Andoaingo partaidetza Aitzkorriko maratoian, Urnietakoak bikain ibili dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 18:00

Berrogeita bi kilometro paseak mendian gora eta behera. Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuan Urnietako hiru kirolariak dotore aritu ziren.

Jokin Lizeaga, Ainhoa Jauregi eta Mikel Legarreta; eta Andoaingo Imanol Arruti, Joxean Alberdi, Jon Iturralde, Igor Larrañaga eta Urtzi Fernandez izan ziren igandeko lasterketan. Uxune Tenak ezin izan zuen lasterketa bukatu lesio bat dela eta.
Hamabigarren postuan helmugaratu zen Jokin Lizeaga urnietarra pozik geratu zen lortutakoarekin baina gehiago ez eginaren penarekin. Killian Jornet eta Raul Garcia, bi onenak, aurten ez zuten parte hartu eta horren ondorioz lasterketa faborito garbirik gabekoa zen. Jokin lehenengo aldiz izan zen bertan, eta gorakoan ur gehiegi edan zuen. Horren ondorioz Aizkorriko gailurrera iritsi zenerako nabaritu zuen urdaileko ondoeza. Gorako bide horretan 6-8.postuan igo zen eta aurrekoak kontrolpean zituela. Baina beherakoan gaizki ibili zen eta pasatakoak pasata 12. iritsi izanarekin kontentu geratu zen, “baina nire burua aurrean ibili zirenen mailan ikusi nuen”. Orain hainbat lasterketetan parte hartzeko asmoa du, besteak beste Italian 32 kilometroko lasterketa batean edo ekainaren 13an Castello-n egingo den Espainiako txapelketan.
Ainhoa Jauregi belauneko minez dabil eta horregatik berak nahi baino denbora txarragoa egin zuen. Emakumeen sailkapenean 13. postuan iritsi zen.
Mikel Legarreta gaztea beteranoa da lasterketa honetan, edizio guztietan parte hartu baitu. Gustura zen egindakoarekin, bost ordu pasetxoak izan zen bere denbora “urtetik urtera jendea hobeto prestatua etortzen da eta denbora hobea egin behar da postu berdina egin ahal izateko”. Eguraldiarekin guztiak pozik zeuden “agian hezetasun gehitxo eta horrek izerdi asko botarazi zigun”. Eta ikusleen jarrerarekin ere oso pozik daude,”izugarria da hasieratik bukaeraraino jendeak nola animatzen duen”.

ZEGAMA-AIZKORRI
MARATOIA. Sailkapena:
    1.R.Lightfoot (Ingalaterra)      4:03:12
  12.Jokin Lizeaga (Urnieta)     4:21:04
  86.Imanol Arruti (Andoain)     4:59:08
  99.Mikel Legarreta (Urnieta)     5:03:25
114.Joxean Alberdi (Andoain)     5:07:15
117.Jon Iturralde (Andoain)     5:09:01
154.Igor Larrañaga (Andoain)     5:23:42
181.Urtzi Fernandez (Andoain)     5:33:23
237. Ainhoa Jauregi (Urnieta)     5:55:05
Emakumeetan 13.sailkatu zen


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!