Mintzola Fundazioa abian da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 19:02

Maiatzaren 4tik aurrera, Mintzola Fundazioak badu zuzendaria: Errezilen bizi den Josune Zabala donostiarra. Abiatu duen bide berriaren inguruan hitz egin du.

Kontatuko al diguzu martxan jarri duzuen fundazioaren berri?
Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Villabonako Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea, bost patrono horiek osatzen dute fundazioa. Fundazioaren helburua, batetik, euskarazko ahozko generoak zein diren ikertu, horren inguruko azterketak egin eta jendeari jakinaraztea da, eta bestetik, egungo ahozko beharrei erantzuten ahalegintzea. Batzuetan elkar eraginean egongo diren bi alor landuko lituzke. Euskaraz, ahoz transmititu izan dira testurik gehienak; beste hizkuntzekin alderatuta, gure ahozkotasuna idatzizkoa baino askoz ere aberatsagoa da. Orain artean, ordea, beti garrantzia gehiago eman zaio idatzizkoari eta aurrerantzean, ahozkotasunari ere bere pisua aitortu nahi zaio: gehiago jakin nahi dugu gure ahozkoaz eta etorkizunari begira, dauzkagun beharrei nola erantzun ikusi behar dugu.

Ahozkotasunarena, oso gai zabala da…
Gizarteko alor ugari hartzen ditu bere baitan: zabaltasun horretan, besteak beste, ikuspegi antropologikoa, bertsolaritza, antzerkigintza, euskal kantagintza edo kazetaritza aintzakotzat hartzen ditu.

Nondik nora abiatuko zarete?
Abiapuntua, lehenengo eta behin, Joxerra Garziak ahozkotasunaren inguruan eginiko txostena aztertzea izango da. Hortik abiatuta, lehen urte honetan sarea sortzea da helburu nagusia, euskararekin lotuta dauden erakunde, unibertsitate edo eskolekin harremanak sortzea eta etorkizunean izango diren proiektuak zehazterakoan elkarlana bideratzea. Era berean, une honetan ahozkotasunari lotuta gure errealitatea zein den ikusi nahi dugu sare horren bitartez. Sarea sortu, erakundeekin harremanetan jarri eta gure errealitatearen mapa egin nahi dugu, etorkizunean zein bide hartu beharko genukeen erabakitzeko.

Zein izango da zure lana ekimenaren baitan?
Azken batean, erakunde horiekin harremanetan jartzen hastea, Mintzola aurkeztea eta elkarlanerako hitzarmen edo proiektuak bideratzea. Bi bide izango lituzke nire lanak: batetik, gizartearengana zuzentzea eta bestetik, gizarte horren berri jaso eta zer egin dezakegun aztertzea. Lan handia dago egiteke, lan polita.

Euskal Filologia ikasi zenuen eta ahozkotasuna landu duzu batik bat…
Beti izan dut ahozkotasunarekin lotura. Euskal Filologia ikasi eta doktoretzan abiatu nintzen: oso garbi neukan nire gaia ahozkotasuna zela eta horren harira, egin ditudan irakurketa gehienak ahozkotasunari lotutakoak izan dira. Ikerketa Gaitasuna egin nuenean ere, ahozkotasunari begira, gazteen eta helduen debateak aztertu nituen: zein ezaugarri dituzten, zein estrategia erabiltzen dituzten gazteek zein helduek… Aurretik, Eskoriatzako unibertsitatean irakasle ibili naizenean ere, ahozkotasunaren ikertegian aritu naiz: nola irakatsi ahozko hizkuntza eskoletan, nola txertatu kurrikulum-ean… Mundu horretan ibili naiz beti,  ahozkotasunak liluratu egiten nau.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!