Nerea Barriola sopranoarekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:43

Txiki-txikitandik datorkio Nerea Barriola gazte zizurkildarrari kanturako zaletasuna. Zaletasun hori lanbide bihurtzeko ahaleginean, musikako goi mailako ikasketak egiten ari da Iruñean.

Noiz eta nola murgildu zinen musika munduan?
Beti izan dut musikarekiko zaletasun berezia. Hiru urterekin hasi nintzen musika tailerretara joaten. Sei urte bete nituenean solfeo eta piano ikasketak hasi nituen eta bederatzi urte inguru nituela Eresargi abesbatzan abesten hasi nintzen, Asier Vitoriarekin. Hamabost urterekin, Donostiako kontserbatoriora aurkeztu nintzen, kantu ikasketei ekiteko asmoz. Musika tresnekin ez dago adin mugarik, baina kanturako, hamabost urte izan behar dira gutxienez. Marife Nogales andoaindarrak prestatu ninduen kontserbatorioan sartu ahal izateko eta bertan osatu nuen erdi mailako zikloa.

Goi mailako ikasketatan murgiltzeko adina iristean, musikaren bidetik jarraitzea erabaki zenuen. Erabaki zaila izan al zen?
Ez zen erraza izan. Batxillergoa amaitu nuenean, bi aukera nerabiltzan buruan: fisikako ikasketak egin eta kantua zaletasun gisa mantendu, edo kantuari buru-belarri eutsi. Buelta asko eman ondoren, argi izan nuen musikarik gabe ez nintzatekeela ni izango eta goi mailako ikasketak kantura bideratzea erabaki nuen. Iruñeako kontserbatorioan lehendabiziko maila amaitu berri dut eta oso gustura aritu naiz. Paloma Perez de Iñigo da nire irakaslea eta hasieratik oso ondo ulertu dugu elkar. Ikasturte bakarrean asko ikasi dut eta aurrerapauso handiak eman ditut berari esker. Kantu ikasketetan, garrantzitsua da irakaslearekin bat egitea. Bakoitzak bere teknika izaten du eta elkar-ulertu beharra dago lan egokia egiteko. Normalean, ikasle bakoitzak irakasle bakarra izaten du ikasketak amaitu arte, teknika aldaketak ez direlako batere komenigarriak.

Nola hartu zuten etxekoek zure erabakia?
Hasieran beldur pixka bat ematen ziela uste dut. Ez zuten garbi ikusten kantuak izan dezakeen etorkizuna. Egia esanda, oso zaila da izen handiko bakarlari izatera iristea, baina bizimodua ateratzeko beste zenbait irteera ere eskaintzen du. Esaterako, egunen batean kontserbatorioko irakasle izateko oposaketak egitea ez dut baztertzen. Karrera amaitutakoan bakarlari gisa aritzeko saiakera egin nahiko nuke, baina badakit ziurrenik irakaskuntzara bideratu beharko dudala nire etorkizuna.
Orain, gurasoak ditut zaleturik hoberenak. Nonbait kantuan aritu behar dudan guztietan etortzen dira ikustera eta hori asko eskertzen dut.

Zein bide hartu behar du zu bezala kantu ikasketak egin nahi dituen gazte batek?
Hemen inguruan, Musikenek eskaintzen du goi mailako musika ikasketak egiteko aukera bakarra, baina oso zaila da sartzea. Hautaketa froga gogorrak egiten dituzte eta nik, esaterako, ez nuen sartzerik lortu. Euskal Herriko musika ikasleeen artean kexa bat entzuten da Musikeneren inguruan. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jasotzen dituztenez, bertako musikarientzat tokiren bat gorde beharko lukete. Irakasle gehienak kanpotarrak dira, oso onak, eta euren ikasleak sartzen dituzte. Bertakoentzat oso zaila da ikasketak egiteko aukera lortzea. Ate guztiak ixten badizkigute, kanpora joan beharrean aurkitzen gara.

Nolakoak dira goi mailako kantu ikasketak?
Oso klase pertsonalizatuak dira. Klase teorikoetan hamar bat pertsona elkartzen gara, baina instrumentua edo kantua ikasteko, bakarka aritzen gara gehienetan. Ez dauka ohiko unibertsitate ikasketekin zerikusi handirik. Nahiko kontrolatuta gaude. Horrez gain, lan handia egin beharra dago eta jartzen dituzun helburuak oso epe luzerako izaten dira. Iruñeako kontserbatorioan, nahi izanez gero, pedagogia ikasteko aukera ere ematen dute. Modu horretan, irakasle izan nahi duenak ez du gero bestelako titulurik atera beharrik. Nik, momentuz, nahiago izan dut ikasketak kantura bideratzea, bestelako ikasgairik hartu gabe. Teknika ondo ikastea urte askotako lana da eta horretan nabil. Hala ere, ikaste prozesua ez dut uste inoiz amaitzen denik.
Ikastorduen antolaketan, kantuari ezin dizkiogu egunean bi ordu baino askoz gehiago eskaini, ahotsa delako gure tresna. Bestelako musika tresnetan espezializatzen direnek egunean ordu gehiago sartzen dituzte. Bestalde, ahotsarekin kontu handia izan beharra dugu. Esaterako, altuegi hitz egitea, haize egokitua dagoen tokietan egotea, tabakoaren kea arnastea…, kontuz ibili beharra dago.
Ikasketez gain, Iruñeako kamera abesbatza batean ere abesten dut. Abesbatza semiprofesionala da eta, Leonen izan naiz orain gutxi haiekin abesten. San Ferminetan Kepa Junkeraren ikuskizun batean arituko naiz abesbatzaren bidez.

Kantu ikasketak amaituta, nora bideratuko duzu zure etorkizuna?
Karrera bukatutakoan Europa aldera joaten da jendea ikasketekin jarraitzera. Niri Alemaniara joatea gustatuko litzaidake. Lanerako aukera zabalagoa dago han. Hemen, antzokietan abestea lortzen dutenak oso maila onekoak izaten dira. Ia elitean dabiltzanei bakarrik gordetzen zaie aukera hori. Alemanian berriz, aukera gehiago dago hasi-berrientzat. Europa aldean asko zaintzen dute musika. Derrigorrezko hezkuntza sisteman ondo errotuta dago. Ukranian, esaterako, oso ondo abesten dakite denek, eta ohikoa da musika tresna bat edo bi jotzen jakitea.
Momentuz, hala ere, ahalik eta gehien ikastea da nire helburu nagusia. Modu profesionalean Iruñeako abesbatzan aritzeko aukera eskaini didate, baina ezinezkoa da ikasketekin bateratzea. Etorkizunerako ez dut aukera hori baztertzen, nahiz eta nahiago dudan bakarka aritu.

Zure errepertorioan, zein dira egile ohikoenak?
Denboraren poderioz asko aldatuz joan naiz. Hasieran mezzosopranoa nintzen eta orain, soprano liriko-ligera moduan sailkatu naute. Ahotsean lortzen dituzun zenbait ezaugarriren araberakoa da sailkapen hori eta errepertorioa ere ezberdina da. Mozarten opera ezberdinetako paperak egin ditut: Zerlina, Despina, Susana, Guridiren Mirentxu, Sorozabalen Katiuska, Garcia Leozen abestiak ere baditut errepertorioan, Bellini, Donizzeti, Mahler, Puggini, Strauss, Schubert…, musikari askoren piezak abesten ditut. Mozarten obrak dira abesteko errazenetakoak.

Nolako erantzuna izaten dute kantu emanaldiek?
Orokorrean jende asko hurbiltzen da saioetara. Beharbada, gazte gehiago erakartzeko, beherapen handixeagoak egin beharko litzaizkieke sarreren prezioan. Gazteen artean nahiko zabalduta dago kantua aspergarria den ustea eta ez dira sekula hurbiltzen. Froga egingo balute, bati baino gehiagori gustatu egingo litzaiokeela uste dut, eta horretarako, baliagarria izango litzateke sarreren salneurrian abantailaren bat ematea.

Amasa-Villabonako Eresargi abesbatzan aritu zinen gaztetxotan. Zer nolako oroitzapenak dituzu?
Oso urte onak izan ziren. Zorte handia izan nuen gainera, Tolosako abesbatza lehiaketara bi aldiz joateko aukera izan nuen. Abesbatzako gazteena nintzen lehendabiziko aldiz joan ginenean eta zaharrenetakoa bigarren aldian. Euskal Herri osoan kanturako zaletasun handia dago eta alde horretatik, Eresargik lan handia egin du Villabonan. Asier Vitoria asko saiatu zen eta herritarren bultzada ere izan zuen.

Kantaldiak eskaini izan dituzu Villabonan eta Zizurkilen. Zer moduz?
Oso gustura aritu nintzen. Nahiz eta akats batzuk egin nituen, gustura geratu nintzen egindakoarekin. Oso eskertuta nago nirekin gogoratzen direlako. Behar-Zana pilotalekuaren irekiera ekitaldian kantuan arituko naiz eta Oinkari dantza taldearekin ere aritu izan naiz kantuan. Herrian aritzea oso pozgarria da niretzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!