Sansonarri kirol elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 27a, 17:54

Herri kiroletan aritzeko gogoz denak, orain du aukera. Sansonarri herri kirol taldea jende bila dabil. Gonbita bereziki, gazteei luzatzen diete.

Jende bila zabiltzate, Sansonarri herri kirol talderako. Zeintzuk eta zer egiteko?
Joxean Amenabar: Jende dezente beharko genuke. Hamar bat gabiltza, hamasei bat beharko genituzke orain arte ibili garen lanak betetzeko. Jendea behar dugu, eta beldurrik gabe etor daitezela, gazteak bereziki. Gainera, geronen arteko giroa oso ona da. Ez da maisutasun handia behar. Gogo pixka bat, besterik ez.

Zuengana gerturatu nahi duenak nora jo behar du?
J.A.: Kultur etxera, Mikel Pagolarengatik galdetu. Bestalde, asteazkenetan 20:30etan entrenatzeko biltzen gara.

Gazte festei begira, azken prestaketa lanetan zabiltzate,
proba berritzaile bat eskaintzeko?
J.A.: Iaz Astigarragan egin zen, orain arte ikusi ez dena. Dema plazan, lurra sagarrekin estali, azpian belarra  duela, sagarrak ez mugitzeko. Dozena erdi bat zaku talde bakoitzeko. Lau lagun talde bakoitzean eta sagar horiek kizkiarekin bildu. Banaka, zakutan sartu eta lera baten gainean jarri. Gero denak bilduta, zortzi bat plaza egin lera arrastaka eramanda. Gero sagar horiek hartu, kaxa handi batera bota eta dolare baten moduan puskatu. Lehengo erara. Handik kaxatatik palarekin, gurdi batera bota. Hori ere ez da lan zaila, neketsua bai. Oso proba polita izango da.

Gazte festak pasata, Sanmielei begira jarriko zarete?
J.A.: Orain gizon proba ari gara prestatzen. Astean behin, Sanmieletarako prestatzen jarraituko dugu. Sanmieletan izaskundarrekin behintzat kontatzen dugu. Jaietan irabazteko gogoz gaude, iaz bezala. Mikrofonotik esan bainuen, azkenak ez, hirugarren geratu ginela Izaskun eta Astigarragakoen ostean. Arantza txiki bat dugu hor.
Zergatik dira erakargarriak herri kirolak?
J.A.: Baserrian jaioak, txikitan futbola urrutitik ikusten genuen, beti animaliez inguratua... Guretzat erakargarria izan dena, herri kirolak izan dira. Mutil kozkorretan, harri jasotzen aritu nintzen. Niretzat ez zen astakeria. Eta nahiz harri jasotzen ibili, korrikan, txirrindularitzan eta futbolean ere jokatu izan dut. Zer esan gazteei? Kirolari dagokionez, denetik egin beharko litzatekeela.

Honakoa, Sansonarrirentzat etapa berri baten hasiera izan liteke?
J.A.: Jendea  bilduko balitz, gustura egingo nuke garai batean Sanmieletan egiten zen lehia, Xoxokakoen aurka. Berriz ere, talde pare bat prestatu eta geronen artean lehiatuko genuke, kanpora begira jarri gabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!