“Egi Billa” antzerki taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 12:59

Mikel Aldanondo Ugalde. 1944ko irailaren 13an jaio zen. 1965. urtean 21 urterekin Egi Billaren sorrerarekin batera sartu zen taldean, eta 1970. urte arte izan zen bertan.

Jokin Izagirre Goia. 1949ko apirilaren 8an jaio zen. 1968.urtean 18 urterekin hasi zen Egi Billa taldean eta bertan aritu zen handik ia 12 urtetara taldea desegin zen arte.

Zenbat antzerki lanetan parte hartu zenuen?

Mikel Aldanondo: Bitan, “Jokaldi txar bat” eta “Kalifornia” lanetan.

Estreinaldiak Urnietan egiten ziren?
M.A.: Bai. Eta gero Lezo eta Berastegi ziren gure ikurrak, obra guztiak herri horietara eramaten genituen. Gero Tolosara, Lasartera, Donostiako  Antzoki Zaharrera ere joan ginen San Tomas egunarekin. Hura guretzako “Hollywood” izan zen.

Nolakoa zen Mariarekin zenuen harremana?
M.A.: Maria gure amaren laguna zen, eta guretzako beste ama bat bezala. Gu bere etxera joaten ginen, eta txiki txikitatik harreman handia izan genuen.

Eta antzezleekin orokorrean  harreman ona zuen?
M.A.: Oso ona, baina bakoitza bere tokian, ez zuen bere tokia galtzen, kontuan izan behar da hasiera hartan hamar ginela taldean, eta gainera hamar oso desberdinak, eta denekin talde bat osatu behar zuela.

Esperientzi gabeko antzezleak izanik pazientzia beharko zuen?
M.A.: Izugarria. Ez horrekin bakarrik beti izaten zen, bat berandu etorri zela edo beste edozein arazo. Berak arazo guztiak bere gain hartzen zituen, eta nolabait moldatu eta beti aurrera egin ere bai.

Kontatu nola izaten ziren entseguak?
M.A.: Normalean astean bitan izaten genituen, ilunabarrean zortzik aldera bildu eta hamarrak aldera arte, gehienok plaza inguruan bizi ginen, eta ez zegoen arazorik etxera joateko. Eta gero emanaldiaren eguna inguratzen ari zen bezala maizago elkartzen ginen.

Nola aukeratzen zuen Mariak bakoitzari zer paper eman?
M.A.: Horretan gu ez ginen sartzen. Mariak esaten zigun: paper hau zuk. Nik askotan pentsatu izan dut, Mariak nola erabakitzen zuen zer paper eman bakoitzari. Etortzen zen eta esaten zuen: aiba, aiba, aiba... han ez zen izaten ez eztabaidarik, ez ezer, bakoitzak berea hartzen zuen eta kito. Egia esan guk kontra egiteko argumenturik ere ez genuen.

Eta herritik kanporako bidaiak nola egiten ziren?
M.A.: Batzuk kotxea bagenuen eta gero, beharrezko ziren traste guztiak aurrez herriko kamiolari batek eramanez. Herri lana zen gurea. Mariak eskatuz gero denak laguntzeko prest izaten ziren.

Zergatik utzi zenuen taldea?
M.A.: Ni taldeko batekin ezkondu nintzen, hasi ginenean hura Urnietan bizi zen, eta gero Donostiara joan zen bizitzera, eta gero biok handik etortzea gehiegizkoa zelako.

Garai haietako oroitzapena?
M.A.: Orduan herrian gauza asko egiten genituen. Soldaduskara joan arte, erdi sakristau erdi monagillo moduan ibili nintzen elizan, koruan ere aritzen nintzen; eta taldea utzi ondoren ere Mariarekin harreman handia izan nuen, elkarri zerbait behar izanez gero eskatzen genion... Laguna zela esatea gehiegi da agian, adinean diferentzia handia genuelako, baina harreman handia izan genuen.

Jokin Izagirre
Elkarrizketa
Nolatan sartu zinen taldean?
Jokin Izagirre: 1968. urtean talde batzuk hasi ginen bilera politikoak egiten, eta toki berean egiten ziren bai entseguak, bai gure bilera haiek. Maria, pertsona politiko bat zen eta bere nahia diktadurari egurra ematea ere bazenez, hori bai, bere erara, berak deituta hasi ginen, bere proiektuetarako interesgarriak ginelako.

Zenbat antzerki lan burutu zenituzten taldean izan zinen 12 urte horietan?
J.I.: Uste dut zazpi egin genituela. Beti Urnietan egiten genuen estreinaldia, eta gero Irundik hasi eta Arrasateraino herri mordoa pasatzen genuen batez ere “Kalifornia” lanarekin.
Nolakoa zen Maria zuzendari moduan?
J.I.: Gauzak ondo egitea gustatzen zitzaion. Aurretik antzerki lana irakurria izaten zuen eta berak, protagonistak behintzat aukeratzen zituen. Inork ez zuen eztabaidatzen haren erabakirik.

Eta zuk protagonista paperak egiten zenituen...
J.I.: Bai, gehienetan protagonista moduan aritu nintzen. Estreinaldia gertu zegoenean eta kanpora joan behar genuenetan entseguak egunero egin behar izaten genituen, baina gustura ibiltzen ginen.

Zein izaten zen kanpora joaten zineten eguneko plana?
J.I.: Eguerdian aurrena traste guztiekin kamioia kargatu, zenbat denbora behar genuen dena muntatzeko eta biderako kalkulatuz. Gu kotxeetan edo furgonetan joan, dena muntatu, emanaldia eskaini, ikusleak alde egin arte itxaron, dena desmuntatu, eta goizaldeko hirurak aldera berriro Urnietan kamioia deskargatu eta etxera. Hori bai batzuk “eskakeatu”  egiten ziren...

Zu zeu ere Donostian izan al zinen?
J.I.: Bitan izan ginen San Tomas egunean Donostian. Hura izugarria zen, baina nik toki bat aukeratzekotan Tolosako Iparragirre antzokian izaten zen giroarekin geratuko nintzateke, han Labaienen lanekin gozatu egiten zuten. Donostian antzerki asko ikusten zuen jendea joaten zen, udan erdarazko antzerkia ikusten zuten eta Santomasetan euskarazkoa.

Zein gai erabiltzen ziren antzerki lan haietan?
J.I.: Orduan gure borroka zen erdarari kontra egitea, euskaraz lan eginez. Kontuan izan orduan dena erdara, erdara eta erdara zela. Gaiari kasu handirik egin gabe paperean sartzen ginen eta kito.

Nola etorri zen taldea uzteko unea?
J.I.: Orduan Labaienek utzi egin zuen idaztea, Begiristainek ere bai, eta euskal antzerki lanen idazlerik ez zegoen. Iparraldean Landart hasi berria zen, baina haren antzerki lanak artean ez ziren hasi taularatzen. Hor harrapatuta gelditu ginen, ez euskal idazlerik, ez euskaratzeko jenderik... Iritsi zen une bat jada herrietatik deitzen ez zigutena. Ni taldea desegin zen arte egon nintzen. Orduan hemen Buruntza taldea sortu zuten Lurdes eta Xabierrek eta hara pasa nintzen.

OKERRAK ZUZENDUZ
Joan zen asteko alean, Maria Arizmendi Salesiarretako aldapan errepidea gurutzatzen ari zela auto batek harrapatu zuela genion. Eta ez zen horrela izan. Beheraxeago, anbulategi ondoko espaloian zela autoa izan zen errepidetik atera eta espaloian zen Maria harrapatu zuena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!