Maria Arizmendiren omenez, Goenaga Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:06

Aizpea Goenaga Mendiola, 1959ko azaroaren 26an jaio zen Donostian. Ibilbide luze eta oparoa egina du, idazle eta antzerkigile moduan, zein telebista eta zinean.

Nondik sortutakoa duzu antzerkirako afizioa?
Aizpea Goenaga: Ama zalea zen, baina ni ikastetxean hasi nintzen antzerkia egiten, eta sortu zitzaidan zaletasuna. Bagenuen antzerkia ematen zigun irakasle bat eta han antolatu genuen antzerki tailerrean  hasi nintzen. Eta gero joan nintzen bidea egiten poliki-poliki.

Eta idazten ibilbidea?
A.G.: Bai umetatik dut idazteko afizioa, hamabi urterekin edo hasi nintzen eta gerora oso gauza diferenteak idazten ibili izan naiz, Ipurbeltzen aritu nintzen ipuinak idazten, gerora sketxak, antzezlanak...

Noiz hartzen duzu idazteko denbora?
A.G.: Antzerkia egiten hasi nintzenean emanaldiak batez ere asteburuetan izaten genituen eta astean zehar etxean izaten nintzen ezer jorratu gabe, eta horrela hasi nintzen gauzatxo batzuk idazten. Gerora antzerki lanak idaztera pasa nintzen. Id

Orain zertan zabiltza?
A.G.: Orain buru-belarri nabil “Sukalde kontuak” filmaren estrainaldiarekin.

Aurre estrainaldiak egin dira, nolako emaitzarekin?
A.G.: Espero baino askoz hobea, oso ondo joan dira emanaldi guztiak, Andoainen, Bartzelonan, Donostian, Bilbon, Madrilen, eta denetan oso ondo joan da. Eta une honetan laino batean gainean nago, oso pozik.

Zergatik joan behar dugu Sukalde kontuak ikustera?
A.G.: Umorezko pelikula bat da eta uste dut aukera ematen duela oso ondo pasatzeko. Eta neurri batean behintzat oso erraza da jendeari ondo pasatzea joateko gomendatzea. Nahiko motibo bada ikustera joateko.

Arrainontzia antzerki lanarekin zatoz Urnietara...
A.G.: Bai, lan honen aurre estreinaldia izango da. Tratu txarrak jaso dituen emakume baten historia da. Horrelako egoera bat jasaten duen emakumearen buruan sartzen da zer gertatzen den ulertzen saiatzeko. Bakarrizketa bat dela esan liteke, baina ez da guztiz bakarrizketa, Kandido Uranga ere han baitago senarrarena egiten.  

Maria Arizmendi zenaren omenaldian...
A.G.: Bai ezagutu nuen, garai batean deitu zidaten “Emakume Egileak Euskal Antzerkian”  libururako, eta niri Maria Arizmendirena egitea egokitu zitzaidan. Orduan berarekin asko hitz egin nuen. Mariak ibilbide oso luzea eta lan handia egin zuen, aipagarria da nola ibiltzen ziren herriz herri ze bizitasunarekin eta sentimenduarekin lan egiten zuen. Maitasunarekin antzerkia egiten zuen, eta asko ikasi nuen berari entzunez.

Beraz, gustura parte hartuko duzu omenaldian?
A.G.: Bai jakina baietz, oso gustura.

Urnietan askotan izana zara?
A.G.: Bai askotan izan naiz Saroben. Adarrara ez naiz igo oraindik, askotan egon naiz igotzekotan han magalean baina ez naiz igo, baina igoko naiz.

Sukalde kontuekin gora eta behera zabiltza egunotan, bukatzeko esaguzu nork
prestatzen ditu otorduak etxean?
A.G.: Etxean normalean nik prestatzen ditut otorduak, senarra ere aritzen da. Ahizparekin jaten dugu sarritan berak prestatuta, oso sukaldari ona da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!