Joxe Angel Sarasola, herri kirolen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:18

Herri kirol saioei ahotsa jartzen die Joxe Angel Sarasola asteasuarrak. Plazaz plaza, mikrofonoa hartu eta esatari lanetan ibiltzen da. Bere ibilbidearen berri eman du Joxe Angelek.

Nola murgildu zinen herri kirolen munduan?
Harri-jasotzen eman nituen lehen pausoak. Nahiko berandu hasi nintzen, 24 urte nituela. 125 kiloko harria jaso edo ez, erronka jarri nion nire buruari, uste baino errazago altxa eta herriko plazan 150 kilokoa altxatzera animatu nintzen. Horrela hasi, eta hamar urtez aritu nintzen harri-jasotzen. Iñaki Gorostidirekin egiten nituen entrenamendu saioak eta oso gustura ibili nintzen. Ez nion nire buruari erronka handiegirik jarri nahi izan. Ez zen nire asmoa lehen mailako harri-jasotzailea izatea eta nire asmoa hori izan balitz ere, ez dakit ahal izango nuen. Harrijasotzeak bidaiatzeko aukera eman zidan eta gozatu egin nuen, horrekin nahikoa da.

Nolako ibilbidea egin zenuen harria jasotzen?
Zenbait txapelketatan parte hartu nuen, 200 kiloko harri kubikoa behin baino gehiagotan jaso nuen eta erakustaldi asko eskaini nuen. Beharbada, Amezketako Albizuri Handia harria jasotzea izan zen nire lorpenik handienetarikoa. Hiru jasoaldi eman nizkion harritzarrari eta oroimen politena utzi zidan saioa izan zela esango nuke. Igeldo harria, Errezil harria…, txapelketa horietan ere parte hartu nuen eta Errezilgoa irabaztea ere egokitu zitzaidan.

Nolatan iritsi zinen esatari lanak egitera?
Harria jasotzen nenbilenean, ez zen esataririk izaten herri kirol saioetan. Ikusleek oso informazio gutxi jasotzen zuten kirolariek egin beharreko lanaren inguruan. Pertsona bati baino gehiagori aipatu nion esatarien beharra ikusten nuela. Jendea mikrofonoa hartzera animatu nahi nuen. Azkenik, 2000 urtean harria utzi nuenean, neronek hartu nuen esatari lana. Geroztik, herri kirol saioak animatzen saiatzen naiz.

Euskal Herritik kanpora ere ibili izan zara herri kirol erakustaldiak egiten. Nolako harrera izaten dute hemendik kanpora?
Kataluniara, Madrilera, Huelvara, Parisera, Marsellara, Irlandara, Australiara..., toki askotara joan naiz herri kirol saioak eskaintzera. Oso bizipen politak eman dizkit. Kanpoko herrietan zabiltzanean, jendeak harrituta begiratzen du, txundituta. Saioa amaituta, jende asko hurbiltzen da, harriekin froga egitera, harritzar horiek altxatzeko trikimailuren bat erabiltzen ote dugun galdezka.
Australiako bidaia oso berezia izan zen niretzat. Oso modu berezian zaintzen dute bertako aizkolaritza. Sidney hiriburuan, aizkolaritzarako kiroldegi berezia dute eta ehunka aizkolari biltzen da bertan. Gu ere oso ondo zaindu gintuzten. Bidaia hartako egunik bereziena, arrantxo batean pasa genuena izan zen. Bertako amona Euskal Herritik joandakoa zen eta semeak, herri kirol erakustaldia oparitu zion. Euskaraz hitz egiten genuela konturatu zenean ezin izan zion negarrari eutsi eta azkenean, guztiok hunkitu ginen. Aiarra zen jatorriz, eta denbora asko pasa genuen Asteasu eta Aia inguruko kontuez hizketan. Oso oroitzapen polita daukat bidaia hartaz.  

Plazarik plaza, mikrofonoa hartuta ibiltzen zara. Nolakoa da esatarien lana?
Lan polita da. Kirolarien inguruko informazioa ematen dut: nortzuk arituko diren, zein ibilbide izan duten, zenbat txapela lortu duten, zein lan egingo duten… Gustuko dudanez, erraz egiten dudan lana da. Gainera, Txolarre irratian astero egiten dudan herri kirolen inguruko saioak informazioa biltzera behartzen nau eta informazio hori esatari lanetarako erabiltzen dut gero. Euskara hutsean egiten ditut saio gehienak, baina zenbait herrietan erdarazko azalpen batzuk ere ematen ditut. Ikustera hurbiltzen diren guztiek zer ikusiko duten jakin dezaten gustatzen zait.
Orain, motokrosaren munduan ere esatari lanak egiten ditut. Illunben egiten den motokros saioan euskarazko esatari bat behar zutela esan zidaten eta motorrak asko gustatzen zaizkidanez, animatu egin nintzen.

Herri kirol saioak antolatzen ere aritzen zara…
Lehen gehixeago aritzen nintzen lan horretan, baina zenbait herritako saioak antolatzen jarraitzen dut oraindik ere; Tolosan, Goiatzen edota Asteasun, esaterako. Aizkolari eta harri-jasotzaileez gain, Tolosaldeko herrietara iparraldeko jokoak ekartzen saiatu izan naiz beti. Aberasgarria iruditzen zait joko eta kirol ezberdinak ezagutzea.
Erakustaldiak antolatzeko garaian, kontuan izan behar da lehia pixka bat beharrezkoa dela, hori baita herri kirolen funtsa. Ez da beti erraza izaten, baina kirolarien arteko oreka bilatu behar da lehia bizirik mantentzeko.

Nola ikusten duzu herri kirolen egoera eskualdean?
Tolosaldea inguruan indar handia du oraindik ere. Jendeak zaletasun berezia du herri kirolekiko eta saio gehienetan ikusle asko biltzen da oraindik ere. Kirolari aldetik ere, gazte asko sortzen ari da: Otaño, Otaegi, Mujika, Alkizalete anaiak… eta hori oso garrantzitsua da. Eskualde honetan dagoen zaletasun horrek ondo zaintzea merezi duela uste dut.

Herri kirolen etorkizunari buruz zer diozu?
Herri kirolak laguntza behar duela iruditzen zait. Horretan, oso garrantzitsua da Udalek saioak antolatzen jarraitzea, kirolarientzat diru laguntza polita ekartzen dutelako.
Bestalde, herri kirolen inguruko pentsakera aldatuz doa. Garai batean, herri kirolean aritzen zirenek baldar fama izaten zuten baina, gaur egun, ikusten da hori ez dela egia; hirurogei urte inguruko kirolariak maila onean ari dira oraindik ere, eta horrek argi uzten du herri kirolek ez dutela osasunarentzat txarrak izan beharrik. Herri kiroletan txikitandik hastearen aldekoa naiz ni, gorputza zenbat eta lehenago egokitu, orduan eta errazagoa egiten da dena. Aimar Irigoien hasi zen garaian zeresan handia eman zuen, gazteegia zela eta ez zela, baina orain ikusten da nolako emaitzak lortzen ari den.
Kirolari gazteak sortzen ari diren heinean, gainera, ikusleen artean ere geroz eta gazte gehiago ikusten da. Olasagasti eta Mindegiaren arteko apustu entzutetsu hartara, esaterako, gazte asko gerturatu zen. Kirolari beteranoak izanda ere, txapel beltz gutxi ikusten zen ikusleen artean eta guretzat pozgarria da hori.

Zer egin behar da kirolari gazteak animatzeko?
Xiba bezalako txapelketak oso baliagarriak dira horretarako. Xibarako edota herriko festetarako saio bat prestatu, gustatu, eta jarraitzea erabaki dutenak bat baino gehiago dira; Marijo Sardon edo Joseba Otaegi bera, esaterako. Gazteak erakartzeko modu ona dela iruditzen zait.

Herri kirolak apustuarekin lotuta ezagutu ditugu beti… Gaur egun ere indarrean al dago apusturako zaletasuna?
Apustua herri kirolen oinarria dela esango nuke. Baserriko lanei lotuta daude herri kirolak, baina ez lirateke kirol izango, norbaitek noizbait apustu egin izan ez balu. Baserritarren arteko erronka horiek izan ziren herri kirolen oinarri nagusia. Orain ere, beste giro bat sortzen da apustuen inguruan. Txapelketak ikustera ere jende asko gerturatzen da, baina apustuek bestelako ikusmina sortzen dute. Bolada batean nahiko baztertuta egon zen apusturako joera, baina gaurko gazteek ez diote beldurrik eta azken urteetan gorakada handia izan dute.

Kirolariren bat ba al duzu bereziki gustuko?
Gaur egungoen artean Aimar Irigoien nabarmenduko nuke, zalantzarik gabe. Goenatxo, Zelai…, tamaina horretako harri-jasotzaileak ikusita, ez nuen uste besterik sortuko zenik, baina Aimarrek ematen duen maila izugarria da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!