Gazumeko parke eolikoaren aurkako kontzentrazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 19a, 13:08

Igandean, eguerdiko 11:30etan zegoen jarria hitzordua, Zelatunen. Ehunka mendizale eta naturzale bildu zen Gazumen haize errotak jartzearen aurkako kontzentrazioan.

Ikus argazki gehiago

Behelaino itxiaren azpian eta euri langarrarekin hasi zen eguna Zelatunen. Hitzordua gerturatu ahala, jendez betetzen hasi ziren Zelatungo bordaren inguruko belazeak eta 11:30etarako, ehunka ziren bertan bildutakoak. Eskualdeko hainbat herritar, Iturriotzeko bentatik edota Sagain gora iritsi zen eta Errezil aldetik ere jende ugari gerturatu zen. Sagain elkarteko kideak, Eguzki talde ekologistakoak, Club Vasco de Camping elkartekoak edota SEO Birdlife taldeko kideak ere bertan ziren. Arabatik etorritako “Mendiak bizirik” mugimenduko taldekideak ere gerturatu ziren Zelatunera.

Eskualdeko pertsona ezberdinen iritziak biltzeko aukera izan zen Zelatunen:
Sagain elkarteko Jon Lizarribarrek hala esan zuen: “Etxe aurrean horrelako txikizioak egitea ez da inoren gustoko eta Asteasuko Sagain taldea ere proiektuaren aurka dago. Gazumeko parkeak ez du zentzurik. Energiaren inguruan azterketa serio bat egin dadila proposatzen dugu, udaletxe, mendi edo natur elkarte eta herritarren iritzia ere bilduko duena”, adierazi zuen.


Martin Roteta Sagain mendi taldeko lehendakaria da eta berak ere eman zuen Gazumeko proiektuaren inguruko iritzia: “Argi ikusi da modu honetako proiektuak isilean egiten direla. SEO birdlife taldekoei esker hasi ginen proiektuaren nondik norakoak ezagutzen eta haiekin batera hasi ginen mugitzen. Gaur jende mordoxka bildu gara Zelatunen proiektuaren aurka gaudela adierazteko. Eguraldi ona izanez gero, Gazumeko tontorrera igoko ginake, inguru hori zein ederra den ikusteko. Babestutako gunea izanda, ondo zaintzea merezi duela uste dut. Azkenean parke eolikoa Gazumen ez egitea erabakitzen bada, arazoa bukatutzat eman ote daitekeen da nire zalantza. Energiaren erabileraren inguruko kanpaina zabal bat egin beharko litzateke, bestela mendi guztiak errotaz beteta ere ez genuke nahikoa indarrik sortuko”.


Zizurkilgo Joxin Azkue ere Zelatunen izan zen: “Haize-erroten sistema baliagarri zaigun edo ez aztertu beharko litzateke. Behin hori argitu ondoren, non eta zein baldintzetan egin pentsatu beharko litzateke. Nire iritzian ez litzateke haize-errotarik egin behar eta egitekotan, oso leku berezietan beharko lukete”.


Bildutakoen talde argazki erraldoia eginez amaitutzat eman zen maiatzaren 17ko kontzentrazioa.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!