Euskal Herria ezagutzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:04

Euskal Herriko txoko eta herriak ezagutzeko aukera eskaintzen du Larramendi Kultur Bazkunak Euskal Herrian Barrena ekimenaren bidez. Eli Astiasaran urnietarra da ekimenaren gidaria.

Aisialdia euskaraz garatzeko aukera berri bat eskaini asmoz sortu zen Euskal Herrian Barrena ekiena. “Askotan, kanpoko herrialdeak ikustera joateko joera dugu, eta bertako txokoak ez ditugu ezagutzen. Gure historia, gure herrian izan diren pertsonaiak, paisaiak…, gauza asko daukagu ezagutzeko. Aukera hori eskurago jarri eta euskarazko aisialdi zerbitzua emateko asmoz sortu zen Euskal Herrian Barrena”, azaldu du Eli Astiasaranek.  
Ekimena duela bost urte jarri zen martxan: “Hemezortzi eta hogeita hamar urte arteko gazteei zuzendu zitzaien lehendabiziko edizioetan, bi hilabetez behin txangoak antolatuz. Baina orain, herritar guztiei zabaldu zaie eskaintza. Batetik, 14 eta 17 urte arteko gazteei, ikastetxeen bidezko eskaintza egiten zaie, bestetik, 18tik 30 urte arteko gazteei zuzenduriko txango eskaintza mantendu dugu, eta amaitzeko, beste eskaintza zabalago bat ere sortu dugu, adin guztietako herritarrei zuzendua”.

Zuberoatik Ebrora
“Hemezortzi eta hogeita hamar urte artekoei zuzenduriko hiru txango antolatu dira ikasturte honetarako. Asteburu osoko txangoak izaten dira eta toki bakoitzeko punturik esanguratsuenak bisitatzeko prestatzen ditugu, eta gainera, gazteei zuzenduriko bidaiak izanik, prezio merkea izan dezaten saiatzen gara beti. Urriko azken astebururako, esaterako, Ebro ibaiaren inguruko irteera prestatu dugu: Artaxoa, Berbinzana, Codes, Tutera… Horrez gain, uda garairako Finlandiara joateko bidaia luze bat aurreikusita genuen, baina zaila izango da ateratzea, ez zaigulako nahikoa jende animatu”.
Bost hilabete daramatza Elik Euskal Herrian Barrena ekimenean lanean eta argi du zein den bere lanaren arlorik zailena: “Jendea erakartzea ez da batere erraza. Kanpotik ikusita oso ekimen polita dela esaten du jende guztiak, baina inor gutxi animatzen da izena ematera. Askotan, nahikoa izaten da koadrila batek txango baterako izena ematea datozen txangoetarako jende gehiago animatzen joateko, baina lehen pauso hori ematea ez da erraza”.

Egunekoak eta luzeagoak
Hemezortzi urtez gorako guztiei zuzenduriko eskaintza ere prestatu du Elik: “Batetik, egun bakarreko irteera monografikoak egiten dira. Eskaintza horren barruan esaterako, Valdegobia ingurura joango gara abuztuan eta azaroan, Nafarroa hegoaldera. Bestetik, Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura izan duten beste zenbait herrialdeetara irteera luzeagoak ere prestatu ditugu, zubi luzeak aprobetxatuz egingo direnak. Urriko zubirako, Okzitania ingurura joateko bidaia aurreikusi dugu”.
Buru-belarri prestatzen ditu Elik bidaia guztiak: “Aldez aurretik ahalik eta informazio gehien biltzen saiatzen naiz eta ondoren, nire kabuz joaten naiz bisitatu beharreko ingurura. Euskal Herriaren inguruan asko ikasteko aukera eman dit lan honek”.

Ikastetxeekin elkarlanean
DBHko ikasleei zuzenduriko beste arlo bat ere badu Euskal Herrian Barrena ekimenak: “Ikasgelan lantzen ari diren gaien inguruko irteerak antolatzen ditugu, ikastetxeekin elkarlanean. Hamalau eta hamazazpi urte arteko ikasleei zuzenduriko zerbitzua da. Aukera zabala eskaintzen dugu: Enkarterriak, Santiago bailara eta Ebro ibaia, Behe-Nafarroa, Zuberoa, Araba, Ekainberri…, horrez gain, ikastetxeek egindako proposamen ezberdinei erantzuna emateko aukera ere zabalik dago. Ikasle talde batekin irteera bat egin dugu dagoeneko, Oñatiko monumentuak ezagutzera”, azaldu du Elik.
Jende faltagatik bertan behera geratu da aurten zenbait irteera, baina Elik ez du baztertzen irteera horiek beste momenturen batean egitea: “Salamancara joateko bidaia, esaterako, ez zen aurrera atera baina bazen gogoa adierazi zuen taldetxo bat. Talde hori mantendu eta jende gehixeago erakartzea lortuko bagenu, bidaia berrantolatzeko aukera zabalik dago, gogorik ez da falta”.  
Euskal Herrian Barrena ekimenaren berri zehatzagoa izan, nahiz txangoren baterako izena emateko, txangoak@topagunea.com helbide elektronikora idatzi edo 943 33 14 55 telefono zenbakira deitu behar da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!