Oihartzuna hartu duen gatazka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 19a, 19:39

Urte hasieraz geroztik, Santiago egoitzako langileak protestak egiten ari dira Udal langileen baldintzekiko parekatzea eskatuz. Udalak Foru Aldundiaren eskumena
dela dio.

Gatazkaren aurrean bi ikuspegi argi daude: Santiago egoitzako ordezkariek Udalari egozten diote zahar etxeko zerbitzuaren ardura eta ondorioz, baita bertako langileen baldintzena ere. Udalak, berriz, egoitzaren kudeaketa euren ardura ez dela dio. Egoitzako kideak lanuzteak nahiz grebak eginez eta herrian jarritako txartelen bidez bideratu dute protesta. Udalak, beraien ikuspegia azalduz idatzia banatu zuen herriko etxe guztietan eta maiatzaren 14an, batzar informatiboa eskaini zuen herritar ugariren aurrean.

Santiago egoitza, ekiparazio eske
Santiago egoitzako ordezkari moduan, Oria-Goierri bailarako Gizalan-eko arduradun Joseba Iturbek eta ELAko delegatu Esti Yarzak hartu dute hitza. 2004 urteaz geroztik egoitzan enpresako itun bat dutela adierazi zuen Iturbek. “Itun horren bidez, lan hitzarmen probintzial bat dugu eta baldintzak hobetuta ditugu. Hobekuntza horiek 2008ko abenduaren 31n amaitzen zirenez, negoziaketa eskatu genuen berriro”. Lan hori kudeatzen enpresa berri bat hasi zela eta euren artean jarrera ona izan dutela azaldu zuten ordezkariek. “Gure eskakizunak enpresari planteatu dizkiogun arren, egoitza hau ez da enpresarena, Udal zerbitzua baizik. Ondorioz, hemengo langileak enpresako langileak izanagatik, Udal zerbitzu batean lanean ari direnez, langileen lan baldintzak Udaleko langileenekiko parekatzea eskatzen dugu. Ekiparazio hori enpresak eman ezin digula ulertzen dugu, Udala izan behar duela egoera hori bermatu behar duena”.
Protesta moduan, otsailean lanuzteei ekin zieten. “Martxoaren hasieran alkateari proposamen bat eman genion, baina orain artean, ukatu egin dute negoziazioa, zahar etxea beraien konpetentzia ez dela argudiatuz”.

Kritika politikoa
“Lanuzteak egin ditugu eta mobilizatzen ari gara; negoziazioa eta ekiparazioa eskatzen dugu. Herriko arduradun nagusia alkatea dela uste dugunez, kaleetan berari zuzendutako txartelak jarri ditugu”. Egoera aldatu artean kritika politikoa egiten jarraituko dutela azaldu zuten, “Udalean euren buruak ezkerreko eta abertzale moduan aurkeztuta sartu zirenez, bestelako jarrera espero genuen. Egoitzako langileekiko ezkerreko politika non den galdetzen diegu guk, jasotzen ari garen erantzuna abertzale ez diren beste alderdi batzuen berbera baita”. Udalari gauza gehiago ere esan diotela gaineratu dute, “besteak beste, egoitza euren konpetentzia ez dela esaten dutenez, Arrasaten adibidez, agintean alderdi berdina egonik, proposamen serio bat egin zitzaiela langileei baldintzak parekatzearen bidetik. Villabonakoa Udalaren eskumena ez bada, Arrasaten bide hori  zergatik hartu duten eta Arrasaten ANVtik aurkeztu zenak langileekiko sentsibilitate gehiago ote duen ere galdetzen dugu”. Santiago egoitzako ordezkarientzat, kalitatezko zerbitzua, langileen lan baldintzak –ekonomikoak nahiz laboralak– kalitatezkoak eta duinak direnean betetzen da. “Kalitatezko zerbitzuaren baitan sartzen dira langileen eskakizunak ere”. Maiatzaren 11ko batzarrean hartutako erabakien artean, ekainaren 23a arte, lanuzteak beste hilabete batez luzatzea erabaki zuten.
 
Ezker abertzalearen batzarra
Josune Arretxe Ongizate batzordeko zinegotziak eta Ezker abertzalearen izenenean, Esti Amenabarrok hartu zuten hitza maiatzaren 14ko agerraldian. Aste gogorrak bizitzen ari direla eta joan zen otsailetik, ekiparazioa eskatuz, ELAko ordezkariek hartu duten bidearekin ados ez daudela adierazi zuen Arretxek. “Hasieratik ez dugu joko horretan gehiegi sartu nahi izan, ez zaigulako bide zuzena hartu dutenik iruditzen. Lehen bileran, protestak nahiz baldintzak hobetu nahi izatea bidezkoa dela adierazi genien, baina benetako arduradunarengana jo behar zutela eta, bide horretan, laguntzeko prest geundela”. Udala benetan kezkatzen duena egoiliarrei eman beharreko zerbitzua bermatzea dela adierazi zuen Josunek eta, era berean, 24 orduko grebak hasi zituztenetik, Santiago egoitzako ordezkarien jarrera gogortu egin zela, “kalean eskakizun sindikaletatik ezaugarri politikoetara pasatako kartelak azaltzen hasi ziren Ezker abertzaleari zuzenduta. Gaizki ari zirela, indarrak beste era batera bideratu behar zirela eta ados ez geundela esan genien. Gainera, beraien jarrera okerrera asko aldatzen ari zela eta gaia desbideratu ez ezik, gezurrak esaten ari zirela”. Gezur tarte horretan, herritarren artean sekulako nahastea sortu dela uste du Josunek. “Ez dugu borroka honetan sartu nahi, beste era batera egin behar dela uste baitugu: Horretarako daude sindikatuak eta bere ardura denez, baita Foru Aldundia ere”.

Bi plano bereizi
Santiago egoitza dela eta, bi plano bereizi behar direla uste du Esti Amenabarrok eta, lehenik eta behin, egoitza horren kudeaketa egoeraren inguruan hitz egin beharko litzatekeela: “argi daukagu zahar egoitzaren kudeaketa eredua ez dela ezker abertzaleak gogoko duen eredua. Historiara jotzen badugu, Udal honetan HB edo EH lanean aritu zen garaian, zahar egoitzaren proiektu interesgarria landu zen, herritarrentzat eta herritik kudeatzen zena. Ezker abertzalearen kudeaketa ereduaren baitan, herri partaidetzan oinarritutako zahar egoitza nahi dugu, beharra dutenei zerbitzua emango dien egoitza. Askotan, ordea, teoriak praktikan bere ezintasunak dauzka eta gu Udal gobernutik kanpo egon garen urteetan egoitza horrekiko hainbat erabaki hartu da Udal honetan. Norbaitek beste kudeaketa eredu bat martxan jarri behar zela erabaki zuen. Kezka ez digu zahar egoitzako kudeaketa sistemak soilik sortzen; baita kiroldegiak, hezkuntzak edo beste hainbat alorrek ere”. Villabonako Udalak Foru Aldundiarekin daukan hitzarmenaren harira, “Udalak egoitza jarri eta lana garatu behar duen enpresa aukeratzeko bitartekaritza lana egin behar du; hortik aurrera, Foru Aldundiaren eskumena da eta, hitzarmen hori, 2000 urtetik onartuta dago, alkateek urtero berritzen dutelarik. Santiago egoitza ez da Udal zerbitzua, Udalaren egoitza baizik”. Elementu erabat sindikala beharko lukeena arazo politiko bihurtu nahian ari direla adierazi zuen Estik, “oso kuriosoa da gu interlokutoreak bagara, zergatik Gipuzkoan sindikatu guztiak Foru Aldundiarekin ari diren hizketan”. Santiagoko ordezkariek Arrasateko egoera ez dutela ondo islatu salatu dute. “Arrasateko alkateak soldata parekatu ez dituela adierazi digu, ez borondaterik ez daukalako, bere eskumena ez delako baizik. Sindikatua, enpresa eta Foru Aldundiaren arteko bitartekaritza lana bideratu du Inok. Villabona beste herri batzuetara jotzeko laboratorio modukoa izan dela uste dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!