Murgilazpi pilotalekua konpondu dute

Pilotalekua konpontzeko lanak amaitu berri dituzte Larraulen. Estatuak udalerriei emandako dirulaguntza erabili dute berrikuntza lanak egiteko.

Xabier Mujika alkateak eman ditu Murgilazpi pilotalekuan egindako lanen inguruko azalpenak: “1991an egindakoa da pilotalekua eta dagoeneko itogin arazo handiak zituen. Beharrezkoa zen berrikuntzak egitea eta estatuak emandako dirulaguntza horretarako erabiltzea erabaki genuen. 36.800 euro inguru behar izan dira lanak egiteko. Teilen azpian egurrezko oholak ditu eta euriaren ondorioz, ohol horietako batzuk egoera txarrean zeuden dagoeneko. Teila guztiak kendu, gaizki zeuden oholak aldatu, eta berriro ere teilak jarri dituzte. Oholak babesteko tratamendu berezia ere eman diote, etorkizunean horrelako arazorik izan ez dadin. Urte askotarako egoera onean izango dela uste dugu”.
Teilatua konpontzeko erabili dute aurrekontuaren zatirik handiena, baina margoketa lanak ere egin dituzte: “Pilotalekuaren barnealdea txuria zen lehen eta pixka bat aldatzeagatik, berdez margotzea erabaki genuen. Txukun geratu da, itxura gaurkotuagoarekin”.
Aurrerago, berrikuntza gehiago
“Garrantzitsua zen pilotalekuko teilatua ondo konpontzea eta diru asko erabili da lan horiek egiteko. Hasierako plangintzan beste zenbait berrikuntza egitea aurreikusita zegoen, baina dirua ez da denerako iritsi. Esaterako, pilotalekuaren egitura margotzeko asmoa ere bazen, baina hurrengo baterako utzi da”, azaldu du Xabierrek. Horrez gain, pilotalekuaren ondoan komun publikoak egiteko asmoa ere bazuten Larraulgo Udalean, baina egitasmo hori ereetorkizunean egiteko utzi dute.
Bi aste behar izan dituzte pilotalekuko lanak amaitzeko eta bitarte horretan, ez da erabiltzerik izan: “Lanek ez dute asko iraun, baina denbora tarte horretan itxita izan dugu pilotalekua. Jende asko etortzen da Larraulera pilotan jolastera eta aurrerantzean, baldintza hobeak izango dituzte”, alkatearen aburuz.

Haurrentzako parke berria
Antton Amonarriz Kultur Etxearen aurrealdean haurrentzako parke berria jarriko dute datozen hilabeteetan: “Orain jolasak aukeratzen ari gara eta gure nahia, herriko jaietarako parke berria jarrita izatea da. Ez badugu ordurako amaituta ikusten, irailerako jarrita izatea nahiko genuke. Izan ere, eskolako haurrei ere zerbitzua emango die parkeak eta ikasturtea hasterako lanak amaituta izan nahiko genituzke. Gaur egungo parkea berriz, bere horretan geratuko da momentuz”, azaldu du Xabierrek.

Plan Orokorrei lehen onespena
Herriaren etorkizuna zehazten duen Plan Orokorrak Udaleko batzarraren lehen onespena jaso du dagoeneko. Oraindik, hala ere, pauso asko geratzen da behin betiko onarpena eman arte: “Hiru edo lau urteko lana izan da Plan Orokorrari forma ematea eta oraindik ere beste hiru bat urte beharko dira behin betiko onarpena ematen zaion arte. Lehen Plana argitaratu ondoren, azterketa teknikoak egingo dituen enpresa bat kontratatu behar da proiektua landu dezan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!