Postontzoa: "Maria Arizmendiren omenez"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:42

Guretzat Kaxetako Maria zinen eta zara guztion oroimenean baitirauzu. Nik, behintzat, ez zaitut inon kokaturik ikusten Oroimen Kolektibo horretan ez bada.
Herriak edo herri ordezkariek antolatu dizuen omenaldian herritarren alde eginiko ekintzak azalduko dira, hala nola, antzerkia, musika, ikastola, lanbidean, etab.
Lehen ekitaldian zuk sortutako Egi Billa antzerki taldeak, moderatzaileari esker, ongi jorratu zuen esparru horretan garatutako lana. Hurbiletik ezagutu zintugunok, zalantzarik ez dugu antzerkiaren bidez euskarari eman nahi eta eman zenion bultzada. Kaxetan euskaraz mintzo ohi zen, euskara txukun eta ulerterrazean mintzo ere. Beraz, normala zen Kaxetako txokotik euskara eta euskararekiko zaletasuna herrira zabaltzea.
Baina, nire asmoa, Maria, ez da omenaldiaren kronika osatzea, hori beste batzuk egingo baitute. Aiurrirako lerro hauek idazterakoan nire eta nire sendiaren izenean omenaldiari eskerrona gehitu nahi genioke, eta eskerron guztiak bezala barnetik, sentimendutik azaldu nahi genuke Kaxeta guretzat bigarren etxea izan baitzen, are gehiago ama hil eta umezurtz geratu ginenean. Zenbat barre, zenbat jolasaldi, zenbat eredu ikasgarri, zenbat ipuin eta istorio kontatzen zizkiguten  etxeko edozein txokotan. Kaxetakoak ginen enkarguak egiterakoan, Kaxetakoak soroan edo sagar bilketan.
 Ni, etxeko txikiena izanik, 11 urterekin geratu nintzen umezurtz eta Kaxetan aurkitu nuen, senitartekoengandik aparte,  maitasuna eta segurtasuna.
Baina Kaxetaz ari garenean, ez zaitut bakarrik irudikatzen. Bai zera! Izan ere, Kaxeta zerbait gehiago zen. Zurekin batera zure ahizpak Margarita eta Gloria ere irudikatzen ditut. Nola ez! Badakigu, jakin, omenaldietan beti pertsona bat nabarmentzen dela baina omendu horren inguruan beti izaten dira modu isilegian jarduten direnak ere. Eta zenbait arlotan Gloria eta Margarita ere  pertsona konprometituak eta bidegileak izan ziren. Hiru ahizpak oso konplizeak zineten eta, esan bezala, bakoitza bere arloan konprometituak. Eta Kaxeta aipatzerakoan hiru ahizpak ez ezik Anttoni ere, zuon koinata aipatu behar da derrigorrez. Langilea eta isila eta hainbat une pozgarri biziarazten zizkiguna. Hura ere Kaxetako Anttoni!
Alta, Kaxetari ari garenez Mariaren omenaldia dela eta, bagenituen gure adinekoak ere: Agurne, Josebe eta Juan Mari. Eta Gloria Donostian bizi zen Juanitorekin eta hauen seme-alabak  Arantxa, Kika eta Marga eta Kike ere oso Kaxetakoak ziren.
Nik, Gloria eta Margarita txikitatik ezagutu nituen baina urte batzuk kanpoan igaro ondoren eta politikan edo konpromiso sozialean genbiltzaneko oroimenak ditut. Kaxeta zenbaiten babesleku zen eta Margaritak gu atxilotu gintuztenean han joan zen Gobernu Zibilera  hitz egin behar zenarekin hitz egitera  gure egoeraren ardurak eraginda. Eta Arantxa eta Kikerekin ere harreman estua izan nuen politika medio eta Gloria gehienbat orduan ezagutu nuen. Emakume osoa benetan,beti laguntzeko prest. Juanito ere gogoan dut nola etortzen zen Urnietara kamioarekin Billabona bidean. Gizon alaia eta ironikoa zen.
Niretzat, haurtzaroan eta ondorengo zenbait urteetan ere hauxe zen Kaxeta. Horregatik, lehengoan Mariaren omenezko lehen ekitaldian berari buruz ari ginenean faltan sentitu nituen senidetzat genituen Arantxa, Kike eta Marga.
Nire mundutxo partikularretik mila esker Kaxetako Unibertso osoari han bizitakoa ez baitzaigu inoiz ahaztuko
Adiorik ez Maria,Gloria eta Margarita!

Felipe Izagirre
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!