Andoain, herri arteko txapelketatik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 13:06

Pasa den ostiralean amaitu zen Andoaingo pilotarien ibilbidea 2009ko herriartekoan, Bergararen aurka hiruna partidara berdindu ostean, tantoetara galduta. Pena dute Andoaingo taldekoek, zorte apur bat falta izan zaielako final laurdenetara pasatzeko, eta Gipuzkoako talderik gazteena izatea garesti samar ordaindu dutela esan daiteke.

AMAITU DA TXAPELKETA
ANDOAINGO TALDEARENTZAT

Ibiliz eta eroriz ikasten denez, datorren urtean esperientzia gehiago izango dute frontoain dena eman duten gazte hauek. Galtzea pena bada ere, herri bezala eman den irudia eredugarria izan da. Ez baita kasualitatea, Gipuzkoako gainontzeko herriek Andoainen jokatu nahi izatea, bertako frontoian bizi den giroagatik. Mila esker lerro hauen bidez, frontoian, kalean eta animatu eta lagundu duten guztiei.

A.Gaztañaga-J.Ulanga     18
Bergara     22
KADETEAK. Momentu honetan Gipuzkoan dauden bi bikote indartsuenak neurtu zituzten indarrak. Joanekoan andoaindarrei dena ondo atera zitzaien eta bergararrek berriz ez zuten beren maila eman. Bergaran berriz, Bergarako bikoteak maila ikusgarrian jokatu zuen eta andoaindarrek ere oso ondo jokatu arren, 18an geratu ziren.

Axier Irastorza- Unai Maiza     22
Bergara     19
JUBENILAK. Tentsio handiko eta huts askoko partida izan zen. Andoaindarrek bazekiten irabazteaz gain, tanto abantaila handia lortu behar zutela eta presio horren ondorioz, ez zuten behar bezala jokatu.

J.Eskudero-J.M.Sagaseta     4
Bergara     22
NAGUSIAK. Oso lan zaila zuten andoaindarrek azken partidan. Beraiek baino zailduagoak eta batez ere indartsuagoak ziren pilotarien aurka 16 tanto egitea. Dena eman zuten, eta Bergarako zaletua zutiarazi zuen tantoak ere jokatu zituzten baina ezin izan zuten helburua bete.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!