Iker Cobo, Urnietako toreatzaile gaztea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 22a, 11:34

Iker Cobo Fernandez 1981eko maiatzaren 22an jaio zen Donostian, beraz gaur betetzen ditu 28 urte. Ez du anai-arrebarik. Bere aitonak Hernaniko Portu auzoan Shangai taberna zuen eta han bizi zuen haurtzaroa. Sei urterekin Urnietara etorri zen, eta bertan bizi izan  zen 17 urterekin toreatzaile izateko ibilbidearekin jarraitzeko Salamancara joatea erabaki zuen arte. 

Zer moduz moldatzen zara euskaraz?
Iker Cobo: Ikasketak Egape ikastolan egin nituen. Orain euskaraz mintzatzeko erraztasuna galtzen ari naiz. Alde batetik nire errua ere bada, hemen ez daukat norekin hitz eginik baina zerbait irakurri edo egin nezake eta ez baitut egiten.

Nondik datorkizu zezenketarako afizioa?
I.C.: Betidanik izan dut afizioa. Amaren aldeko aitona oso zaletua zen eta ezaguera dudanetik telebistan zezenketak ikusten gogoratzen naiz, eta gero plazetara ere eramaten ninduten, Tolosara, Azpeitira, Eibarrera...

Nola gogoratzen duzu lehenengoz plaza batera joan zinen egun hura?
I.C.: Azpeitiakoa edo Tolosakoa izango zen. Toreatzailea izan nahi nuela konturatzeko balio izan zidan.

Urnietan ez da batere ohikoa gazte batek toreatzaile izan nahi hori...
I.C.: Horrela da, hemen Salamancan errazagoa da gazte gehiago izatea toreatzaile izan nahi dutenak, baina kontrakoa iruditu arren, nik beti entzun izan dut hor ere afizio handia dela. Aitonari eta aitari ere entzun izan diet Donostian Txofre plaza zegoenean afizio handia zegoela, eta gainera zezenketaz asko ulertzen zutenak, eta berdin Tolosan edo Azpeitian.

Zein adinekin hasi zinen prestatzen?
I.C.: 11 urte inguru izango nituen Peña Taurina La Paz delakoan hasi nintzenean. Zaletu talde bat zen, eta hara joaten ginen saloiko toreoa egitera, eta gogoan dut zaletu haiek oso ondo portatzen zirela nirekin. Zekorrak toreatzera ere eramaten ninduten Lasturrera. Nire lehen zekorrak han toreatu nituen.
Salamancara joatea ezinbestekoa zen toreatzaile izateko?
I.C.: 17 urterekin etorri nintzen, Salamancatik gertu dagoen Vilvestre herrian bizi naiz. Eta bai, modu serioan hartu nahi nuen toreatzailea izatearena, ez zen batere erraza izan bizilekua uztea, familia uztea, baina erabakia hartua zegoen eta lantegi honetan aurrera egitea hona etorrita errazago zen. Ganadutegi asko dago hemen, baita ere jai mordo bat hasi berriak direnak zekorrak toreatzeko.

Nolakoak izan dira azken hamar urte hauek?
I.C.: Salamancako tauromakia eskolako partaide izatera pasa nintzen, Juan Jose Garcia maisua izan dut irakasle. Hura izan da dakidan guztia irakatsi didana. Gero hemengo ganadutegietan zekorrak toreatzen aritu naiz. Eta prestatua zaudela ikusten dutenean nobilladak toreatzen hasten zara, hasieran txikiak, eta denborarekin handiagoak. Ezagutza eta esperientzia pixka bat hartu nuenean pikadoreekin hasi nintzen. Behin pikadoreekin hastean eskolako partaide izateari utzi egin nion.

Noiztik nobillero?
I.C.: Pikadoreekin 2004. urtean hasi nintzen, eta gauzak ez dira errazak izan, nik ez baitut apoderaturik izan famatuen edo ezagunen semeek duten moduan. Egunez egun, plazara atera naizen bakoitzean hurrengo kontratua irabazi egin behar izan dut, eta gauza garrantzitsuak lortu ditut, Valladolid eta Salamancako herri garrantzitsuetan toreatzeko aukera izan dut. Bi urtetan Salamancako ferian, beste bitan Madrilen Las Ventas-en, behin Zaragozan...

Nola funtzionatzen du apoderatuen munduak?
I.C.: Harremanak izaten ditu plazetako jabeekin, plaza inportanteetan sartzeko kontratuak lortzeko orduan garrantzitsua da, baina oraindik nire apoderatu izateko prest dagoela esanez ez da inor etorri.

Beraz oraindik toreatzaile moduan bizitzea ezinezkoa da.
I.C.: Bai, ganadu hiltegi batetan egiten lan gaueko txandan. Goizetan atseden hartzen dut eta arratsaldetan entrenatzen naiz.

Nola gogoratzen duzu alternatiba hartu zenuen apirileko egun hura?
I.C.: Egun berezia izan zen, nire bizitzako urratsik garrantzitsuena. Plazara irteteko zain nengoela bizitza osoa pasa zitzaidan burutik, lagunekin gogoratu nintzen, nire herria utzi beharra izan nuen egun hartaz... Jainkoari eskerrak dena ondo atera zen, hiru belarri moztu bainituen.

Aurtengoa izango al  da zure urtea?
I.C.:Horretarako prest nago, orain kontentu nago, Donostiako Udalak atera berri ditu Aste Nagusiko zezenketarako baldintzak, bertan antolatzera aurkeztu nahi duten enpresarioei, lehentasunen arabera toreatzaile bakoitzari udalak emandako puntuak agertzen dira, eta nire izena Jose Tomas eta Morante de la Pueblaren ondoren hirugarren lekuan jarri dute. Oso eskertuta nago eta espero dut zezenketa horien antolatzaileak kontutan izatea Udalaren eskaera. Ilusio handi bat beteta ikusiko nuke eta gainera lehen mailako plaza batean toreatzeko aukera izango nuke.
 
Urnietan izan zinen azkeneko aldia?
I.C.: Famili handia dut hor, lana dela eta ez dut denbora libre askorik baino urtero bitan edo aldiz joaten naiz. Alternatibaren ondoren  izan nintzen azkenekoz, sari bat eman zidaten Donostian, omenaldi txiki bat alternatiba hartu izanagatik, eta Urnietan egun pare bat pasatzeko aprobetxatu nuen. Baina Urnieta gogoan izaten dut, ederki gogoratzen naiz Adarra mendira nola igotzen ginen eta bueltakoan Besabi eta Xoxokako tabernara sartzen ginela.

Zein dira zure gustuko toreatzaileak?
I.C.: Ez litzateke justua izen bakar bat esatea, denok momentuko izarrei begiratzen diegu. Oraintxe bertan, Jose Tomas, El Juli, Miguel Angel Rivero, Morente de la Puebla, Manzanares, momentu honetan puntan dabiltzanak dira. Edonorentzako erreferentzia bat direla uste dut.

Zezenketen aurka daudenei zer esango zenieke?
I.C.: Ezagutzen ez den zerbaitez hitz egiten dute askok. Esango nieke iritzia eman aurretik saiatzeko zezenketari buruz informatzen. Zezenketa bat inoiz ikusi ez duenak hasieran zirrara sentitzea ulertzen dut. Baina bizitza honetan denak du bere zergatia eta zezenketak ere bai. Zezenketan egiten den gauza bakoitzak du bere zergatia.

Bukatzeko, zerbait esan nahi urnietarrei?
I.C.: Oso harro nagoela horkoa izateaz, beraietako bat bezala ikus nazatela, eta Illunben toreatzeko aukera ematen baldin badidate beren babesa ematera joateko. Arratsalde hori beraiekin partekatzeko. Ni harro egongo nintzateke urnietarrak nitaz harro sentituko balira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!