Uda, kirola egiteko sasoia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:39

Udako kirol eskaintzan interesa duenak ostiral honetan dauka izena emateko azken eguna. Ekainaren hamabian izena eman duten guztien artean zozketa egingo da. Zozketaren emaitza, berriz, ekainaren hemeretzian aditzera emango dute. Zozketan zorterik izan ez duenak taldea osatu ez den beste kirol jardueretan izena eman ahal izango du. Udako kirol ikastaroak ekainaren hogeita bederatzian hasiko dira.

Bideoa, Ixiar Olano 

Kirola egiten hasteko pizgarria al da udako kanpaina?
Ixiar Olano. Bai, eta gainera helburuetakoa hori da. Iraila-ekaina bitarte, Allurraldeko eskaintza mardula da. Uztailekoari begira bi asmo daude: ikasturte osoan parte hartu dutenek hilabetez luzatzeko aukera izatea, eta haietako askok hilabete batez gutxienez beste kirol jarduera batzuk probatzeko aukera edukitzea.
Zer esanik ez, kiroldegira lehenengoz gerturatzeko aukera aproposa dela udakoa. Proba modura hartzen dute, gogoko izanez gero ikasturte hasieratik izena emateko.

Zuen aldetik ere ikasturteko programazioan berrikuntzak sartu aurretik, kirol jarduera jakin batzuekin proba egiteko modu bat al da udako eskaintza?
I.O. Dudarik gabe. Azken urteetan esaten duzunerako oso baliagarria izan da. Fit balance izeneko jarduera horrela txertatu genuen Allurraldeko eskaintzan. Test modukoa izan zen. Fit pump delakoarekin ere horrela izan zen.
Uda honetan squash-a eskaintzen den eremua beste kirol jardueretarako baliatzeko proba egingo dugu.

Zeintzu dira interes aldetik nabarmen igo diren kirol jarduerak?
I.O. Aldaketa oso azkar gauzatzen da. Kirol arloan, zehazki jarduera fisikoaren arloan, asko aldatu da azken urteetan. Kiroldegia ireki zenetik dinamika erabat aldatu da. Hasiera batean aerobic-a zegoen modan. Pixkanaka jarduera berriak eskaintzen hasi ginen eta konturatu gara jendeak musika tartean dagoen jarduerak gogoko dituela. Spinning-aren kasua nabarmenena da. Lehen kirol jarduera dela esan genezake, aerobic-a atzean uzteraino.
Eskaintza, bestalde, handitu eta dibertsifikatu egin da. Batetik, intentsitate handiko jarduerak daude: spinning-a, aerobic-a... Baina, bestalde, intentsitate baxuko jarduerak ere egonkortzen ari dira: yoga, fit balance (taichi, pilates), gimnasia posturala...
Mantenimenduko gimnasia edota aquagym jardueretan talde finkoak ditugula esan genezake.

Haurra kirol ludotekan izena emateko nola konbentzituko zenuke gurasoa?
I.O. Zuzenduta dagoen adina, 8 urtetik aurrera, oso adin aktiboa da. Adin horretan haurrek mugimendua behar dute. Beste eskaintza batzuk, noski, badaude baina kirolaren ondoan umearentzat ez da gauza bera. Umearen paperean jarrita, kirol ezberdinak probatzeko aukera aparta izaten dute: eskalada, mahai tenisa...
Adin horretan haurrek mugimendua behar dute. Ez da ahaztu behar gaur egun sedentarismoak sortzen dituen arazoak. Errealitate hori hemen ere badago, eta sedentarismoa saihesteko gurasoen papera garrantzitsua da.

Kiroldegiko martxa zenbaki bidez nola azalduko zenuke?
I.O. Bazkideei dagokionez, lau milatik gorakoa da kopurua. 14.000-15.000 mila biztanle bizi garela kontutan hartuta, oso kopuru ona da. Normalean, tamaina honetako herrietan, %20a portzentaia ona da. Eta bistan da Allurraldeko portzentaia nabarmen handiagoa dela. Buruntzaldea eskualdean onenetakoa da.
Ikastaroetan, mila berrehundik gora dabiltza. Horietatik ia bederatzirehun adin nagusikoak dira.

Allurralden kirola muturrera daramaten bazkideak ba al dira?
I.O. Bai, badira. Denetik dago, batzurentzat hau bere bigarren etxea da! Gimnasioan arratsalde osoa ematen dutenak badira. Korrikalari asko dago ere prestakuntza lana egiten duena barruko eta kanpoko instalazioetan.

Eskaladari dagokionez, zer nolakoa da parte hartzea?
I.O. Rokodromoa erabiltzeko aukera badago, baina ikastarorik ez dugu eskaintzen. Gorabeherak izan ziren, sinadura bilketa bat egin zuten hainbat herritarrek. Gaia aztertzen joan gara eta une honetan gehienbat asteburuko erabilpenera zuzendu dugu eskaintza. Bereziki, eskaladan lehen pausuak emateko moduko rokodromoa da. Familietara begira dago, umeekin datozenentzat egokituta. Asteburuko erabilpenarekin bat datorren zerbitzua da, baina egiari zor, erabilpen maila ez da oso altua.

Eta squasharen inguruan sortu den aferaren inguruan zer duzu esateko?
I.O. Hartu dugun erabakia hartu beharrekoa zela esan behar dut. Batetik, squash-a behera nabarmen joan den kirol jarduera da. Hemen eta toki gehienetan.
Beste kiroldegietan bezala, gurean ere squash pista beste kirol jardueretarako erabiltzen ari gara. Urteak ez dira alferrik igaro, esan dut aldaketa handia gertatzen ari dela. Hona geroz eta jende gehiago dator, eta jarduera berriak probatu nahi ditu. Gaur egun nagusitzen ari den aisialdi aktibo horren ondorioak dira.
Spinning-aren kasuan eskaera izugarri handia da eta horri erantzun nahian gabiltza. Udalak ez dauka kiroldegia handitzeko aukerarik eta, orduan, gure instalakuntzetan bertan eta diru gutxirekin irtenbidea bilatu behar izan dugu. Horrek squash-eko erabiltzaileengan eragin du, baina zenbakiak eskutan izanda, erabakiaren arrazoia zein izan den oso garbi dago.

2009-2010 ikasturteari begira zer aurreratu daiteke?
I.O. Aparteko aldaketarik ez da aurreikusten. Berrikuntzak baino gehiago, eskaintza orekatu nahi dugu segmentu guztietako beharrei erantzun ahal izateko. Intentsitate handiko jarduerak, erdi mailakoak eta lauagoak, igeriketa... zer eskaini nahi dugun garbi daukagu.

Epe erdira moldaketak iritsiko al dira Allurraldera?
I.O. Beharrak zeintzu diren oso garbi daude. Finantziazioa da arazoa, ordea. Ez da une ona. Espazio aldetik beharra premiazkoa da. Oker ez banago, 2004an zerbitzu teknikoko kideok txostena egin genuen zeuden premia guztiak adieraziz. Are gehiago, instalakuntzak handitzeko aurreproiektua aurkeztu genuen. Hori guztia egina dago, baina finantziazioa ez da iristen. Udalak ezin du dena beregain hartu eta Aldundiaren erabakiaren zain geunden.
Alde horretatik, maiatzaren 19an Gipuzkoako Foru Aldundiak ebazpena atera zuen. Kiroldegia handitzeko egitasmoari dagokionez, Aldundiaren erantzuna ezezkoa izan da. Momentu honetan, eta epe erdira, kiroldegia handitzeko aukera zail ikusten da.
Ordea, inbertsioetarako 75.000 euroko dirulaguntza jaso dugu Karrikako Aiztondo kalean egingo den kirol eremu berrian inbertitzeko. Udalak estatuko fondoak baliatuz auzo horretarako iragarri zituen kirol instalazioak osatzeko eta hobetzeko baliagarri izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!