Esnearen salneurria, behera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 19a, 20:05

Esnearen salneurriaren jaitsierak Euskal Herriko esne ekoizleen egoera asko okertu du azken hilabeteotan.
Iazko udazkenean hasi zen esnearen prezioa goitik behera etortzen. Azken hilabeteotan 15 zentimoko jaitsiera azkarra izan du. Europako zenbait lurraldetan, kontsumitzen dutena baino esne gehiago ekoizten dute eta sortutako esne soberakin hori oso salneurri merkean saltzen dute honuntza. Joera horrek kalte handia eragin die Euskal Herriko baserritarrei.
Esnea ekoizteak sortzen dituen kostuek goruntzako bidean jarraitzen dute eta  diru sarrerak asko murrizten ari dira. Horren ondorioz,   lanari etekin ekonomikoa ateratzeko tartea estutu egin da. Baserritar asko lehendabiziko galerak pairatzen hasi dira. Eskualdeko sei esne ekoizlek egoeraren inguruko iritzia eman dute:

  1. Zer nolakoa da zure esne ustiakuntza?
  2. Nola eragin dizue esnearen salneurriaren jaitsierak?
  3. Nola ikusten duzu esne sektorearen etorkizuna?

DOMINGO ETA JUANTXO BELDARRAIN
Agaraitz baserria

Amasa-Villabona

  1. Domingo: Betidanik izan ditugu behiak etxean. Birraitonak, aitonak, aitak, neronek eta semeak ere bide berari eutsi diogu. Badira bost gizaldi lan honetan ari garela. Denera 38-40 buru ditugu. Esnea ardura handiko lana da eta oso lan lotua.
  2. D.: Ez du onik ekarri. Ikusi besterik ez dago baserriko martxa nola ari den desagertzen. Dena kanpotik ekarritakoa jan behar al dugu gero? Etxean egindakoa gauza ederra izaten da, kanpotik ekarritakoa pagatu bai baina, ez dakigu nolakoa den.
    Juantxo: Ekonomikoki oso zorrotz eragiten du prezio jaitsierak. Bizimodua ateratzeko posturari begiratuta, aurrera segi behar da eta gustura ari naiz oraingoz horretan. Sektore honek bakarrik ez, baina sozialki, merezi genuen pixka bat: oso puztuta jarri garela uste dut eta ezin da erritmo hori mantendu. Sektore hau beti antzeko krisi egoeran egon bada ere, belarrondokoa eman digu eta jaitsierarekin estututa dabiltza batzuk.
    D.: Kanpoan diru gehiago irabazteko moduak, baserritik alde egitera bultzatu du jendea.
    J.: Baserrian dirurik ez dago. Bizimodua ateratzeko antzinako sistema bat da hau eta orain ere, lurrari lotutako ganaderitza eginez gero, ez legoke aurrera egiteko arazorik. Gure baldintzak beste edozein lanposturekin alderatuta, ordea, izugarrizko aldeak ditu eta horrek gaztea ez du baserrian geratzera motibatzen.
  3. D.: Administrazioaren esku dago egoera aldatzea, guk ez daukagu zereginik.
    J.: Prezio gerra honetan administrazioak ez du eskua sartzerik izango  baina, badaude gaia jorratzeko bestelako bideak: diru-laguntzak ondo bideratzea, esaterako. Beste gauza batzuk egiteko gogoa dagoen bezala, nahi izatea da kontua. Esnearen prezioa litroko 30 zentimo azpitik dago egun eta bi zentimo gehiago jaistekotan dira. Hori egiten badute markatu egingo du: erdi erorian dagoen zuhaitz bati golpe bat jo eta botatzearen parekoa izango da. Oraindaino administrazioak bideratuta, behi pintoaren umeak edukitzeko dirulaguntzak jaso ditugu. Administrazio batek dirulaguntza horiek kentzen baditu, pentsa daiteke zer nolako borondate daukan baserriari eusteko. Behiak behar ditugu eta ez dugu Frantziara joan behar bigak erostera, hemen hazi behar ditugu.
    D.: Kanpotik behiak ekartzen hasiz gero, ez zara defendatzen.
    J.: 1800 eurotan ari gara bigantxak ekartzen. Esneak daukan prezioa kalkulatuta, behi horren umealdi bat eta erdian ematen duen esne guztia bere burua ordaintzeko behar du. Batez beste hiru erditzera iristen ez garela kontuan izanda, ez du batere etekinik ematen.
    Bestalde, Gurelesaren kapitalari litroko bi pezeta eman beharra onartezina iruditzen zait. Ez dakigu zertan gastatzen den diru hori. Azken batzarrean bederatzi botoko aldearekin atera zen aurrera erabakia; oso haserre zen ondoren jendea, joan ez zena bereziki. Horrelakoetan, ez dago etxean geratzerik.
  1. Zer nolakoa da zure esne ustiakuntza?
  2. Nola eragin dizue esnearen salneurriaren jaitsierak?
  3. Nola ikusten duzu esne sektorearen etorkizuna?
SABINO ALKORTA
Goikoetxeberri baserria
Andoain
  1. Hogei behi jezten ditugu eta urtean 120.000 litro esne ekoizten dugu. Behitegi txikia da gurea. Emaztearen gurasoen baserrira ezkondu ginen eta haiek ere esne behiak izaten zituzten. Huk hogeita hamar urte daramagu lan honetan. Urte hauetan, hobekuntza ezberdinak egiten joan gara, esnea jezteko edota mantentzeko makinak baditugu, baina gaur egungo esne ekoizle handiekin alderatuz, baserri txikia da gurea. Ez dugu jezteko gela berezirik edo robotik eta etxekoak bakarrik aritzen gara bertan lanean.
  2. Diru galera handia ekarri du guretzat. Hilean 1200 euro inguru gutxiago jasotzen dugu, gutxi gorabehera. 2007ko irailean, esnearen salneurriak gora egin zuen eta 0,467 euro ordaintzen ziguten litroko. Orain, 0,325 euro jasotzen dugu litroko, ia 24 pezeta gutxiago. Hilean, batez-beste 10.000 litro ekoizten dugula kontuan hartuz, diru asko suposatzen du jaitsiera horrek. Merkatuan saltzen den esnearen salneurria pixka bat jaitsi da, baina ez da izan ekoizleari egin dioten jaitsieraren parekoa. Guk ekoizpen txikia dugu eta, galeratan sartuz gero ere, galera txikiagoak izango dira. Irabaziak eta galerak, ekoizpenaren proportzioan joango dira beti.  
  3. Etorkizun beltza ikusten dut. Gure tamainako baserriak urte gutxitan ezkutatuko direla uste dut. Gaur egun, esnea ekoizten duten lau baserri bakarrik daude Andoainen, gurea barne. Bizi-iraupenerako irabaziak bakarrik ematen ditu eta ondorengoek ez dute jarraitu nahi izaten. Lotura handiko lana da baserrikoa, eta etekin ekonomikorik ikusi ezean, inork ez dio baserriko lanari eutsi nahi. Gurasook ere beste bide batzuk hartzera bultzatzen ditugu askotan seme-alabak, badakigulako baserritik ez dagoela etekin handirik. Ez dakit ekoizpen handiko baserriek nolako etorkizuna izango duten, baina txikiena oso iluna da. Bizimoduaren kostua asko igo da eta esneagatik jasotzen dugun diruarekin ezin zaio egoerari eutsi. Argindarra, adibide bat jartzeko, %30 garestitu da hilabete gutxitan. Igoera horiei aurre egitea ez da erraza.
    Aurrerantzean ere esnearen prezioaren joera beherakoa izango dela esaten ari dira. Frantzian, kontsumitzen duten esnea baino gehiago ekoizten dute eta soberakin hori hona saltzen dute, merke. Lursail handiak dituzte han eta guk baino merkeago ekoizten dute esnea. Guk kanpotik erosi behar izaten ditugu lastoa, pentsua eta gainerako elikagaiak eta han, etxean ekoiztutakoarekin moldatzen dira. Horren kontra ezin dugu ezer egin.
    Baserritarren arteko batasuna bultzatu beharko genuke egoera honi irtenbidea bilatzeko. Orain arte ez dugu lortu batasun hori eta nire ustez hori da gure erronka nagusia.

  1. Zer nolakoa da zure esne ustiakuntza?
  2. Nola eragin dizue esnearen salneurriaren jaitsierak?
  3. Nola ikusten duzu esne sektorearen etorkizuna?

AITOR USANDIZAGA
Zabal Errekondo baserria

Asteasu

  1. Gurasoek betidanik izan dituzte behiak etxean, 1982an eraikin berria egin zuten. Ikasketak utzitakoan, bertan hasi nintzen lanean eta, 1998an, gurasoen eta nire artean elkartea osatu eta beste ukuilu bat egin genuen 1999an. 2008 urte bukaeran jezteko sala berritu dugu: txikia geratzeaz gain, lanerako desegoki baitzegoen. Orain anaia ere elkartean sartu da eta aurten, beste langile bat ere badugu. 100 behi pasatxo ditugu jezteko. Makina aldetik, lanerako egokitasuna dugu.
  2. Esnearen prezioarekin inbertsioari buelta ematea ez da erraza. 1989 urtea oso ona izan zen eta, garai hartan, behi asko jarri zen leku askotan. Oso ondoren txarra etorri zen, ordea. Sekulako beherakada izan zuen esneak eta ukuilu mordoska desagertu egin zen. Ordutik hona, ukuiluak ixten joan dira urtero. Gelditzen ginen gehienek buru kopurua handitu egin dugu eta, kasu askotan, familia edo auzokoen artean elkarteak sortu dira: oso lan lotua denez, ahal den egokien moldatzeko modua bilatu behar delako. Urte dezente daramagu salneurri duina lortu ezinik eta iaz lortu genuen arren, urtebetean, 15 zentimo jaitsi da litroa. Izugarria da hori. Gestio kooperatibako azterketan, Gobernuak izendatutako oinarrizko gutxieneko soldata hartu genuen kontuan: 23.700 euro eskas. Esnea bi zentimo jaisten zen bakoitzeko, hemengo ukuiluen %20ak oinarrizko errenta horretara iristeko aukera galtzen zuen. Momentu honetan, jaitsiera kontuan izanda, baserri asko kiebra egoeran dago. Litro esnea 50 zentimo inguru kobratu beharko genuke eta, une honetan, ia 28 kobratzen ari gara. Egoera honek urtebete irauten badu, oso gaizki bukatuko dugu denok.
  3. Supermerkatu guztiak prezioak estutzen ari dira eta jaitsiera hori produktura pasatzen da zuzenean beti. Iparlat enpresak baserritarrokin adostu gabeko akzio salmenta egin zion Suitzako multinazional bati, eta ondorioz, Kaiku edo Gurelesa moduko hemengo kalitateko marken nagusitza suitzarrak hartzen ari dira. Geroz eta indar gutxiago daukagu guk gure markatan eta, noski, marka horietatik sortzen den balio erantsi horretatik ez dugu ezer jasotzen. Arazo hori ere mahai gainean jarri dugu baina, erantzunik jaso ez eta informazioa ezkutatu egin zaigu. Gu, EHNE mailan, oso haserre gaude gai horrekin. Iparlat-en barruan, %40 pasearekin, akzionisten gehiengoa hemengo baserritarrak izanagatik, beste erakundeak gu baino gehiago dira eta euren artean hartzen dituzte erabakiak. Tristeena nahi duten bezala maneiatzen gaituztela da. Baserritarren artean giroa txartzen ari da: baserritarrok, jaitsieraren aurrean, ezetz esateko adostasunera nola iristen ez garen ez dut ulertzen. Gure produktua defendatzeko baserritarrok elkar hartzen ez badugu, ez daukagu zereginik.

  1. Zer nolakoa da zure esne ustiakuntza?
  2. Nola eragin dizue esnearen salneurriaren jaitsierak?
  3. Nola ikusten duzu esne sektorearen etorkizuna?
JON TEJERIA
Larrola baserria

Larraul
  1. Gure etxean beti ezagutu izan ditut esne-behiak. Aitona zena baserritik bizi zen, aitak lanbideari eutsi zion eta ni neroni, hamalau urte nituenetik ari naiz baserrian lanean. Larraulen, esne ekoizpenari eusten dion bakarra naiz. Pixkanaka, jendea uzten joan da eta gazteak ez dira animatu lekukoa hartzera.
    Duela urte batzuk ezagutu genituen baserriek ez dute zerikusirik gaur egungoekin. Lehen zegoen lanerako modua mantentzea ezinezkoa zen honetatik bizi ahal izateko eta aldaketa handiak egin ditugu. Gure etxean egunero 90 behi jezten dugu eta batez-beste, egunean 2700 litro esne ekoizten dugu. Bi egunetik behin etortzen da kamioia esnea biltzera eta azken asteotan, 5900 litro inguru eramaten ditu, gure batez-bestekoa baino pixka bat gehiago.
  2. Lehen ere urte txarrak pasa ditugu, baina ez dut uste orain arte horren bolada txarrik ezagutu dudanik. Egoera txarra etorri aurretik, gainera, hilabete onak izan genituen, esnearen prezioa goian zegoen eta horregatik, jaitsieraren kolpea gehiago nabaritu dugu. Urte hasieratik jaitsiera handiak izan ditu esneak eta horrek asko eragiten digu. Egia esanda, ez dut oso gertutik jarraitu prezioen garapena, etengabe aldatuz joan delako, baina oso argi ikusi dut duela hilabete batzuk ordaintzen zigutenarekin zer ikusirik ez duela. Gainera, pentsuaren prezioaren joera gorakoa izan da eta geroz eta margen txikiagoa geratzen zaigu. Azken hilabeteotan galeretan sartzen hasi gara eta ez dakit nola amaituko den hau guztia. Geroz eta gehiago jaitsiko dela esaten ari dira eta horrek beldurra ematen du.
    Krisialdiak ekonomiaren sektore guztiak ukitu ditu eta guri ere horren eraginak iritsi zaizkigula esaten dute. Hala ere, nire iritzian, krisia izanda ere, jendeak ez dio esnea edateari utziko.Kapritxozko zerbait balitz errazago ulertuko nuke krisialdiak eragitea, baina jan-edanetan gastatzen dena murriztea harrigarria egiten zait. Gainera, estatu mailan esne produkzioa kontsumoaren azpitik dago eta esnea soberan ekoizten duten herrietatik ekartzen da. Soberan duenak bere produktua nolabait atera nahi izaten du eta horrek guri eragiten digu. 
  3. Sektorearen etorkizuna beltz ikusten dut. Lehen ere gazteek ez zuten baserriarekin jarraitu nahi eta horrelako gorabeherak ikusita, orduan eta zailago iruditzen zait baserriko lanari eustea. Gure eskualdean, badira esne eskoizle batzuk, eta egoera ez da erraza, ez ekoizle handientzat, ezta txikiagoentzat ere. Momentu honetan, abantaila bakarra  txikiek dute; gastuak ere txikiagoak direla.
  1. Zer nolakoa da zure esne ustiakuntza? 
  2. Nola eragin dizue esnearen salneurriaren jaitsierak?
  3. Nola ikusten duzu esne sektorearen etorkizuna?

BERNARDO LABAKA
Ugarte baserria

Zizurkil

  1. Guk 115 behi jeitzi eta egunean, 3500 litro esne inguru ekoizten ditugu. Gutxi gorabehera, 30 litro esne ematen du behi bakoitzak eta bi egunetik behin etortzen da kamioia esnea biltzera. Horrez gain, beste 20 behi antzu eta 90 biga gazte inguru ere baditugu. 1994 urtean instalakuntza berriak egin genituen. Ordura arte, 15 edo 20 behi inguru izaten genuen etxeko ukuiluan. Nire aitak erretiroa hartu eta baserriko lana nik hartu nuen garaian ukuilu berria egin genuen etxe inguruan eta ekoizpena hazi egin genuen. Lan honetan jarraitzeko, instalakuntza berriak egitea egokia izango zela iruditu zitzaidan eta horrela egin nuen.
  2. Iaz esnearen prezioak gora egin zuen kolpez eta orain berriz, beheranzko kolpe izugarria egin du. Pentsuaren igoerarekin batera egokitu zen iazko igoera eta orain, pentsuak ez du neurri bereko salneurri jaitsierarik egin. Irabazien margena geroz eta txikiagoa da. Baserritar guztiak argi gorria piztuta gaude eta horrek bide motza izaten du. Erretserban daukagunarekin denbora pixka batean jarraitzeko aukera izango da, baina ez dakit noiz arte luza daitekeen egoera hau. Udazken aldera prezioa pixka bat goruntza mugituko den esperantza piztu da, baina ez dago ezer garbirik.
    Oso mundu globalizatuan bizi gara eta horrek asko eragin digu baserritarroi. Iazko ekainean, mundu osoan esnea falta zela eta, salneurria asko igo ziguten. Urtebete pasa ondoren, berriz, Europa aldeko herrietan esnea soberan dagoela eta oso merke saltzen ari dira honuntza. Hemengo baserritarren egoera asko okertu da eta iruditzen zait Europan ere prezio horietan ekoiztea ez dela errentagarria. Oso belaze onak eta handiak dituzte eta guk baino merkeago ekoitz dezakete kanpotik erositako elikagaien beharrik gabe, baina han ere gastuak ekartzen ditu esne ustiakuntzak; makinaria, eskulana… Hori dena ordaindu egin behar da eta ez zait iruditzen orain darabiltzaten prezioetan esnea ekoiztea errentagarria gertatzen zaienik. Ez da posible. 
  3. Etorkizuna ez dut batere garbi ikusten. Udazken edo negu aldera esnearen salneurria pixka bat igoko ote den esaten ari da jendea, baina ezer garbirik ez dago. Zizurkilen sei baserri inguru ari gara esnea ekoizten eta ez dut berririk sortuko denik espero. Lan honetan hasteko inbertsio handiak egin behar dira eta egonkortasunik ez du eskaintzen, horregatik ez dakit sektorearen etorkizuna zein izango den. Gazteek ez dute horrelako inbertsio handietan sartu nahi, ondoren batere ziurtasunik gabe lanean aritzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!