Palestinan, bideo kamerarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:39

Bideo kamera soinean hartu eta palestinarrek egunero jasan ohi dituzten giza eskubideen urraketak grabatzera joan berri da Aitor Alustiza, Gonzalo Ferreirorekin batera.

Zer ikusi duzue bi astetan Palestinan?
Palestinarren sufrimenduari buruzko ikastaro trinkoa bizitu dugu. Ezin da sinetsi. Lurralde okupatuetan dena konfiskatzen diete palestinarrei: lurrak, ura, etxeak, olibondoak…  Esate baterako, indarrez eraikitako kokagune batean 500 judutarrek ura, piszina..., eta edozein pribilegio eduki dezaten, beste 25.000 palestinarrak miseriara kondenatuta daude.
Inpunitate osoko sistema baztertzailea dago eraikia han. Hebrongo alde zaharrean lurrean dagoen marra bat, adibidez, judutarrak eta bestetik palestinarrak banatzeko egina dago. Varsoviako ghettoetan bezala, historia errepikatzen da.

Ezertan lagungarri gerta zitekeen zuen presentzia han?
Gure lanak gatazka ez du konponduko noski, baina gu han lekuko gisa joanda palestinar batzuen bizimodua pittin bat samurtu daiteke. Gero etxera etorrita zabaltzen baditugu grabatutako irudiak, hainbat hobe, horrek ere bultzadatxoa eman diezaiokeelako Palestinaren kausari.  

Israelgo ejertzitoarekin arazorik izan al duzue?
Haurdun dagoen emakumea hiltzen uzteko ere gai diren kontrol horietan ibili gara grabatzen, eta jakina, errealitate hori munduratzea ez zaie gustatzen judutarrei. Modu askotara presionatu nahi izan gaituzte, mehatxatu, fusila kaskezurrean jarri... Behingoz Espainiako pasaportea edukitzea baliagarri gertatu zaigu, eta asko jota, bi aukera dauzkate gu bezalakoekin: atxilotu eta bost egunera aske utzi fidantzapean, edo hegazkin batean sartu eta kanporatu.

Baina arriskuren bat bizituko zenuten, ala?
Kanpotarrak han hipokrisia, norberekeria edo dena delakoa praktikatzen dugu pixka bat. Han zaudela palestinarren gabeziak biziko dituzu, ejertzitoaren hamar mila kontrol pasako dituzu..., baina azkenean badakizu etxera itzuliko zarela. Tentsioan ibili gara hamabost egunez, baina guk bilatuta. Hilko zaituztela pentsatzen egon beharrean txipa aldatu behar duzu han, bestela erotu egin zaitezke. Bizi arrisku benetakoa, haiena da.

Nola ikusten dituzu palestinarrak?
Oso ezberdinak dira gure aldean. Pentsakeran, bizitzaren eta heriotzaren aurreko jarreran... Mendebaldean sartu diguten ideia erlijio musulmandarrari esker heriotza eramangarriagoa egiten zaiela da, baina egiatan, haiek guk bezainbat maite dute bizitza. Arabiarren zenbait balore hona ekarriko bagenitu, hobekiago biziko ginateke. Gu laguntza puntual bat ematera joaten garen arren, haiek gizaki bezala ematen dizuten guztiarekin aberastuta itzultzen zara. Gainera, zeure burua ezagutzeko ere ondo datorkizu halako muturreko egoera bat bizitzea.  

Egitasmo bat besapean irten zineten Andoaindik, ezta?
Lehen ere izanak ginen, baina oraingoan Hebrongo haurren aldeko egitasmo zehatz batek eraman gintuen, irakasle garen aldetik. Egin kontu Hebronek 100.000 biztanle dituela eta 5.000 bakarrik direla judutarrak. Horiek alde zaharrean bizi dira, palestinarren etxe ugari okupatu eta gero. Eurekin bizi diren musulmanei etengabeko presioa ezartzen die handik aldegin dezaten.
Egoera horretan, kanpotarren patruilak antolatzen dira haur palestinarrei etxetik eskolarako bidean laguntzeko, eta jasaten dituzten zailtasunak (judutarrek harrika hartzen dituzte, txisa egiten die balkoietatik, soldaduen erasoa jasaten dute...) bideoz grabatu ditugu.
Kontua da hara joan ginenerako hanka eginda zeudela antolatzaileak, bizi arriskua zela medio. Zeregin hori azken egunetan baizik ezin izan genuen egin; bitartean, beste hamaika istoriotan murgildu behar izan genuen.

Nola ikusi dituzu haur palestinarrak?
12 urteko haurra hemengo 40 urteko pertsona baten heldutasunaren jabe da derrigorrez.  Hemen lagunak betiko egiten ditugu, non eta bakarren bat istripuz-edo ez den hiltzen; han kontziente dira lagunak berehala gal ditzaketela, eta horren araberako harramenak dauzkate elkarren artean.
Haurren ehiza ematen da Palestinako zenbait lurretan. Israelgo ejertzitoak frankotiratzaileak teilatuetan jartzen ditu, haurrei hanketara tiro egiteko. Elbarri-edo uzten dituzte eta gainera atxilotu egiten dituzte ospitalera joan orduko. Gugandik 20 metrora zegoen 16 urteko gaztetxo bat nola tirokatzen zuten lekuko izan ginen.

Esan daiteke palestinarrak ohitu egin direla Palestina okupatu batean bizitzera?
Ohitu egin dira, nahiz eta egunez egun eskubideak murrizten ari zaizkien. Iraganean Palestina askea eskatzen zuten, orain Israelgo estatua onartzen dute, bien arteko estatua ere onartzen dute... Eskakizunak murrizten joan dira, baina Israelek ez du nahi bakea. Palestinar askok diote zaila dela Palestina askea aldarrikatzea, bihar biziko diren ez dakiten egoera batean. Amek halaxe diote: “hamar seme-alaba txiki ditut orain, eta gaitzerdi horietatik batzuk 18 urte betetzera iristen badira”.
   
Nazioarteko komunitatetik etor liteke irtenbidea?
Ez, zoritxarrez. Obama aipatzen da, baina kongresua ez du menperatzen; gainera, AEBetako lobby judutarrak armagintza, ekonomia eta dena kontrolatzen du. Europak, berriz, beldur dio EABri, eta hipokrisia du nagusi giza eskubideen diskurtsoa darabilenean. Nola ulertu bestela, Afganistanen sartzea eta Gazan ez?

Zer deritzozu Israelgo edozein kultur adierazpenei boikota egitearen kanpainaren inguruan?
Hegoafrikako kasua daukagu, boikotaren eraginkortasunaz jabetzeko. Israelek sekulako dirutza darabil, estatu demokratikoa dela munduan zabaltzeko; kirola, kultura..., dena zaio baliagarri. Adibidez, Noa kantariaren kontzertura doanak jakin beharko luke zein den errealitatea eta zer zilegiztatzen den horrela. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!