Arizmendi XX. mendeko Urnietaren lekuko (II)

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:05

Hizlari: Luis Mari Zaldua

Hiletak: Gorputz bideak ezagutu zituen Mariak. Baserrietatik elizara gorputza bizkarrean ekartzen zen. Auzo bakoitzean baziren baserri eta etxe jakin batzuk hil mahai bidera ateratzen zutenak. Mahai haiek atsedena hartu eta hilkutxa zeramatenen erreleboa egiteko erabiltzen ziren.  
Mantuak urnietan. Mariak aipatzen zuen berak ere ez zuela ezagutu, aspaldian galdutako zerbait zela. Baina amari eta amonari entzundakoaren arabera emakumezkoak behartuta zeuden hiletetan burua goitik behera estalita eramatera, hori egiteko garai haietan emakumeek hiru edo lau gona bata bestearen gainetik eramaten zituztenez, gona bat buruan jarrita moldatzen ziren. Aberatsek etxean mantuk esaten zaien estalki beltz lodi batzuk edukitzen zituzten, baina hain aberatsak ez zirenek alokatu egiten zituzten Zaldundegin. Emakumeek hiletara joan behar zutenean lehenengo Zaldundegitik pasatzen ziren mantuk alokatzera, eta elizkizuna bukatutakoan itzuli egin zuten. Larramendik XVIII. mendean aipatzen ditu mantu hauen erabilpena XX. menderaino iritsi ziren.
Hiletak, lehen, bigarren eta hirugarren mailakoak izaten ziren. Batikanoko II.Kontzilioarekin bukatu ziren diferentzia horiek, kategori bakoitzeko koruaren abestietan egoten zirenak; naiz eta gorrik pasa umore puntu bat izaten baitzuen. Elizkizunetan egoten ziren abesti batzuk, hileta 1. mailako zenean kantoreak mantxo-mantxo aritzen ziren, sekulako intentzioarekin abestuz. 2. mailakoa zenean azkartxoago, eta 3. mailakoetan, “de korrido”. Abesti horiek latinez izaten ziren baina jendeak txiste bat ateratzen zien abesti horiei. 1. mailako hiletetan, latinezko abestiaren gainean jendeak euskaraz: “honek badik,honek badik, honek hemen egon behar dik”. kantatzen zuen 2. mailakoetan: “honek ez dik, honek ez dik, honek hemendik alde egin behar dik”.

Gabonak: Gerra aurretik, “Olontzero” eskea baserriz-baserri egiten zuten mutilak. Eta gero bazen Gabon kanta bat herriko jendeak asko maite zuena eta Urnietako koruarentzat ia himno bat zena: Ia,ia mutilak abestia. Jendea zoratzen egoten zen entzuteko, orduan, latinezkoen artean euskaraz kantatzen zen abesti bakarrenetakoa.  

Inauteriak: Haurra zenean inauteriak Urnietan bazuten bere garrantzia: “zomorroz” jantzita eskean ibiltzen ziren etxez-etxe Urnietako kutsu garbia duten honako koplak kantatuz:

Dios te salve, bakailojale
bost eta sei hamaika
txorixorikan ez baldin bada
igual zaigula lukainka
igual zaigula dirua

Horra hor goian otia
dan-dana lorez betia
etxe hontako etxekoandriak
kofrian dauka dotia

Garratzatikan goraxiago
etxe txuri bat Armotza
beste gauzarik ez baldin bada
eman zaiguzu arroltza

Goiko zeruan izarra
beko zelaian lizarra
etxi hontako nagusi jaunak
urre gorrizko bizarra

Ate txokuan oillar bi
batak bestia dirudi
etxi hontako etxekoandriak
Amabirjiña dirudi

Amabirjiña, Amabirjiña!
Zu zera zeruko erregiña
Agur etxeko guztiak
borondate jendia
eskerrik asko guztiyagatik
ondo pasa iñauteriak
 
Dantza-soka: Dantza kontuetan jakitun direnek diote euskal dantzen munduan bi koreografia direla oso inportanteak, bat Bordon-dantza eta bestea Soka-dantza. Soka dantza berez ez da dantza bat, koreografia oso bat da. Goizean hasten zen mutilek oilaskoak bilduz baserriz-baserri, ondorenean oilasko jokoa egin eta herriko kargu diferenteak oso ondo markatzen zituen dantza-soka egiten zuten. Dantza asten zen herriko alkatearen alabari (aurre-dantzaria) agurra dantzatuz, gero atze-dantzaria idazkariaren alabari. Dantza mutilak asten zuten eta banan-bana neskak dantzara ateratzen joaten ziren. Azkenean, mutil eta neska mordo baten artean soka bat osatzen zuten, plazan borobil handi bat osatuz. Hasiera batean elkarri eskua emanez eta gerora zentzura kontuak zirela eta zapi bat tarteko zutela.

          
Proposamenak
Joan zen mendean desagertutako hainbat gauzaz hitz egin ondoren proposamen batzuk egin nahi ditut desagertutako hainbat gauza berreskuratu litezkeela uste dudalako. Uste dut Mariari egin geniezaioken omenaldirik hoberena dela. Esate baterako:
1. Aurten Santa Katalina egunean (azaroak25) Zilegi mendiko junta egiten zen egun horretan egin dezagun zerbait xumea, gogoratzeko duela 50 urte Urnietako Zilegi mendia desagertu zela.

2.Datorren urteko inauterietan saiatu gaitezen, herriko haurrak Brasilgo inauteriak imitatzen aritu beharrean  hemengo bertsoak erakusten.

3.Saiatu gaitezen aurtengo Sanmieletan Dantza-soka berreskuratzen.

4.Saiatu gaitezen datorren Gabonetan, ohiko abestiekin batera haurrek Ia, ia mutilak  abestia ere ikasi eta kanta dezaten.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!