entsaiatzeko herri gunean legokeen egoitza ere eskatuko diogu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!