Zizurkilgo gazteen beharrak aztertuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 19a, 19:36

Zizurkil Goiko gazteen beharrak aztertu eta irtenbidea bilatzeko lanean ari da Miriam Segurado gazte dinamizatzailea.

Bederatzi eta hamasei urte bitartekoen beharrak zehazteko, gazteekin elkarlanean ari da Miriam Segurado gazte dinamizatzailea. Duela bi urte hasi ziren lanean Zizurkilgo Gazte dinamizatzaileak. “Lan horren barnean, Zizurkil Goiko gazteen beharrak aztertzeko garaia iritsi da. Lehendik ere bazen gurasoen kezka, bederatzi urtetik gorako gazteek, gauzak egiteko gogo gutxi erakusten zutelako. Guraso elkarteko kideak Ainhoa Larrea Kultur teknikariarekin bildu ziren gaiaren inguruan hitz egiteko eta Ainhoak, guregana bideratu du”, azaldu du Miriam Seguradok.
Zizurkil Goiko gazteen beharrak aztertzeari ekin zioten Zizurkilgo dinamizatzaileek: “Lehendabiziko pausoa herria ezagutzea izan zen. Ezinezkoa da beharrak finkatzea, baliabideak, herritarrak eta, batez ere, gazteak ezagutu gabe. Lehendabiziko pauso haietan, gurasoekin ere bildu ginen gure asmoen berri emateko. Azken finean, haien proposamena izan zen prozesu hau martxan jartzeko lehendabiziko urratsa”.
Apirila erdian jarri zuten martxan azterketaren bigarren zatia: “Galdeketak egiten hasi ginen, gazteen beharren inguruko ondorio zehatzetara iritsi ahal izateko. Gazteei zuzendutako prozesua denez, beraien elkarlana ere bilatzen dugu, bai beharrak zehazteko garaian, baita irtenbideak bilatzeko garaian ere”.

Zer, zergatik, nola
Gurasoak, herritarrak eta gazteak elkarrizketatzen ditu Miriam Seguradok, eta hilabete bukaera arte luzatuko da lan hori: “Taldekako elkarrizketak egiten dira, baina bakarkako erantzunak ere bilatu nahi ditugu. Norberaren zaletasunen berri galdetzen diet: dantza, kirola, musika…, horrekin lotuta, eskolaz kanpo egiten dituzten ekintza ezberdinen inguruan aritzen gara eta amaitzeko, herrian beharrezko ikusten dituzten baliabideen inguruan ere galdetzen diet. Banaka erantzuten dituzte galdera hauek, eta ondoren, taldean aztertzen ditugu. Modu horretan behar nagusiak zeintzuk diren zehaztuz goaz eta baita behar horien arrazoiak ere. Behar horiei eman dakiekeen erantzuna ere aztertzen dugu taldeka”.
Gazteekin ez ezik, herriko eragile ezberdinekin ere bildu da Miriam Segurado: “Zenbait gurasorekin hitz egiteko aukera izan dut. Horrez gain, San Millan eskolako kideekin, ludotekakoekin, Loatzo Musika eskolakoekin, pilota eta atletismo irakasleekin, kantu edota bertsolaritza irakaslearekin…, garrantzitsua da gazteen inguruan lan egiten duten eragileekin hitz egitea”.
Gustura dabil Miriam Segurado galdeketak egiten: “Herri txikia da Zizurkil Goikoa eta izaera berezia du. Jendeak oso ondo hartu nau eta erraza egin zait herritarrengana iristea.  Jendeak ezagutzen ez zaituenez eta zertan zabiltzan ez dakienez harremanetan jartzea ez da erraza izaten hasieran, baina beharrezko azalpenak eman ondoren, ez dut arazorik izan. Gustura hitz egiten dut Zizurkil Goiko herritarrekin”.  

Behar nagusia: egoitza
Pixkanaka, zenbait behar zehazten ari dira: “Gazteek gehien aipatzen dutena, lokal baten beharra da. Elkarrekin egoteko eta lasai egoteko toki bat nahi dute gazteek. Euria egiten duenean ez dute elkartzeko toki egokirik, eta horixe da eskaerarik zabalduena. Irtenbideen inguruan hitz egiten hasten garenean ez zaie ideiarik falta, eta hori asko eskertzen dut. Ondo ezagutzen dituzte herriko lokal hutsak eta proposamen zehatzak egiten dituzte. Beste ideia bat, elkarrekin eraikitako gune bat sortzea izan daiteke, Alemanian egiten den modura. Beharrezko materiala lortu eta eraikin txiki bat sortzearen inguruan ere hitz egin dugu gazteekin. Polita da aukera ezberdinak nola hartzen dituzten ikustea”, adierazi du Miriamek.
Horrez gain, oinarrizkoagoak diren beharrak ere ikusi dituzte Zizurkil Goian: “Bankuak jartzea, ur iturria konpontzea, zaborrontziak jartzea… Ping-pong mahai bat ere jar daiteke, besteak-beste”, gaineratu du Miriamek.
Galdeketak amaituta, ondorioak txosten batean bildu eta Udalean aurkeztuko dituzte gazte dinamizatzaileek: “Galdeketatik ateratako ondorioak Udaleko kideei erakutsiko dizkiegu, baita planteatzen diren irtenbideen inguruko informazioa ere. Gazteen gurasoekegindako proposamenarekin hasi zen prozesu guztia, bazutelako gazteen beharren inguruko kezka bat. Behar horiek aztertu ondoren, Udalari egokituko zaio erantzuna ematea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!