Mikel Emezabal, Musika Eskolako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:39

Mikel Emezabal Miangolarra (Donostia, 1973) eta musika eskolako gainerako arduradunentzat aste garrantzitsua izaten ari da, hurrengo ikasturterako matrikulazio epea zabalik dagoelako.
Musika eskolan zuzendari lanetan aritzen da, baita Musika Bandan ere. Hori guztiaz gain, klarinete irakaslea da. Gorputz hezkuntzarekin lotura duen ikastaroa martxan jartzea desio du.

Musika eskolako eta Musika Bandako zuzendaria, irakaslea ere bazara... eta hori gutxi balitz matrikulazioan buru belarri zabiltzate. Nola antolatzen duzue horrelakoetan lanaldia?
Mikel Emezabal: Garai honetan urtero lan piloa izaten dugu. Normalean astean zehar ordutegi finko baten arabera lan egiten dut. Bandako entseguak ostiralean izan ohi dira, azken orduan. Gainerako orduak zuzendaritzari eskaintzen dizkiot, eta baita klaseak ematera ere.
Askotan bilerak direla, Bandako kontzertuak direla, orduz kanpo lan egitea tokatzen da.

Musikaz bizi zuen lema berria da. Esaldi hori esatean zer datorkizun burura?
M.E.: Musikaz bizi, musikarekin bizi... musikak inguratuta bizitzea. Eta baita musika ogibide izatea ere. Gure ikasle batzuk kontserbatoriora doaz, ibilbide musikala lantzen dute. Ikaslearentzat ogibide izateraino irits daiteke musika.

Eta musikarik gabe, nola bizi?
M.E.: Nik ez dut imajinatzen. Andrea musika irakaslea  da, abesbatzako zuzendaria ere bada. Musikaz inguratuta bizi gara. Asteburuetan nik kontzerturik ez badut nere andreak dauka. Nire bi seme-alabek dagoeneko pentsatuko dute bizimodu normalena horixe dela.
Nola murgildu zinen musikan?
M.E.: Haur nintzela, 10-12 urterekin. Gurasoek eramanda Kontserbatoriora joan nintzen proba bat egitera. Garai hartan musika ikasteko eskaera handia zen, baina nahikoa plaza ez zegoen. Proba gainditu nuen eta solfeoa ikasten hasi nintzen. Bi urtera klarinetea kontzertu didaktiko batean ikusi nuen, hura deskubrimendua izan zen niretzat. Lehen unetik gogoko izan nuen, hura aukeratu eta hortik aurrera karrera egin nuen. Orain hemen nago, egun osoko lanaldiarekin.

Hona iritsi aurretik zein izan zen zure ibilbidea?
M.E. Nire lehen lana Donostiako ingeles eskolan izan zen. Tolosako eta Iruñeako musika eskolatan ere aritu nintzen eta handik Andoainera etorri nintzen. Geroztik hemen nago.

Dagoeneko esperientzia handia duzu. Zer moduzkoa da Musika eskolaren egoera?
M.E. Ona, nire ustetan. Ikaslego kopuru potoloa daukagu. 400 ikasletik gora dira, kopurua ona da. Herri handia da, kopurua areagotu daiteke oraindik ere, baina talde polita dago. Horrez gain, ikasketen maila eta irakasleen maila ona da, oso ona.

Haur baten gurasoak etorri zaizkizu haurra matrikulatzeko asmoa badutela esanez, baina haurra ez dutela oso motibatuta ikusten. Zer esango zenieke?
M.E. Galdera hori horrela egiten badidate, normalean haurra ez matrikulatzeko aholkua ematen diet. Haurrak nahi duelako etorri behar du hona.
Denbora aurrera igarota gerta daiteke haurren bati edo besteri motibazioa jaistea. Musika eskolan hasi eta hiru edo lau urtera adin tarte zail bat dago, gehiago kosta egiten zaiena. Kasu horretan gurasoei esango nieke haurra piska bat behartzeko. Urtebetez edo.

Eta bestaldetik ikasle helduak ere badituzue Musika eskolan.
M.E. Astero-astero etortzen dira, gainera. Eta batzuk urtez urte datoz eskolara eta azkenean erlazio handia sortzen da. Irakasle bezala esan diezazuket helduak jakinmin eta interes handiarekin etortzen direla. Eta guk hori eskertzen dugu, gure jarrera ere oso positiboa da. Haien autoexijentzia, gainera, handia izaten da.

Haiek bezala, heldu askotxo izango da herrian musika ikasteko gogoz egongo direnak.
M.E. Ziur, baietz esango nuke. Ate irekieraren jardunaldiak neurri handi batean horregatik ipini dugu martxan. Alde batetik, musika ikastea urruti ikusten duen jendeari begira. Eta, bestetik, Bastero eraikin handi honetan dagoen musika eskolarekiko beldurra kentzeko.
Musika eskolaren asmoa beldur horiek gainetik kentzea da. Ez da urrutikoa, ez da elitista. Denen eskura dago, herrian bertan. Helduek, adibidez, instrumentua aukeratzen duten lehen urtean ez dute zertan instrumentu hori erosi behar. Lehen pausuak eman ditzan eskolak utziko dio kostu handirik eragin gabe.

Gorputz hezkuntza ikastaro berritzailea martxan jarri nahi duzue hurrengo ikasturteari begira...
M.E. Helena Gorrotxategi musika eskolako irakasleak COS ART izeneko postgradoa egin du. Orain bukatu du eta interesgarria iruditu zaigu hori Andoainen eskaintzea. Proba egin nahi dugu, gauza berri batekin arriskatu nahi dugu. Musikarekin badu zerikusia, interpretazio garaian lesio asko izan direlako. Gorputzak postura okerrak hartu behar ditu, musika tresna jakin batzuk jo behar izatearen ondorioz. Ikastaroa norberak gorputza ondo ezagutzean datza, norberak bere erlajazio propioa bilatuz. Postura ona eta osasuntsuak lortu nahi dira.

Matrikulazio epea zabalik duzuela, zeozer gehiago gaineratu nahiko zenuke?
M.E. Batez ere aipamen berezia egingo nuke gorputz heziketan. Aurten martxan jartzea beharrezko ikusten dugu.

Matrikulatzeko aukera zabalik dago, oraindik ere. Info: 943 303 540.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!