Poxta Zahar taldekoak jaia hasteko gogoz dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:37

Asteak daramatzate biltzen, aurtengo egitarauaren nondik norakoak zehazten, eta orain, iritsi da ondo pasatzeko unea. Gazte Festak hasteko gutxi falta den honetan, Poxta Zaharreko kideak, han eta hemen kartelak jarri, eta azken prestaketa lanetan murgilduta dabiltza.
Hastear izan eta lana eta festa uztartuko dituzten jaietan parte hartzeko gonbita zabala egiten dute. Euren esanetan, Gazte Festak, “gazte sentitzen den orori zuzenduak daude”.

GOMENDIOAK
Gomendagarritzat jotzen dituzten ekitaldien artean, Urnieta Rock jaialdia azpimarratzen dute, hiru euroren truke kontsumizio bat eta kontzertuez gozatu ahal izango baita. Koadrilen egunera agertzera deitzen dituzte gazteak, eta ez edozein modutan jantzita gainera. Poteo eta koadrilen bazkarira, mahoizko galtzak, alkandora zuria eta Poxta Zaharreko zapia jantzita agertzea eskatzen dute antolatzaileek. Baita bide batez, antolatu diren bazkari eta afaritarako txartelak lehenbailehen erostea ere.

AURRERA BEGIRA
Poxta Zaharrekoek euren ahaleginez urratsak eman eta gauzak lortzen joateko konpromisoa berresten dute. Gazte Festetan, baina baita aipatu jai egunetatik haratago ere. Urtean zehar, irteerak edota ikastaro desberdinak antolatzea, asmoetako batzuk dira. Horretarako orain arte bezala, ostiral arratsaldera biltzen jarraituko dute.
Informazio gehiago: www.blogari.net/poxtazahar
E-posta: poxta_zahar@live.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!