Kale Nagusiko merkataritza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:11

Kale Nagusia salgai dagoela dirudi, erakusleihoetan “alokairuan” edota “salgai” jartzen duten afitxen kopurua ikustea besterik ez dago. Kalean barrena oinez joaten denak merkatalgune huts ugari aurkituko ditu, zabalik daudenak baino askoz gehiago. Bizirik daudenen eta utzikeriak jota daudenen arteko lehia dirudi. Etsi baino lehen, Beheko kaleko merkatariek kalearen garrantzia azpimarratu nahi dute.

Basteroko atzekaldeko semaforoan hasi eta Santa Krutz elizaraino doan tarte horretan, merkatari batzuk Andoain herriarentzat historikoki garrantzia handikoa izan den Kale Nagusia aldarrikatzen dabiltza. “–Udalak zeozer egin beharko du”, urte asko bertan daramaten merkatarien erregua da. Beheko kalea utzikeriak jota eta gabezia askorekin dagoela ohartarazten ari dira, eta hori merkatarientzako nahiz herri osoaren irudirako kaltegarri delakoan daude.
Utzikeriak jota dagoela esateko arrazoiak metatu zaizke:
• Merkatalgune asko itxita daude.
• Eta itxita dauden horietako askoren erakusleihoak oso baldintza kaskarretan daude: kasu batzuetan zikin, besteetan huts-hutsik.
• Lokal askoren atariak eta zenbait garaje ere oso baldintza kaskarretan daude.

Horiez guztiaz gain, gabezia larriak antzeman dituzte:
• Argitasun eskasa. Iluntzetan eta gauean oso ilun geratzen da kalea.
• Zikinkeria. Maiz kalea zikin izaten dela diote, txakur kakak nonahi daudelarik.

Hau guztia aipatu eta gero, kezkatuta egoteko arrazoiak badaudela ondoriozta daiteke. Zer esaten ari diren ondotxo dakite, urteak lanean eman dituztelako. Eskarmentu handiko merkatariak dira, denen artean Kale Nagusian lan eginez urte asko pilatu dituzte: Begoña Estarbek 37 urte, Gemma Arratibelek 25, Mila Garraldak 22, Maria Jesus Otegik 16...
 Azken sasoi honetan indar berezia egiten ari dira kaleak bizi duen utzikeria salatzeko. Aiurri astekarira jo dute, beste hedabideetara jo duten bezalaxe. Udaletxeari ere erreparatu diote, eta Petri Romero zinegotzi sozialistak Kale Nagusiko egoera penagarriari erantzuna ematen hasteko zain daude. Geldirik egoten beharrean, kalea biziberritzeko ahaleginetan jarraitzeko prest. Ekimen berriena Santakrutzetan izan zen. Orduan hainbat argazki zaharrekin kalea apaindu zuten. Ekimenak ekimen, irtenbidea ez dago merkatarien esku soilik. Eragile guztien artean aurkitu beharko da irtenbidea: udaletxea, zabalik dauden merkatalguneetako arduradunak, denda zaharren eta hutsen jabeak, lokalen eta garajeen jabeak...
Merkatarientzat gakoa 2008ko udazkenean Andoaingo Udalarentzat Ikei enpresak aurkeztu zuen “PERCO de Andoain FASE II: Líneas estratégicas y propuestas de actuación” azterlanean dago. Bertan proposatzen diren neurrien zain dira, Kale Nagusia eta merkataritza biziberritzeko.

ANDOAIN INDARTU
Santio bideko erromesak, Leitzaranera datozen turistak eta, oro har, kanpotarrak Kale Nagusira iritsi eta Andoainek ematen duen irudi kaskarrarekin haserre agertzen dira merkatariak. Ondoko herriei erreparatzeko deia egiten dute merkatariek. Amasa-Villabonako Kale Nagusia merkatalgunez beterik dago, herriko merkataritzaren motorra da. Tolosako alde zaharra merkataritzarako ere erakargarri bilakatu dute, urte luzez merkatariek eta Udalak elkarrekin lan eginez.
Zer egina badago. Nondik hasi eta noren artean eragin, korapilo horiek askatuz hasi behar dute ezer baino lehen.

LANAK ZUBIAN
Aste honetan lurzorua aldatzeko Santa Krutz zubia hankaz gora jarri dute. Dendariak haserre daude jakinarazpenik ez dutelako jaso. Sarbidea itxita, arazo bat gehiago ahul dagoen merkataritza sektorearentzat.

Hurrengo Aiurri astekarian, Andoaingo Udal arduradunen ikuspegia.

Merkataritzari buruzko azterlana

2008ko udazkenean, Andoaingo Udalaren enkarguz, Ikei ikerketa etxeak lanerako dokumentua aurkeztu zuen: Andoaingo Merkataritza Suspertzeko Plan Berezia (PERCO, Plan Especial de Revitalización Comercial gaztelaniaz) delakoa. Txostenak hiru atal nagusi ditu:
1.Plana bideratzeko ildo estrategikoak.
2.Lanerako proposamenak.
3.Inbertsioen kopurua eta lehentasunak.

1.Plana bideratzeko ildo estrategikoak. Zerbitzuen alorra dinamizatzeko Salkin merkatarien elkarteari bultzada eman, Andoain herria merkatakl eremu bezala hedatzeko kanpainak sustatu, merkataritza planari bultzada emateko lan mahaia osatzea... aipatzen diren ildo nagusiak dira.

2.Lanerako proposamenak.
Merkatariak kokatzen diren espazioak eta azpiegiturak hobetzea, tartean Kale Nagusia. Azken honi buruz lur zorua, argiztapena eta lorontziak ipintzeko hobekuntzak egitea aipatzen da. Lehentasunezkoa dela diote, hori guztia egiteko 190.000 euro behar direla zehaztu ere bai.
3.Inbertsioen kopurua eta lehentasunak. Hogeita bost lan ildo agertzen dira plan berezian, ildo bakoitzeko aurreikuspen ekonomikoa eta lehentasuna zehaztuz.
Goikoplazan, Nafarroa plazan edota Elizondo plazan  iluminazio aldetik gabeziak daudela dirudi, premiazkotzat hartzen baita eremu horietan guztietan argiztapena handitzea.
Planaren arabera beti ere, lehentasunezkoa da Kale Nagusiko merkataritza suspertzeko plan berezia diseinatzea. Merkatari batzuk, behintzat, plana martxan jartzeko zain daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!