Film grabaketa eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 19a, 19:29

Zine kamerak Asteasun izan ziren lehengo astean. Kabela kafetegian eta Aitzondo elkartean aritu ziren “Axun eta Maite” luzemetraiko pasarte ezberdinak filmatzen.

Maiatzaren 14an egin zuten Asteasuko lehen grabaketa saioa, Kabela kafetegian. Ez zen hori izan eskualdean egindako grabaketa bakarra, izan ere, Zizurkilgo Iraola baserrian ekin baitzioten lanari aurreko asteartean. Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga dira filmaren zuzendariak eta fikziozko lehen luzemetraia da bi zuzendarientzat. Jon Garaño, filman azalduko diren kokalekuen inguruan aritu zen: “Baserri baten kanpoaldea behar genuen eta grabaketak hasi aurretik, filmaren arlo artistikoaz arduratzen direnek hainbat baserri ikusi zituzten. Aukera bat baino gehiago genuen, baina Zizurkilgo Iraola zen egokiena. Ez dago guztiz berritua, baina zaharregia ere ez da eta guk hori behar genuen, gainera, errepidea ere ez du gertuegi eta soinu aldetik abantaila handia da hori”. “Behin Zizurkilgo kokalekua erabakita, inguruko herrietan bilatu genituen beste zenbait pasarte grabatzeko gune egokiak. Okindegi eta kafetegi izango zen gune bat behar genuen eta Kabela aukeratu genuen horretarako. Bestalde, Aitzondo elkartean ere grabaketaren bat egin da. Etxe barruko eszenak grabatzeko berriz, Igeldoko etxe batera joango gara. Zizurkilgo Iraolan, garai batean ukuilu izandakoan ere grabatuko dira barruko pasarte gutxi batzuk”, gaineratu zuen Jon Garañok.
Hiru ordu inguru igaro zituzten Asteasuko kafetegiko grabaketak egiten eta minutu eta erdiko tartea hartuko du filman. “Sei aste pasako ditugu grabaketan. Kafetegiko pasarterako, adibidez, egun laurdena pasa zaigu. Grabaketaren hasieran gaude eta oraindik ere, taldea koordinatzen eta xehetasunak lotzen ari gara”.

Eskualdeko partaideak
Itziar Aizpuru (Axun) eta Mariasun Pagoaga (Maite) dira filmeko protagonista nagusiak, baina Asteasun grabatutako pasarteetan, eskualdeko jendea ere agertuko da. Nuria Martin, Amaia Cortes, Luke Uribe-Etxebarria, Txaro Otaegi, Nahuel Viso, Mari Carmen Salido, Mari Sol Arregi eta Puy Lekunberri Asteasuko grabaketan izan ziren extra edo figurante moduan parte hartzeko. “Villabonako Zentro tabernan filman parte hartzeko deialdia ikusi nuen. Izena ematera animatu nintzen eta gustura nago, esperientzia berria izan da”, azaldu du Amasa-Villabonako Puy Lekunberrik.
Nuria Martin gazte zizurkildarra bikoizketa ikasketak egiten ari da Donostian eta bertan jakin zuen “Axun eta Maite” filmaren berri: “Figurante izateko jendea behar zutela esan zidaten eta etxetik gertu izanda, ez nuen zalantzarik izan. Amaia lagunarekin batera eman nuen izena. Lehendik ere beste filma batean parte hartu nuen eta gustura aritu nintzenez, errepikatzea erabaki dut”.

Bizipen berria
Luke Uribe-Etxebarriarentzat ere ez da film batean parte hartzen duen lehen aldia: “Lagun batek Bruselan grabatutako laburmetrai batean parte hartu nuen eta telebistako iragarkiren batean ere atera izan naiz. “Axun eta Maite” filmarako deialdia ikusi nuenean, gustura eman nuen izena. Euskal film batean parte hartzea ideia polita iruditu zitzaidan. Gainera, mota honetako ekintzetarako emakumeak errazago animatzen dira eta batzuetan kosta egiten zaie gizonezkoak topatzen, horregatik erabaki nuen aurrera egitea”. Nahuel Viso asteasuarra ere izena ematera animatu zen: “Oso esperientzia polita izan da, ezberdina. Egunero kafea hartzera joaten naiz Kabelara eta gaur, egunero egiten dudana egiten saiatu naiz kameren aurrean”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!