Ubare auzoa egokitzeko lanak aurreratuta, gaur goizean hasi dira Zizurkil eta Villabona lotuko dituen oinezkoentzako zubia Oria ibaiaren gainean kokatzen. Joan zen astean bi puskatan ekarri zuten burdinezko egitura izango duen pasabidea. Azken egunetan, langileak bi puska horiek lotzen lanean aritu dira Ubare auzoan. Ikusmin handia sortu da gaur goizean eta eguerdian zubiaren inguruan: villabonatar nahiz zizurkildar asko gerturatu da zubiaren altxatze eta lotzea ikustera. Behin egitura jarrita, datozen egunetan pasabidea egokitzen hasiko dira langileak eta epe laburrean aurreikusten da oinezkoentzako pasabide berria herritarrei zabaltzea.