Mikel Legarreta, Aizkorriko maratoiko parte hartzaile beteranoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 13:04

Aurten ere marka haustera doa maiatzaren 24an. Erronka; bost ordu baino gutxiagoan mendi buelta egitea.



Zenbateko denbora marka hautsi behar duzu aurten?
Mikel Legarreta: Duela bizpahiru urte, bost ordu eta hamabi minutu inguruan bukatu nuen. Aurtengo helburua, bost ordutik jaisten saiatzea litzateke.

Horretarako, aspaldi entrenatzen hasia izango zara?
M.L.: Urte hasieratik gabiltza entrenatzen. Aurten entrenamendu saioei ekitean, lesioak tarteko denbora askoan geldirik egon naizenez, kosta egin zitzaidan pixka bat. Baina orain ondo nagoela uste dut. Prestatu beharrekoa eginda, eta orain atseden hartzea garrantzitsuagoa da, lasterketa egunera ondo iristeko. Halere, askotan gogorragoa izaten da lasterketa baino lasterketa egunera iristea, ez lesionatzea alegia. Proba gogorra bada, are gogorragoak izaten dira bakardadean eta eguraldi on edo txarrarekin egin beharreko entrenamendu saioak.

Bestela, proba dezentetan parte hartu duzu?
M.L.: Mendiko proba ia guztietan parte hartu dut. Ez dut uste oso ona denik Aizkorrira begira, baina entrenamendu gisa balio digute.
Zuretzat Aizkorriko maratoia, beste askorentzat Behobia-Donostiak duen esanahi bera izan dezake?
M.L.: Bakoitzak bere helburuak ditu eta neurea hau da. Mendian ibiltzea gustuko dugunontzat, Aizkorri lasterketa handi bat da, Euskal Herri mailako handiena. Jada zerbait berezia da niretzat, 19 urte nituenetik urtero parte hartu baitut.

Probako parte hartzaile gazteena, aldi berean beteranoa. Nola oroitzen duzu lehen saiakera hura?
M.L.: Aizkorriko maratoian parte hartu nuen lehen aldian ez nuen ia entrenatzen. 250-300 partaide izango ginen, eta izen ematea ez zen ixten. Gaur egun, izen ematea egun batean ixten da. Partaidetza mugatua dago eta dortsala lortzea oso zaila da. Jende asko kanpoan geratzen da. Garai hartan, mendizaleak nagusi ziren. Denbora aldetik ez genuen helbururik, erreferentziarik ez baitzegoen. Proba sei ordu eta erdian egin eta lehen ehun partaideren artean sailkatu nintzen. Gaur egun, sei ordu eta erdirekin iristen zarenean, nik uste ez duzula ezta helmugarik ere.

Arrisku puntuak ere baditu bideak, jaitsieran adibidez?
M.L.: Jaitsieratan arrisku handia dago. Lau ordutik aurrera, hankek ez dute erantzuten, erortzeko arrisku gehiago dago, eta min hartzeko ere bai noski. Bestalde, hemendik kanpoko lasterketetan basoan galduta denbora asko egin dezakezu antolakuntzaz gain inor ikusi gabe. Euskal Herriko lasterketetan, Aizkorrikoan bereziki, bazter guztietan agertzen da jendea animatzeko prest. Hainbat urnietar ere joaten dira animatzera eta asko eskertzen da.

Baldintza klimatiko onenak zeintzuk dira?
M.L.: Baldintzen kontua oso pertsonala dela uste dut. Baina lainotuta egon eta frexko egiten badu, guretzat egoki.

Aurkariari begira, Aizkorriko maratoian nortzuk ibiliko dira lehia bizian?
M.L.: Gure herrian bertan, Jokin Lizeagak aurten denbora oso txukuna egiteko aukera duela uste dut. Irabazteko ez dakit, baina esan dezaket denbora oso ona egin dezakeela, eta aurrean ibiliko dela ziur naiz. Aurten berezitasun bezala, koadrilako bi bikoteok parte hartuko dugu Aizkorriko maratoian; nik eta Uxunek, eta Jokin eta Ainhoak. Bakoitza bere helburuekin baina denok ere gogotsu eta ahalik eta emaitza onenak lortzeko asmoz.

Behin Aizkorriko proba igarota, Behobiakoaren ostean askok atseden hartzen dute. Zuk gauza bera egiteko asmoa duzu?
M.L.: Atseden gutxi hartzen dut, eta ia ziur naiz, beste lasterketa batzuetan parte hartuko dudala. Gero bizikletan ere Quebrantahuesos ere hor dago, izena emana dut. Beraz, aurten ere atseden hartzeko denborarik ez da izango. Korrika jarraituko dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!