Esker mila, El Salvadorretik Aiztondo bailarara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:23

Maiatzaren 30ean, Beterri-Aiztondo bailara (Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Amasa-Villabona) eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen arteko lehen Senidetze eguna izan zen Zizurkilen.

1994 urtean Zizurkil El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetu eta gero, azken urte hauetan, Asteasu, Aduna eta Amasa-Villabonak ere bide berari eutsi diote. Maiatzeko azken larunbatean, elkartasunari lotzeko, lehen Senidetze eguna antolatu zuten harreman horri hasiera-hasieratik eutsi dion Zizurkilen. Aduna, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udal ordezkariekin batera, bertan izan ziren Segundo Montes komunitateko bi kide ere: Meangüera herriko alkatea eta hezkuntzako ordezkari bat. Gonbidatuek esker oneko hitzak izan zituzten gerra ondorenean euren lurraldean eraikitako azpiegituren zatirik handiena elkartasunaren bidez eraiki ahal izan zelako. “Meangüera herriaren izenean eskerrak ematera etorri gara. Oso pozik gaude, etxean bezala sentitzen gara. Mila esker denagatik”. Udaleko ordezkariek ere hitza hartu zuten eta aurrerantzean ere, bizitzaren borrokan haiekin batera lan egiteko gogoa erakutsi zuten. Zizurkilgo alkate Mari Anjeles Lazkanok oroigarria eman zion Meangüerako alkateari eta lekukoa pasa zion Adunako Udaleko ordezkariari, Adunaren txanda izango baita hurrengo urteko jaia antolatzea.

Mercedes Ventura gogoan
80ko hamarkadan, El Salvadorrera gerra iritsi zenean, Hondurasko oihanean erbestean bizitu ziren salvadortar asko eta asko. Berriz ere euren lurrera itzultzean, indartu beharreko sail garrantzitsuena hezkuntza zela iritzita, lanean gogor hasi zenetako bat Mercedes Ventura izan zen, iaz auto istripuz zendu zena. 1994 urtean Mikel Arrastoa alkate zela, Ertamerikako lurraldearekin harremanetan hasi zirenean, Mercedes izan zen zutabeetako bat eta Senidetze egunaren baitan, aipamen berezia egin zitzaion Segundo Montes komunitatean hezkuntza sistema martxan jarri zuen emakumeari. Mikel Arrastoak, Mario Benedetti idazle zendu berriaren olerki sentikor bat eskaini zion.

Parte hartze zabala
Loatzo musika eskolako trikitilariek, Zizurkilgo dantzari gazteek nahiz Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Kantu Jira ekimeneko kantariek hartu zuten parte eguerdiko ekitaldian. Zizurkil Goiko Jokin Arregik, urtetan Venezuelan errefuxiatuta bizitu zenak hiru bertso hunkigarri abestu zituen. Herriko bolondres talde batek El Salvadorreko komunitatera bideratzeko dirua lortzeko taloak eta pintxoak egin eta saldu zituen.
Arratsaldean, eskualdeko ikastetxeetako gazteen arteko herri kirol jolasak egin ziren eta gauean, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariekin bertso afaria izan zen Atxulondo jatetxean. Afariko txartela erostean, El Salvadorrera zuzendutako laguntza eskaini zen.

Mauricio Geovani Diez, La Meanguerako alkatea eta Ana Delia Romero, Segundo Montes komunitateko irakasle:
Maiatzaren 28an iritsi ziren El Salvadorreko Segundo Montes Komunitatetik Mauricio Geovani Diez eta Ana Delia Romero. Lehen Senidetze egunean parte hartu eta jasotako laguntza eskertzea izan da euren helburu nagusia.
Segundo Montes komunitea El Salvadorreko La Meangüera herrian kokatuta dago. Mauricio Geovani bertako alkatea da eta Ana Delia berriz, irakasle lanetan aritzen da. Bi aste igaroko dituzte eskualdean: “Euskal Herritik jasotzen dugun laguntza eskertzea da gure helburu nagusia. Segundo Montes komunitatea sortu zenetik hainbat egitasmo garatzeko aukera izan dugu hemendik bideratutako lankidetzari esker”, azaldu du Mauriciok. “Mikel Arrastoak bideratu zuen Zizurkil eta Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea. Herriko alkatea zen garaian komunitatea bisitatu eta gure egoera ezagutzeko aukera izan zuen. El Salvadorren piztutako gerratearen ondoren, biztanle asko Hondurasera joan zen. 1980 hamarkadaren amaieran pixkanaka itzultzen hasi ginen, soinean jantzitakoa eta lanerako gogoa besterik ez genuela. Garai horretan etorri zen Mikel gure komunitatera eta hasieratik, elkarlanerako borondatea erakutsi zuen”.

Aiztondoko lau herri, senidetuta
Zizurkil izan zen Segundo Montes komunitatearekin anaieratu zen lehendabiziko herria, baina geroztik, Aduna, Asteasu eta Amasa-Villabonak ere ekimenarekin bat egin dute. “Egitasmo ugari atera da aurrera elkarlanari esker. Lehendabiziko urteetan etxebizitzak eraikitzea izan zen lehentasun nagusia. Elektrizitate zerbitzua garatu genuen eta gaur egun, edateko ura kanalizatzeko lanak egiten ari gara”, azaldu du Mauriciok.
Zizurkilen ospatutako Lehen Senidetze eguna izan da Mauricio eta Ana Deliaren bisitaren arrazoietako bat: “Oso gustura hartu genuen senidetze egunaren ideia. Eskerrik asko esatera etorri gara. Erakundeen bidez iristen zaigu laguntza, baina azken finean, herritarren zergetatik bildutako dirua da, beraz, mila esker guztiei”.
Mercedes Ventura zena omentzeko ere baliatu zuten Senidetze eguna: “Mercedesek lan handia egin zuen Segundo Montes komunitatearen garapenean. Berak sortu eta garatu zuen heziketa sistema. Gaur egun, 2000 haur inguru hartzen ditu berak sortutako eskola sareak. Mercedes auto istripuz hil zen joan zen urtean. Senidetze eguneko omenaldian, komunitateko ordezkari gisa izan nintzen eta bide batez, urteotan jasotako laguntza eskertu nuen”.

Artoa eta frijolea
Euskal Herrira hurbiltzen den lehen aldia da Ana Delia irakaslea: “Egun gutxi daramat Euskal Herrian eta harrituta nago. Oso bizimodu ezberdina duzue hemen. Han txirotasuna kalean ikusten da, hemen ez dut horrelakorik ikusi”. Mauriciok lehen ere egina zuen beste bisita bat Euskal Herrira: “Hemen bizi kalitate maila altua duzue. Segundo Montesen artoa eta frijolea ereitetik bizi da jende gehiena, baina bizi-iraupenerako uzta bakarrik lortzen dute. Hala ere, nik bereziki nabarmenduko nukeena, euskaldunen jatortasuna da”.
Bi aste pasako dituzte Euskal Herrian: “Laguntza eskaini diguten instituzioei bisita egin nahi diegu, bai Udalei, baita Elkarlaguntzarako Euskal Fondoari ere. Horrez gain, ikastetxeen arteko senidetzeren bat ere lotzen saiatuko gara”, azaldu du Mauriciok.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!