Sorabillako ludoteka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:09

Joan den larunbatean egin zuen azken saioa Sorabillako ludotekak. Gurasoen eta Sirabilla-Errotagain Elkartearen ahaleginari esker eraman da aurrera auzo ekimen hau, nahiz eta udalaren diru laguntzarik ez jaso. 20 bat haur bildu ditu ludotekak, bataz beste. Ez da kopuru makala, Sorabillan hamar urte azpiko 40 bat haur bizi direla kontuan hartzen badugu. Dorleta Huitzi eta Iraia Alkain izan ditu begiraleak.



Zer moduz joan da azken egun hau?
Iraia Alkain: Oso polita izan da. Eskulanaren bat eta jolasean aritu eta gero, parkean egin dugun meriendarekin amaitu dugu arratsaldea. 20 bat haur bildu dira gaur, eta iragarrita zegoena baino eguraldi hobea egin digunez, pozik egoteko moduan atera da dena.
 
Noiz ekin zenioten ludotekari?
I. A.: Iazko urrian. Orduz geroztik hilabetero, hirugarren larunbatean arratsaldeetan bildu gara Erretoretxean.

Ze helburu betetzeko sortu zen ludoteka?
I. A.: Sorabillako auzoko haurrek elkar ezagutu dezatela, Sorabillan bertan elkarrekin topo egin dezatela eta elkarrekin egin dezatela jolas…

Zertan oinarritu zarete urtean zehar?
Dorleta Huitzi: Eskulanak Erretoretxeko egoitzan egin ditugu, eta jolasak berriz, kalean. Bi egun besteengatik bereizteko modukoak izan ditugu urtean zehar: Olentzeroren inguruko ekimenak eguberrietan, eta zuhaitz eguna udaberrian.
Nolako umorez etorri izan zaizkizue ludotekara?
D. H.: Oso gustura. Denboraldi honetako ludoteka bukatu delako pena azaldu digute batzuk lehenxeago.  Beldur piska bat bagenuen hasieran; haurren arteko adin aldeagatik ez zirela ondo moldatuko pentsa zitekeen arren, zorionez, denak primeran ibili dira elkarren ondoan.

Zuek biok pozik al zaudete egindako lanarekin?
I. A.: Oso gustura aritu gara lanean. Haurrak zintzo jokatu dute, eta horrela ezin da kexarik eduki.

Hurrengo urteari begira, zer?
D. H.: Gu prest egongo ginateke jarraitzeko, baina hurrengo denboraldian zer egingo den, hori gurasoen, auzo elkartearen eta haurren esku geratzen da. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!