Iritziak jasotzea, ezinbestekoa
Herriko norbanako, talde eta elkarte ugarik hartuko du parte Gaztelekua sortzeko bidean. Beatriz nahiz Hodeientzat ezinbestekoa da zerbitzu berria bideratzeko iritzi ezberdinak jasotzea, “baliabide berria denez, komunitate osoa hartu behar da kontuan eta proiekzio hori eman nahi zaio Gaztelekuari; ez izatea leku itxia, komunitatean txertatuta dagoena baizik. Nerabe eta gazteen iritziari lehentasuna emango bazaio ere, beste talde edo eragileen iritzia ere kontuan hartuko da”, azaldu du Beatrizek. Hodeik ere herritarren iritzia jakitea oso garrantzitsua dela uste du, “Zerbitzu berria eskaini egingo denez, komunitate guztiak izan behar du baliabide horren parte. Hobe da, beraz, nolako baliabidea nahiko genukeen hasieratik guztion artean erabakitzea”.
Talde ugariren parte hartzea
Gazte teknikariaren eta dinamizatzailearen artean ardurak banatu dituzte eta ondorioz, Beatrizen esku dago zinegotzien, Udal teknikarien eta inguruko herrietako teknikarien arteko batzordeak bideratzea. Gainerako bost taldeak Hodeik gidatuko ditu eta adierazi dutenez, taldeak osatzerakoan, heterogeneotasuna bultzatzea izan da irizpide nagusia:
- Herriko baliabideak: Fleming, Erniobea eta Jesusen Bihotza ikastetxeetako zuzendari eta aholkulariak nahiz liburutegi, kiroldegi, musika eskola eta kale heziketako arduradunak biltzen dira. “Dagoeneko bi saio egin ditugu eta helburua ekainean beste bi saio egitea da”.
- Gurasoen lan taldea: Talde honen helburua, bileretan gurasoak biltzea da. LH6 eta DBH osoan zabaldutako oharren bidez egin diete deialdia. “Ez da eskatzen guraso elkartetik edo talderen batetik etortzea, guraso izatea soilik. Ekainaren 2an hasi genituen gurasoekin bilerak eta asmoa, ekaineko astearte guztietan haiekin biltzea da”.
- Gazte elkarteak: Herrian talde asko dagoenez, gazteez osatutako taldeengana edo gazteentzako ekimenak bideratzen dituztenengana jotzea erabaki dute: Onddo gazte asanblada, Malkar aisiadi taldea, Oinkari dantza taldea, Eskola Kirola, futbol taldea, Amasako gazteak, pilota eskola, Aizkardi… “Lehen bilera eta gero, beste hiru bilera egingo ditugu ekainaren 12 eta 26an eta uztailaren 10ean”
- 15-17 urteko gazteak eta 12-14 urteko nerabeak: Azken bi taldeei ikastetxeen bidez egin zaie parte hartzeko deia. “Gaztelekuan bertan, maiatzaren 19an hasi ginen gazteekin biltzen. Oraindik obrak hasi ez badira ere, gazteak lekuarekin identifikatzen hasteko, garrantzitsua iruditzen zaigu bertan elkartzea”. 12-14 urteko nerabeekin ekaineko larunbat guztietan eta uztaileko lehen bietan bilduko dira. 15-17 urtekoekin, berriz, ekainaren 19an eta uztailaren 3 eta 17an.
Parte hartzeko deia
Talde eragilea ere osatu da eta talde hori da prozesuaren jarraipena egiteaz arduratzen dena. Talde eragilearen baitan, modu iraunkorrean, Hodei eta Beatriz elkarrizketatuak, Udal zinegotzia eta euskara teknikariak hartzen dute parte. Astero-astero planifikazioa errepasatu eta antolatutako saioen jarraipena egiten dute.
Elkarrizketatuek bileretan parte hartzeko deia luzatu diete adin guztietako herritarrei, “ez da beharrezkoa bilera guztietara etortzea; lasaitasunez eta inolako konpromisorik gabe, nahi edo ahal duenetara etor daiteke bakoitza”.