Otsategi baserriko Isidoro Mujika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:15

Isidoro Mujika Treku 1922ko azaroaren 8an jaio zen Oztaran auzoko Otsategi baserrian. Errezilgo Serapio Mujika Zabalaga, “Pio Otsategi” bezala ezagutzen zena eta Larraulgo Larrola baserriko Natividad Treku Tejeriaren hamaika seme alabetatik seigarrena eta bizirik dirauen bakarra da. Memoria eta sasoi bikainaren jabe da, eta osasuna duen arte lanean jarraitzeko prest dago.

Gogoan al duzu komunioa?
Isidoro Mujika: Garai hartan dotrina zaharra genuen, gero Mateo Mujikak egin zuen berria. Biak euskaraz ziren baina zaharrean erdal hitzak ere agertzen ziren. Hiru komunio egin genituen, 1. komunioa 7 urterekin dotrina ikasi gabe, 10 urterekin komunio jenerala dotrina ikasita. Eta 11 urterekin berriro, dotrina hobeto ikasteagatik egiten zen hirugarrena.

Eta eskola?
I.M.: Sei urterekin hasi nintzen eskola publikoan. Sei urtetik 14ra artekoak gela bakarrean izaten ginen, maisu berdinarekin. Eta neskak ere berdin maistrarekin. Izenik gogoratzen ez dudan maisu zaharrak euskaraz bazekien. Katona esaten zitzaiona erabiltzen genuen, ez genuen beste libururik.  Geografia ere paretan zegoen maparekin ikasi genuen. 12 urte arte ibili nintzen.

Ondoren lanera...
I.M.: Bai ondoko Arkaitzaga baserrira etortzen zen negua pasatzera Victorino izeneko Ziordiako artzain bat. Eta 1935. urtean harengana morroi joan nintzen. Harekin erdaraz ikasi nuen. Apirilean abiatzen zen hemendik Urbasara uda pasatzera, bidaia oinez egiten zuen, nik Lazkaoraino lagundu nion urte hartan. Etxera etorri eta hurrengo egunean Larraulera joan nintzen izebaren etxera morroi urtebeterako, orduan morroi joan eta urtebete baino lehen etxera etortzea “bajeza” bat baitzen.

Eta behin etxean?
I.M.: Berehala Aierdi baserrira joan nintzen beste urtebeterako. Han nintzela hasi zen gerra. Hiru anai zaharrenak gerrara joanak ziren eta etxera etorri nintzen lanerako norbaiten beharra zegoelako. Gero 1938. urtean Bidegurutzetara joan nintzen peontzara. Bidegurutzeta 1936ean obus bat botata erre egin zuten eta orduan hasi ziren etxe berria egiten. Han hasi eta hilabetera anaiarekin batera Andoaingo Bazkardo ondoko bonba fabrikan hasi nintzen lanean. Kanoientzako jaurtigaiak egiten genituen. Hiru errelebotan 200 lagun aritzen ginen. Gerra bukatu arte han aritu ginen. Orduan, erdiak kaleratu gintuzten.

Zein izan zen hurrengo lantokia?
I.M.: Tornulari ikasi nahi nuen baina aitak esan zidan: hik okina izan behar duk, horiei ez zaiek lanik faltako. Eta horrela Donostiako San Juan kaleko Antonio Mendizabalen okindegian hasi nintzen. 16 urterekin hasi eta 20 urterekin soldaduskara joan arte han aritu nintzen gauez lanean.

Non egin zenuen soldaduska?
I.M.: Tetuanen 27 hilabete pasa nituen, 1943ean joan eta 45an etorri. Orduan Frantziatik Makiak taldeka muga pasatzen ari zirenez, mobilizatu eta Isaban zegoen pabiloi batera eraman gintuzten muga inguruetako errepide bazterretan “nidos de ametralladoras” deituriko eraikinak egitera. Lurpean egiten ziren, gainean ormigoiaren metroko kapa jartzen zitzaion. 16 tona porlan ere erabili izan genituen bakarra egiteko. Bi pertsona metrailadorerekin kabitzeko modukoak ziren baina inoiz ez ziren erabili.

Nora jo zenuen soldaduska bukatutakoan?
I.M.: Berriro okindegira. Baina handik urtebetera edo gurekin lana egiten zuen 67 urteko okina hil zen lantokian bertan. Horrek atzera bota ninduen eta 25 urterekin beste zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Eta horrela koinatuarekin hasi nintzen lanean harrobian,  orduko 4 pezeta ordaintzen zuten, hamar ordu lan egin eta 40 pezeta ziren, eta gainera igandetan jai; okindegian eguneko 18 pezeta eta etxerako ogia irabazten genuen.

Eta noiz hasi zinen esnea saltzen?
I.M.: Belauntza baserrian bizi zen arrebak bigarren haurra izan zuenean Donostiara esnea saltzera joatea utzi egin zuen eta hark eskatuta hasi nintzen, etxeko, Belauntzako eta Elorriako esneekin. Txapelenean astoak utzi eta hartzen genuen autobusa. Pixkanaka baserri gehiagotako esneak eramaten hasi nintzen, Zapal, Portxeta, Amiso...Bizikleta bat erremolkearekin nuen Donostian, eta han marmitak jarri eta ibili nintzen 9 urtez Donostiatik. Denuntziatu eta 1.700 pezetako multa ere jarri zidaten etxekoak ez ziren esneak saltzeagatik, baina orduan atera nuen “letxeroen karneta”. Aitak ere ni etxerako gelditzea nahi zuen eta horrela 1954. urtean etxera ezkondu ginen.

Gurelesan sorreran ere han zinen?
I.M.: Bai dekretu berri bat atera zuten, 50 mila biztanletik gorako hiriek esne zentrala eduki behar zutela zioena, eta horrela 1958ko abuztuaren 16 jarri zen martxan Donostian Gurelesa. Han bildu ginen esne saltzaileak eta orduko “Camara Agraria”n biltzen ziren baserritarrak. Orduan gobernadoreak ordena eman zuen Donostian zentraletik pasa gabeko esnerekin ezin zela saldu. Baserritarrak manifestazioa antolatu zuten eta beraiekin batera seminarioko 400 ikasle ere han izan ziren (esne berri horrekin diarrea harrapatu zutela esanez) baina gauza zen seminarioko eraikina egin zuen pertsona berdinak egin zuela Gurelesako eraikina, eta hura ordaintzeko diru nahikorik ez genuenez bera ere Gurelesako bazkide zela. Gizon honek obispoarekin gaizki bukatu zuen seminarioan, hainbat ezusteko zirela eta obra nahikoa garestitu zelako, eta obispoak ordaindu nahi ez ziolako. Eta gizon honen aurka egiteagatik obispoak ikasleak manifestaziora bidali zituen. Protesten ondorioz gobernadoreak agindua bertan behera utzi eta baserritarrei esnea lehen bezala saltzen utzi zien.

Zer lan zenuen Gurelesan?
I.M.: Kamioia erosi eta Nafarroako mugako Benta Berritik hasi, Astigarraga guztia, Loiola eta Donostiarainoko baserrietako esneak jasotzen nituen. Lan horretan 18 urte egin nituen 1976. urte arte. 1970. urtean janari denda jarri genuen eta 1992. urtean alokatu genuen arte bertan ere aritu ginen emaztea eta biok.

Oraindik lanean aritzen zara...
I.M.: Txekor jaio berriak erosi eta hazten ditugu pentsua eta lastoarekin gero semeak harategian saltzeko. Gauza naizen arte horretan segitzeko asmoa dut.

Koroan kantatzen ere aritzen zara.
I.M.: Bai astelehenero entseatzera joaten gara. Orain gustura parte hartu dut Maria Arizmendiren omenaldian. Kantuak berriak ziren niretzako eta etxean CDak entzunez ikasi ditut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!