II Dantza astea, Oinkariren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:30

Oinkari dantza taldeak II. Dantza astea antolatu du ekainaren 7tik 13ra.

Eneko Arteaga Oinkari dantza taldeko arduradunak, proposamen interesgarria dakartela adierazi du. “Iazko ildoari eutsiz, ikastaroa, hitzaldia eta erakusketa antolatu ditugu eta eskaintza berrien artean, dantza eta musika emanaldia”. Ibarrako Alurr taldearen eskaintza oso erakargarria dela uste du Arteagak, “gure aldean, estilo ezberdina lantzen dute, dantza garaikidea tartekatuz. Oso emanaldi ederra eskainiko dute”. Korrontzi taldearena ere emanaldi berezia izango da Oinkarikoentzat. “Duela denbora gutxi ezagutu dugu folk taldea eta oso onak direla uste dugu, freskura handia dute. Azken urteetan herrian joko duen talderik onena izango da. Entseguetan asko erabiltzen dugu eta Olaederrako zuzeneko emanaldian bost dantza eskainiko ditugu eurekin batera”.

Ekainak 9, asteartea
Buruko paineluak jartzeko moduak ikastaroa, Ramon Garcia-ren eskutik. Gurea antzokiko erakusgelan, 20:00etan. Doan.

Ekainak 11, osteguna
Zergatik egiten duzu dantza tradizionala? hitzaldia, Oier Araolaza-ren eskutik. Gurea antzokian, 20:00etan. Doan

Ekainak 12, ostirala
Ibarrako Alurr dantza taldearen Sua ikuskizuna. Gurea antzokian, 22:30etan.

Ekainak 13, larunbata
Korrontzi folk taldearen musika emanaldia. Gonbidatu berezia: Oinkari dantza taldea. Olaederra kiroldegian, 22:30etan.

Ekainaren 7tik 13ra
XVI. mendeko jantzien erakusketa. Gureako erakusgelan, 11:00-13:00 eta 17:00-20:00. Doan

Oharra: Alurr eta Korrontzi taldeen emanaldietarako sarrerak eskuratzeko aukera ezberdinak daude:
>    Alurr soilik: 6 € (ekainaren 10, 11 eta 12an herriko okindegietan).
>    Korrontzi soilik: 6 € (ekainaren 10, 11, 12 eta 13an herriko okindegietan).
>    Alurr+Korrontzi bonoa: 10 € (ekainaren 9 arte herriko okindegietan).

Aurresku eta Soinu Zahar txapelketak
Maiatzean, Errenterian eta Legazpin izan ziren Aurresku eta Soinu Zahar txapelketako finaletan emaitza ezin hobeak eskuratu zituzten Oinkariko dantzari gazteek. Mutilen artean, bigarren postuan geratu zen Asier Iriarte villabonatarra eta bosgarrenean Beñat Monfort amasarra. Nesken artean, berriz, Lierni Kamio villabonatarrak lehen postua eskuratu zuen eta hamabigarrena Ane Urruzolak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!