Anorexia eta bulimiari buruzko kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:39

Garbiñe Agirre San Sebastian donostiarra ACABE-GIPUZKOA elkarteko koordinatzailea da eta larunbat honetan Eskola plazan anorexiaren eta bulimiaren inguruko informazioa banatzen izango da. Gipuzkoan barrena gaisotasun hauen inguruko prebentzio eta kontzientziazio lana egiten ari dira.

Elikadurarekiko arazoak dituzten gaisoak eta senideak biltzen dira zuen elkartean. Zer da funtsean Andoainen zabaldu nahi duzuen mezua?
G.A.S.S. Anorexia, bulimia eta elikadurarekin zerikusia duten gaisotasunen inguruko sentsibilizazioan murgilduta gabiltza. Gizartea sentsibilizatu nahi dugu, elkartea bera herritarrengana gerturatzeko. Interesa duenarentzat edo ezagutzarik ez duenarentzat baliagarria delakoan gaude. Eskuorriak, elkartearen lan ildoak eta nahi izanez gero lehen eskuko informazioa eskainiko dugu Andoainen ipiniko dugun mahaian.

Zuen helburu nagusia prebentzioa al da?
G.A.S.S. Bai, hiru helburu ditugu: informazioa, sentsibilizazioa eta prebentzioa. Familia askorentzat baliagarria izan daiteke gure elkartearen berri izatea.
Gaisotasun hauek agertzen direnean errealitatearen jabetza izatea da zailena. Gaur egungo gizartean irudiari edota pisuari garrantzia izugarria ematen zaio. Normaltasunaren eta obsesioaren artean dagoen muga hori non dagoen zehaztea ez da erraza.
Gaztaroan antzematen dira gehienbat gaisotasun horiek, garai horretan aldaketa asko izaten baitira. Ezagutzarik ez dago ia gaisotasun hauen inguruan eta, ondorioz, beldur handia dago.
Haietako askok ez dute gaisotasunaren kontzientzia hartzen. Anorexikoen kasuan,  gaisotasunaz jabetzen azkena gaisoa bera izaten da. Zailtasuna hor dago eta ingurukoek gainera gaisoarekin nola jokatu ez dute asmatzen.
Alde horretatik, kasu horietan nola jokatzeko laguntza eta informazioa eskaintzen dugu.

Zuen esperientziaren arabera zein jende mota gerturatzen zaizue?
G.A.S.S. Elkarteko kideak, batetik. Gaisotasuna dutenak ere etortzen dira, baina urruti egoten saiatzen dira inork identifikatu ez ditzan.
Bestela ere inguruan egoera horietan egon daitezkeen gertukoak eta senideak gerturatzen zaizkigu. Ikastetxeetako ikasleak eta baita irakasleak ere, informazioa jaso eta eskolan eskaini asmoz.
Maiz eskuorria hartu eta galderak egitera ausartu ez den horrek deitzen du elkartera, handik egun gutxira.

Gaisotasun ikustezinak direla esan al daiteke? Eta zentzu horretan kopuru handiaz ari gara?
G.A.S.S. Kopuruari dagokionez, zalantzarik ez izan oso kopuru handiaz hitz egiten ari garela. Ezkutuan eramaten diren gaisotasunak dira, bereziki bulimia. Anorexia kasu bakoitzeko, bulimia duten beste lau edo bost kasu daude.
Bulimia identifikatzea oso zaila da eta laguntza eskatzen dutenerako bataz beste 3-4 urte igarotzen dira.
Gertu ditugu anorexikoak eta bulimikoak, askotan gaisorik daudela geuk jakin gabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!