Arte komisarioa, erakusketen bidegilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 19a, 19:46

Itxaso Mendiluze andoaindarra Basteroko erakustaretoko arte komisarioa da. Bere langintza bitxiaren berri azaldu du elkarrizketan zehar.

Arte Ederrak ikasi zuen Bilbon eta Filosofia Donostian. Biak ere bokazioz egiteko ikasketak direla uste du: batak oinarri praktikoa eskaini zion, oinarri teorikoa besteak. “Sekula ez dut artista izateko grinarik izan. Egia esan, beti nahiago izan dut teoria praktika baino. Bigarren karrera amaitzeke nuela ekin nion komisario lanari. Horrek, erabateko zentzua eskaini zien egindako ikasketei”. Gogoko du aniztasunean oinarritzen den bere lana, “oso lan gozagarria da”.

Arte komisario moduan egiten duzu lan egun Bastero Kulturgunean. Ibilbide zabalagoa duzu, ordea…
Egun eta iaztik, Basteron ari naiz komisario legez. Esan liteke, hasitako lana berreskuratu dudala, izan ere, lehen bi urteetan neuk eman bainion hasiera Basteroko erakustaretoari. Beste hainbat lekutan ere aurkeztu ditut nire proiektuak. 2003-2005 urte artean Basteron aritu eta gero, 2006an, “Dibujando el Revés/Bestelako marrazkiak” erakusketa aurkeztu nuen Gasteizko Montehermoso Kulturgunean Bene Bergado, Manu Arregui, Blami, Miriam Ocariz, Edu López eta Abigail Lazkoz artistekin. Xabier Arakistainen asistente gisa ere lan egin dut Bilboko Arte Ederretako Museoan “Kiss Kiss Bang Bang, 45 años de arte y feminismo” erakusketarekin. 2007an, Artista Nobelen erakusketako komisario izan nintzen Koldo Mitxelenan, eta urte berean, “Líbrate de ello” erakusketa aurkeztu nuen Bilbaoarte Fundazioan Helena Almeida, Bene Bergado, Miguel Angel Gaüeca, Risk Hazekamp, Duane Michals eta Joan Morey artistekin. 2008az geroztik Basteron erakusketa anitz egin ditut, Enrique Marty, Elena Blasco, Eduardo Sourrouille, Gabriel de la Mora, Risk Hazekamp, Regina de Miguel, Begoña Zubero eta Mira Bernabeu.

Azalduko al diguzu zein den arte komisarioaren lana?
Komisarioaren lanak lan asko hartzen ditu bere gain. Lehenik eta behin, proiektu teorikoa egin beharra dago. Proiektu horrek, kasuaren arabera, erakusketa bakar bat edo erakusketa ugari bilduko ditu. Azken kasu hori espazio konkretu batean denbora batez lan egiten denean gertatzen da. Proiektu horretan, teoriak ideia bat agertzen du, gorputz bat. Basteroren kasuan, proiektuak bi urterako nahia agertzen zuen eta gauza ugari hartu nuen kontuan: batetik, non dagoen eta zein jenderi eskaintzen zaion. Horrek hasiera batetik barietatea eskatzen du. Neuk ez dut nahi bisitariak adituak soilik izatea, aitzitik baita artea ikustera ohituta ez dagoen jendea gerturatzea ere. Gauzak erakutsi behar dira eta gauza ezberdinak. Bestetik, parietatearen ideia dago, alegia, ekartzen diren artisten ehuneko 50a gutxienez emakumezkoa izatea, hori oso garrantzizkoa da niretzat. Eta noski, kasu honetan, kalitatezko arte garaikidea izatea. Behin artisten zerrenda erabakita, haiekin harremanetan jartzen da komisarioa eta bestelako lanak ere egin behar izaten dira: txartelaren inpresioa, garraioa, seguruak… Era berean, gure lana izaten da, artistarekin batera, erakusgela antolatzea.

Andoaindarra izanik Bilbon bizi zara. Herrian edo hirian bizi, alderik sumatzen al duzu artea landu, erakutsi eta bizitzeko garaian?
Bilbon bizi naiz orain zazpi edo zortzi urte. Andoainera maiztasun handiz etortzen naiz eta ez dut lotura hori galdu nahi. Herriaren eta hiriaren arteko ezberdintasuna nabaria da zentzu askotan. Artearen kasuan, harremanak errazten dizkit. Gertuago dauzkat ekitaldi eta artistak berak. Baina hori hasiera batean egin beharreko lana dela uste dut. Gerora eta egun ditugun komunikabide eta bidaiatzeko erraztasunak kontuan izanik, edonon bizi zaitezkeela esango nuke. Komisarioaren lanak erakusketa, ekitaldi edo feria anitz ikustea eskatzen du eta horrek, era berean, etengabe bidaiatzea eta informazioz blaitzea. Munduan zehar zer erakusten ari diren jakin beharra daukat, edo feriatan murgildu; zer sortzen den ikusteko. Noski, hiritik egitea errazagoa da. Gainera, giro horretan murgilduz gero, gauza batek bestea ekartzen du. Giza harremanak oso garrantzitsuak dira lan honetan.

Maiatzaren 23ra arte Mira Bernabeuren “Video only video” erakusketa ikusgai dago Basteron. Gustura al zaude jasotako emaitzarekin?
Neuk guztiz sinesten dut egiten ditudan erakusketetan, eta uste dut hori plazaratzen dudala edonork galdegiten didanean. Miraren lanik ezagunena argazkigintzan oinarritzen da, baina bideo anitz ere egiten du horrekin batera. Kasu honetan, eta lehen aldiz, bideo horiek guztiak bildu nahi izan dira erretrospektiba moduan.  Agian erakusketa didaktikoago baten itxura hartu du. Jendeak bertan eseri behar du eta bideoak ikusi eta entzuteko gogoa izan. Nik ulertzen dut badirela zenbait erakusketa pazientzia eta gogoa eskatzen dutenak. Baina horrexegatik saiatzen naiz programa bariatua egiten: jendeak ohitura har dezan gauza horiek guztiak ikusteko. Inaugurazioa ere egiten dut, eta geroz eta jende gehiago gerturatzen da bertara. Hori, esaterako, garrantzitsua da, ezen artista bera bertan egon ohi da eta jendeak erakusketaz galdetu ahal dio. Bestalde, neuk antolatu ditudan erakusketak gero estatu mailako zein  atzerriko museo eta galeria garrantzitsuetan ikusi ahal izan dira, eta hori ere kontuan hartzekoa dela uste dut. Gustukoak izan edo ez, nik uste ikustea garrantzitsua dela. Gainera, bidaiatzen dugunean, ez al dira museoak derrigorrezko bisitak? Zergatik etxetik kanpora bai eta etxean bertan ez?

Epe laburrera ba al duzue herrian beste erakusketarik aurreikusita?
Hurrengo erakusketa Edu Lópezena izango da. Koadroak jarriko dira oraingo honetan ikusgai, eta gainera formalki oso konkretuak; komikiaren ilustratzeko modua hartzen baitute ardatz. Besteen artean Tintin komikiaren irudiak marrazten ditu berak.  
Udan atsedenaldia etorriko da eta uda ostean, Joan Moreyren erakusketa eta performancea. Erakusketak, oro har, 40 egunekoak izaten dira, hilabete eta erdiro inauguratzen direlarik. Beste hainbat erakustaretorekin alderatuta, beraz, maiztasun handiz antolatzen dira. Jendeak denbora luzeagoz uzteko eskatu izan dit, ohartzerako amaitu egiten direlako. Baina hori ez dago nire esku, Bastero beraren esku baizik.

Zer nolako erantzuna dute, oro har, arte erakusketek Andoainen?
Nik uste oraindik ere kosta egiten dela erakusketetara etortzea, baina geroz eta jende gehiago ari da ohitura hartzen. Neuk anitz eskertzen dut kalean geratu eta norbaitek erakusketaz bere iritzia ematen didanean: berdin da onerako edo txarrerako izan, baina iritzi bat izateak interesa agerrarazten du eta hori ona da. Gainera, herrian eta herrirako egiten dira ekitaldi hauek eta uste dut oso eskertzekoa dela Udal teknikariek gisa honetako proiektu batean konfiantza erakutsi izana.

Jendea erakusketak ikustera erakartzeko mezurik bidaliko al zenieke Andoaingo eta eskualdeko irakurleei? Zergatik etorri?
Eskura eta dohainik eskaintzen dira beste museoetan ikus daitezkeen erakusketak. Inaugurazioetara etortzera ere gonbidatuko nituzke, artistarekin harremanetan jartzeko aukera horrek erraztu egiten baitu bai lanaren ikuspegia eta baita ulermena ere. Beraz, datorren maiatzaren 30ean, arratsaldeko 20:00etan, Edu Lopezen inauguraziora gonbidatuta zaudete guztiak.

ASKOREN ARTEAN BAT:
Kolore bat?
Beltza
Margolari bat? Artemisia Gentileschi
Eskulturgile bat? Kiki Smith
Argazkilari bat? Francesca Woodman
Eraikin bat? Mies van der Rohek Bartzelonako 1929ko Exporako egindako Alemaniako pabilioia.
Arte estilo edo garai bat? Printzipioz kriptikoa ez den bat. Hortik aurrera ezin mugatu bakar batera.

www.bastero.com gunean denboraldi honetan eginiko erakusketen berri jaso daiteke
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!