Benjamin festa maiatzaren 30ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:38

Lehiarik gabeko kirol festa prestatu die Egape ikastolako guraso talde batek, Gazte Festen barruan ospatuko den Benjamin kirol jaialdian parte hartuko duten gaztetxoei. Maiatzaren 30ean kiroldegian ospatuko den hamabigarren edizio honetan, guztira 9-10 urte arteko hamasei taldek parte hartuko dute: hamar urnietarrek, Tolosako bik eta Donostia zein hiriburu inguruetako beste lau taldeek.


Goiz eta arratsaldez eskubaloian eta futbolean arituko dira kirolariak. Eguerdian bazkaritarako bilduko dira guztiak Egape ikastolan. Arratsaldean ateri baldin bada, puzgarriak ere jarriko dituzte. Eguna berriz, parte hartzaileek garaikur bana eskutan dutela amaituko dute. Bizikletak edota Realeko kamiseten zozketa ere egingo da. Antolatzaileen esanetan, ondo pasatzearekin batera, helburu nagusia, “beste herrietako gazteak ezagutu eta jende gehiagorekin elkar bizitzea zer den jakitea da”. Bide batez, guraso zein laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiete, haiek gabe benjaminen kirol jaia antolatzea ez litzatekeelako posible izango. Eguraldiak lagundu behar du orain.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!