Gazte jaiak: Iker Revuelta, elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:13

Aurtengo Gazte jaien egitarau zabalean Dardoka elkarteak Udal pilotalekuan jaietako hiru egunetarako antolatutako dardo txapelketa ezberdinak izango dira. Txapelketa hauen eta Dardoka elkartearen nondik norakoak jakiteko Aiurri bertako bazkide den Iker Revueltarengana jo du.


Noiz sortu zen Dardoka elkartea?
Iker Revuelta: Dardoka elkarteak dagoeneko lau urteko ibilbidea egina du,  zortzi lagun ginen Goimendi tabernan dardoetan jolasteko elkartzen ginenak, eta erabaki genuen elkarte bat egitea. Urraka auzoan aurkitu genuen lehenago taberna izandako lokal bat eta erosi eta gure beharretara egokitu genuen.
Bazkide berrientzako irekita dago Dardoka?
I.R.: Bai irekiak gaude bazkide berrientzako, hasierako zortziak eta geroztik bazkide egindako beste bostek osatzen dugu elkartea. Bertan dardoetan ibiltzeaz gain bazkariak eta afariak ere egiten ditugu edozein elkartetan bezala.

Zuen moduko elkarte askorik ez da izango?
I.R.: Euskadi barruan legeztatuta dagoen dardo elkarte bakarra gara.

Urtean zehar zein izaten da zuen egutegia?
I.R.: Gazte festetan eta Sanmieletan txapelketak antolatzen ditugu. Hortik aparte bi ligetan parte hartzen dugu, Espainiakoan eta Europakoan, txapelketa bakoitzak liga bat dauka futbolaren moduan, Gipuzkoa barruan hasten dena kategoria ezberdinetan, hemengo irabazlea Espainiakora joaten da. Gipuzkoako irabazleak Espainiakora doanik joaten da. Gu agian ez gara onenak baina agian gehien jolasten dugunak bai.

Urnietan afizio handia al dago?
I.R.: Bai Urnietan dardoetako afizio handia dago. Eta esan nahi dut urtean zehar, horrela nahi duenak gurekin txapelketetan parte hartzeko aukera baduela.

Zer antolatu duzue Gazte jaietarako?
I.R.: Gazte jaietako hiru egunetan Udal pilotalekuan izango gara. Bertan helduentzako (16 urtetik gorakoak) txapelketak antolatu ditugu ostiral arratsaldea, larunbatean goizez eta arratsaldez eta igande arratsalderako, eta 4 urtetik gorako umeentzako txapelketa igande goizerako. Bertan, nahi duenak parte hartu ahal izango du, ez da esperientzi beharrik, izen ematea ordaintzea nahiko izango da horretarako. Igande goizeko umeentzako txapelketan izen ematea doanik izango da.

Zer aurkituko du pilotalekura hurbiltzen denak?
I.R.: Herritarrak gonbidatu nahi ditut egun hauetan pilotalekutik pasatzera, ez da beharrezkoa jolastea, giro ederra sortzen da, eta ikusteko ere oso polita da. Gainera bertan txosna moduko bat izango dugu bokatak eta edariekin.
Dardo txapelketak: ostiralean 20.·30ean. Larunbatean: 11:00 eta 16:00etan. Igandean: 11:30ean (4-14 urte arteko umeentzako) eta 17:00etan.

[Egitarau osoa, Agenda atalean]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!