Urnieta dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:35

Urnieta Dantzan, Euskal Eskola Publikoen aldeko jaialdia Iruñean, Sarobeko ikasturte amaierako emanaldiak… Egape Dantza Taldeak zeresana emango du oraindik udako oporrak hartu artean, gaztetxoen gurasoek honako lerrootan aipatzen duten moduan. Besteak beste, Gazte Festetan. Dantza taldekoekin harremanetan jarri nahi duenak helbide hau du eskura: dantzataldea@egape.org

Zer dakar aurtengoan, Urnieta Dantzan jaialdiaren hirugarren edizioak?
Koro Berasategi: Aurten Aguraineko Jeiki taldea eta Zuraideko Alaiki taldea datoz. Gure taldean, ikastolako 4-19 urte arteko dantzari guztiek parte hartuko dute, guztira 134 izango dira. Goizean elkartuko gara denok ikastolan. Bertan hamaiketakoa jango dugu eta gero ibilaldi desberdinak egingo dituzte.
Jaione Jauregi: Sei bat ibilaldi, dantza giroa herriko plaza eta txoko guztietara hedatzeko.
K.B.: Gero denok Plazido Muxika plazan elkartu eta ordubatean emanaldi nagusia eskainiko dugu. Jarraian, saldu ditugun errifa batzuen zozketa egingo dugu. Amaitzeko, bazkaria izango dugu herriko eta kanpoko dantzariek ikastolako jangelan.

Halere dantza taldekoen asteburua ez da hor amaitzen?
Ixabel Salaberria: Igandean, Iruñeako Takonerara joango gara, Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaialdian parte hartzera. Bazirudien iaz jendea gustura gelditu zela eta aurten berriz joateko esan digute. DBH 2. eta 3.mailako dantzariak izango dira bertan, egun pasa, dantza egin eta ondo pasatzen.

Hemendik kanpora, dantza taldekoen lana plazaratzeko apustua bide onetik doala esan liteke ezta?
J.J.: Duela hiru urte guraso batzuk elkartu ginen eta ikusten genuen, Saroben emanaldi bat eskaintzen zutela, baina gogo handia zutela ikasitakoa plazaratzeko. Sustapen lana egiteko elkartu ginen.
I.S.: Kanpora ateratze horrek gaztetxoei poza ematen die. Oso ondo egiten dute gainera.
Emanaldietan taldearen berezitasunak agerian geratuko dira. Zeintzuk direla esango zenukete?
J.J.: Edu Muruamendiarazek dantza garaikidea tradizionalekin uztartzen du. Ikusgarriagoa da, edo bereziagoak izaten dira dantzak. Berezitasun horregatik, emanaldi bakoitza jendeari erakargarria egiten zaio.
I.S.: Ez da betiko dantza euskalduna. Beste puntu bat ematen dio.

Iruñean, Aian, Gasteizen… Ze beste oholtza zapaldu ditu Egape Dantza Taldeak?
J.J.: Basurton. Urnietan; Xoxokako festetan, Marizulo antzerkian…
 
Ikastolarentzat ere bultzada handia suposatu du dantza taldeak?
K.B.: Bertako irakaslea izanda oso garrantzitsua iruditzen zait, batez ere zenbat dantzari ditugun ikusita. Pila bat. Pentsa, Edu Muruamendiaraz batzuetan ezinean ibiltzen da. Ikastolarentzat oso garrantzitsua da dantza taldea.

Atzetik dantzari belaunaldi berriak ziurtatuta daude beraz?
J.J.: Txikiek ere ikusten badute, aurrera doala, taldea ez dela gelditzen, ikasturteko lana erakusteko aukera dagoela… Jarraipen bat izango du dantza taldeak. Badira 19 urtekoak, gustura daudelako jarraitzen dutenak.

Taldeak duen mugimendua ikusita, ezin aipatu gabe utzi gurasook duzuen paper giltzarria?
J.J.: Urnieta Dantzan jaialdirako, txikienek gurasoen laguntza behar dute. Eguerdian, 120 lagun bazkaltzen daudenez, bolondresak behar dira. Baita errifak saltzeko ere.
I.S.: Gurasoak pozik daude. Etorri eta euren laguntza ematen dute. Haurrak herrian ibiltzeak ere poz handia ematen die gurasoei, bestela ez lukete modu honetan parte hartuko.

Ikasturtea bukatzeko beste zer hitzordu ditu Egape Dantza Taldeak?
K.B.: Gazteen emanaldia maiatzaren 30ean eta txikien emanaldia ekainaren 8an. Biak Saroben.
J.J.: Lehen Saroben, emanaldi guztiak jarraian izaten ziren. Sarobeko aforoa mugatua izanik, jendea ikusi ezinik geratzen zen. Horregatik, aurten, dantzarien parte hartze aldetik, arindu egin dira bi ikuskizunak.

Aurtengo lanak amaituta, hurrengoari begira; berrikuntzarik bai?
J.J.: Duela bi urte, helduentzat dantza solteko ikastaroa antolatu genuen eta gustura etorri ziren gurasoak. Ikasturte hasieran, ikastaro trinko bat antolatzeko asmoa dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!