Madrilera, tigre siberiarra ikustera

Maiatzaren 28an, Madrilera abiatuko dira Adunako eskolako gazteak. Tigre siberiarra ikustea izango da bidaiaren helburu nagusia eta lan gogorra egin dute bidaiarako dirua lortzeko.

Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailako Adunako ikasleek urria inguruan jakin zuten tigre siberiarraren berri: “Tigrearen inguruko lan bat egin genuen. Bide ezberdinetatik informazio asko bildu genuen. Interneten informazio bila ari ginela, Madrilgo zoo-an tigre siberiarra bazegoela ikusi genuen eta hura ikustera joan nahi genuela esan genien irakasleei. Irakasleen arteko bilera egin zuten eta dirua guk lortuz gero, joateko aukera izango genuela esan ziguten”, azaldu dute ikasleek.
Hamar eta hamabi urte arteko ikasleek argi zuten euren helburua eta berehala hasi ziren lanean: “Abendu inguruan antolatu genituen lehendabiziko ekitaldiak eta orduz geroztik, oso maiz izan dugu zereginen bat. Ostiraletan pelikulak jarri ditugu udaletxeko aretoan eta igande eguerditan azoka ezberdinak egin ditugu. Etxetik ekarritako jostailuak, liburuak eta beste zenbait gauza jarri genituen salgai negu aldean, eta udaberri aldera, loreak eta pastelak jarri ditugu. Gurasoek lagundu digute pastelak eta gozokiak egiten eta oso harrera ona izan dute, salmenta onak izan ditugu azken asteotan. Gure gelako kideren batek pastelak eta bizkotxoak egiten ere ikasi du”. Maiatzaren 17an egindako azoka izan zen ikasturteko azkena.

Ondo antolatutako lana
Txandaka egin dituzte lanak: “Batzuk ostiraleko zine saioan sarrerak biltzen, besteak aretoa garbitzen, igandeko azokako postua jartzen beste batzuk…, txanda ezberdinak antolatu ditugu”.
Maiatza hasieran ekitaldi berezia antolatu zuten Adunako elizan: “Musika tresna ezberdinak erabiliz abestiak eskaini ziren, txisteak, bertsoak, dantza, txotxongiloak…, norberak ahal zuena egin zuen. Euro bateko sarrera jarri genuen eta jende asko hurbildu zen. Ekitaldiren bat antolatzen dugunean kartelak jartzen ditugu kalean eta jendea hurbildu egiten da”, azaldu zuten.
Guraso eta herritarren babesa jaso dute gazteek: “Gurasoak pozik daude eta eskolan ere lagundu egiten digute informazioa bilatzen eta gauzak antolatzen. Herritarrek harrera ona egin digute, bai azokak jarritakoan baita ekitaldi ezberdinetan ere”, adierazi dute pozik.

Gutunak, dirukontuak…
Bidaia antolatzeko bestelako lanak ere ikasleen ardura izan dira: “Autobus bidairako aurrekontuak eskatu dizkiegu bi enpresa ezberdinei, lotarako tokia ere bilatu dugu eta Madrilgo zooko zuzendariari gutuna idatzi diogu. Dirudienez, bi motatako tigreak dituzte zooan, tigre siberiarra eta bengalakoa. Txandaka ateratzen omen dituzte bi tigre motak, horregatik, gutun bidez eskatu diogu zuzendariari gu han gauden egunean tigre siberiarra atera dezatela. Lan handia egin dugu hara joan ahal izateko eta ez dugu tigre siberiarra ikusi gabe geratu nahi. Biologo batek, gainera, azalpen ezberdinak emango dizkigu eta bisita gidatua egingo digu zoo-an zehar. Modu horretan gehiago ikasteko aukera izango dugu”.
Tigre siberiarren inguruan ikasteaz gain, beste gauza asko ere ikasi dute Adunako gazteek. “Diru kontuak ateratzen, gutunak idazten, informazioa bilatzen… Zailena beharrezko dirua lortzea izan da. Lehendabiziko aurrekontuak aterata, 2000 euro behar genituela konturatu ginen eta dagoeneko kopuru hori lortzetik oso gertu gaude, baina ez da erraza izan”, diote. Eskolak ere lagundu die gazteei euren helburua lortzen: “Olentzarok dirua utzi zigun eskolan eta duela gutxi eskolak beste laguntza bat ere eman digu. Ikasturte bukaeran, Zarautzera joaten gara urtero, surf-a egitera. Aurten Madrilera joango garenez, Zarautzera joateko beharko genukeen dirua eman digu eskolak”.

Maiatzaren 28tik 31ra
Maiatzaren 28an abiatuko dira Madrilera. “Maiatzaren 30ean daukagu zoo-a bisitatzeko txanda eta aurreko egunak Madril pixka bat ezagutzeko erabiliko ditugu. Metroan ibili eta toki ezberdinak ikusi nahi ditugu. Maiatzaren 31n itzuliko gara”.
Hamasei ikasle aritu dira tigre siberiarren inguruan lanean eta bidairako dirua biltzen. “Bi irakaslerekin egingo dugu bidaia. Lan handia eman digu beharrezko dirua lortzeak, eta oso pozik gaude azkenean lortu dugulako. Abiatzeko gogoz gaude dagoeneko”, amaitu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!