Alderdi guztien aurkari politikoa abstentzioa izango da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 3a, 17:29

Europar Batasuneko parlamenturako ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak igandean dira.

AZKEN ORDUKOA
Gabino Agudo Andoaingo EAko zinegotziak Alkarbide alderdi berriarekin bat egin du.

[IGANDEKO HAUTESKUNDEAK, EMAITZAK: WWW.AIURRI.COM]



Politikariak, alderdi guztietakoak, esan eta esan ari dira garrantzia handikoak direla igandeko bozak. Europako parlamentuan Euskal Herrian eragin zuzena duten erabaki asko hartzen direla eta horregatik funtsezkoa dela parte hartzea. Esanak esan, ordea, interes txikia pizten duen deialdia da. Oraindik orain euskal herritarrentzat urruneko instituzioa da Bruselako parlamentua. Are gehiago, hango funtzionamenduaren inguruko ezagutza oso txikia da.
Euskal alderdi politikoentzat, aldiz, gazteentzat selektibitateak duen pareko balioa dauka igandekoak.
Erreferentzia interesgarria bihurtuko da, batzuren ahuleziak eta besteren indarrak agerian utziko dituena. Jeltzaleak, ziurrenik, estatu mailako alderdi nagusien aurrean indar erakustaldia egitearekin amesten dabiltza. Sozialistak eta popularrak nor baino lehiatuko dira... baina Espainiako datu orokorrei begira, batik bat. Bien artean irabazle ateratzen denak ataka batean  jarriko du bestea.
Alderdi txikien artean ere ikusmina oso handia da. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira boto kopuru handia galdu zuten EA eta IU-EB alderdiek. Ikustear dago EAren baitan dagoen krisiak zer nolako eragina duen. Aralarrekin batera aurkeztu dira eta Kataluniako ERCren eskutik Europan ordezkaritza eskuratzeko aukera baliatzen saiatuko dira.
IU-EB alderdiak ere azterketa modukoa dauka igandean.
Ezker abertzaleak, bestalde, II-HE alderdiaren alde egingo du. Boto paperak eskualdera iristen badira, eskualdean duen indarra baieztatzeko aukera erreala egongo da.

AZKEN ORDUKOA. Andoaingo Eusko Alkartasuna alderdiko Gabino Agudo udal hautetsiak Alkarbide egitasmo politiko berriarekin bat egin du. Zinegotzi postuari eutsiko dio, talde mixtora igarota. Gabino Agudorekin batera Alkarbiderekin bat egin dute Andoaingo EAko buruzagi eta bozeramaleek. Besteak beste, Xabier Huitzik, Gregorio Olasagastik edota Joxe Mari Ormazabalek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!