Lehenengo Gazte jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:36

Hasiera hartan beste askoren artean, bertan ziren Mikel Izagirre, Mikel Aldanondo, Anjel Mari Jover, Lukas Peñagarikano, Maria Pilar Garmendia, Jokin Izagirre...”Hamasei eta hogeita bost urte bitarteko gazteak bilerak egiten hasiak ginen Herri Gaztedi deiturikoaren inguruan eta Gazte festak lehenengo aldiz nola antolatu ziren kuriosoa izan zen.

Urte batean, 1965 edo 1966an izango zen, Zumarragako Orbegozo greban gertatu zen eta Gabonetan kantatzera atera ginen haientzako dirua biltzeko. Eta bildutako diru guztia eman genien”.
“Santa Ageda bezperan berriro kantatzera atera ginen eta  gure galdera izan zen: orain zer egin behar dugu bildutako diruarekin? Bada Gazte festak antolatuko ditugu, erabaki genuen. Baina bildutako dirua gutxi zen, bost edo sei mila pezeta izango ziren. Gauzak horrela erabaki genuen festak geuk egitea, eta gu partaide izango ginen dantza txapelketa bat antolatzea izan zen lehenengo erabakia. Gu dantzan? Ez dakigu eta. Ba ikasten hasi ginen. Dantza ikastaroak antolatu genituen hiru hilabetez, Hernaniko Sarriegi (orduan txapelduna zena) etortzen zen irakastera eta astean bi egunetan han ibiltzen ginen “jo eta su”.  Eta horrela lortu genuen Urnietako plazan herriko 11 bikotek parte hartzea. Gero bost bikotek jarraitu egin genuen hainbat urtetan beste herrietako txapelketetan parte hartzen”.
“Lehenengo urteko festa hura ondo atera zen. Xabier Saldias, Asunta Zubiarrain eta Enarak bikotea ekarri genituen Urnietara, pezeta bat ere ez zuten kobratu. Dirurik ez genuen baina izugarrizko jaia antolatu genuen.”
“Gazteen bazkaria Zibulion egiteko antolatu genuen. 60-70enbat lagun ziren izen emanak eta gazte kopuru bikoitza agertu zen bazkaritara. Han ibili ginen zer egin jakin gabe, azkenean nolabait denok bazkaltzeko modua egin genuen, eta otordua eztarrian genuela “dantza sueltoko” txapelketara etorri ginen.
“Gauzak hain ondo aterata, hurrengo urratsa herriko jaiak antolatzea izan zen. Sanmieletan Tolosako musika talde bat etortzen zen urtero, eta urteroko programa berdinarekin nazkatuta geunden. Hori aldatu eta euskal kutsua eman nahian talde bat hasi ginen lanean eta gauza asko geuk eginez emaitza batzuk  ere lortu genituen. Aurreneko jaialdia muntatzen hasi eta, Ez dok Amairukoak hasi berri-berriak zirela ekarri genituen Urnietara aurrenetako ekitaldia izango zuten hemengoa, orduan ezagutu genituen Xabier Lete, Benito Lertxundi, Artze anaiak, Mikel Laboa, Joxe Anjel Irigarai.... Hernaniko Zintzotasuna antzokitik ekarritako ahulki zahar batzuk jarri, eskenatokia nola edo hala muntatu eta hantxe kantatu zuten guztiek. Gerora, alkate zen Ramon Atxaga bera etortzen zen gazteongana festak antolatzeko eskatuz, horretarako dirua emango zigula aginduz”.
“Taberna ere eduki izan genuen Zentroan. Bertan, aste egunez ezkongabeak eta bikoterik ez zutenek egiten zuten lan eta jai egunetan bikoteek, horrela urte batean 125.000 pezeta lortu genituen eta diru hark ikastolarako aulkiak, mahaiak... gela bat hornitzeko balio izan zuen, izugarria izan zen hura! Orduan, Maripi Sarasola eta Hernaniko Begoña Goia andereño zirela, eta Sabina Arruarteren laguntzarekin, martxan jarri berria zen Egape ikastola”.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!