Gozatzeko soinu berria Sorabillan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:34

Organo berria dauka Sorabilla auzoko San Martin elizak. Martxoan jarri zuten eta harrezkero soinu berriarekin gozatzeko aukera dago astebururo.

Bartzelonako denda batean modu onean erosi eta martxoaren 18an igo zuten korura, polearen sistemaz eta auzoko bizilagunen sasoiaz baliatuz. 200 kiloko musika tresna zamatsua baita, izan ere.
Hurrengo egunean, San Jose egunez estreinatu zuten ofizialki organo berri hori. Meza hartara azaldu ziren ohiko elizkoiei ez zitzaien organoa jarri izanaren berri eman, baina soinua entzun ahala, agudo ohartu ziren soinuaren aldaketaz. Onerako, alegia. Gozatu ederra hartu zuten orduan euren belarriek, eta hartzen jarraitzen dute harrezkero astebururo.
Larunbatetan edo igandetan ohiko mezetara agertzen diren katoliko ez ugariez gain, izan da ondorengo asteetan ezusteko pozgarria hartu duenik. Hileta, jaunartze edo ezkontzetara aldian-aldian hurbiltzen joan den jendearentzat, alegia. Maiatzaren azken igandeko jaunartzea (11 haur gaztelerazko mezan, 3 euskarazkoan) izan da jende andana biltzea lortu duen azken ospakizuna.    

Alde handia zaharraren ondoan
Lontxo Oiartzabal da ahal duen guztietan Sorabillako elizara hurbiltzen den organo jotzailea. Pozik agertu zen organoa elizan bertan estreinatu zuen egunean. Bere ezaugarriak azaldu zituen orduan: “Viscaunt markakoa da. Hiru teklatu ditu; bakoitza bere aldetik jo daiteke edo batera. Egia esan, 40 erregistro ditu, eta horrez gain, konbinazio mordoa egiteko ahalbideak ematen ditu. Ezin da alderatu, inondik ere, aurreko armonium zaharrarekin”. Entzule onak dira mezetara agertzen diren elizkoiak Oiartzabalen ustetan, “gogoz eskertzen dute organo jotzailea mezetan. Kexatu egiten dira agertu ezean. Tristea dela organorik gabeko meza, adierazten didate”.  
Sorabillako eliz komunitatea osatzen duten pertsonen artean, Manuel Oiartzabal Sorabillako erretorea da organo berria dela-eta bereziki alai sumatzen den bigarren pertsona; izan ere “federa musikarekin erakartzen da lehenbiziko”.
Lehendik zegoen organoari erretiroa eman zaio, honenbestez. Armonium zahar bat zen. Alexander Armonium markakoa da, Azelain jauregiko Larreta familiak XIX. mendean dohaintzan emandakoa. Agustin Olasagasti izan zen berrogei bat urtez jo zuena. Orain lau urte hil zen, eta orduz geroztik Lontxo Oiartzabal hasi zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!