Lanbide prestakuntza programa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:07

Orain arte, Lanbide Hastapen  Tailerrak bezala ziren ezagunak. Baina orain, ikasketa arautuan sartu dira ikastaro hauek eta aurrerantzean, “Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak” izena hartuko dute, lan munduan sartzeko bidea irekitzen duten ikastaroek. Andoainen bi espezialitate ikasi daitezke: soldadurako langilea eta karrozeriako langilea. Izena emateko epea ireki da egun hauetan.


Andoaingo Udala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko lankidetzari esker osatu dira Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak. Lanbide Heziketaren barruan kokatzen dira programa hauek. Eta bereizgarri moduan, doakoak dira ikasketa hauek.
Lan-mundura sartzeko bidea arindu asmoz, lanbide bat ikasteaz gain enpresetan praktikak egin daitezke. Honetaz gain, DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) graduatua lortzeko laguntza ere jasotzen dute ikasleek. Andoainen bi espezialitate eskainiko dira:
• Soldadurako langilea.
• Karrozeriako langilea.

praktikak
Lanbide Prestakuntza Programak bi urtez luzatzen dira. Guztira, 2.100 ordu jasoko ditu ikasleak.
Lehenengo ikasturtea  2009ko urrian hasi eta  2010eko ekainean amaituko da. Guztira: 1.050 ordu.
Bigarren ikasturtea, sakontze ikastaroa, 2010eko urrian hasi eta  2011ko apirilean amaituko da. Guztira: 700 ordu. Eta 2011ko apiriletik ekainera, lan praktikak eskualdeko enpresetan (350 orduko praktikak).
Lortzen den titulua arautua da. Hain zuzen ere, Lanbide Heziketako gaitasun profesionaleko lehenengo maila.
Ikastaro hauek graduatua lortu ez duten gazteei zuzenduta dago. Hauek dira betebeharreko baldintzak:
•16/18 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude ikastaro hauek. Egoera berezietan, 15 urteko gazteak aukera izango dute programan parte hartzeko.
•DBHko graduatua lortu ez duten gazteak.
•Lanbide bat ikasi  nahi duten gazteak.
Beste aukera batzuk
Usurbilen eta Hernanin ere, Lanbide Hastapen Programak daude martxan. Andoaindar gazteek ere, programa horietan partehartzeko aukera dute. Hernanin, automobilaren mekanika eskaintzen da. Usurbilen, ordea, ile-apainketa laguntzaile ikastaroa edota sukaldari-zerbitzari langile izateko ikastaroa.
Beste herrietako ikastaro hauen inguruko informazio gehiago Andoaingo udaletxean, Sustapen Ekonomikoa, Enplegua eta Gazteria sailan (Tfnoa: 943 30 42 21. E-mail: enplegua@andoain.org).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!