Gazte festak, aurrerapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 12:57

Herriko eragile desberdinen elkarlanaren emaitza izango dira aurtengo Gazte Festak. Girotzen hasteko, datorren asteburuan bertso-afaria eta Urnieta Dantzan jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko dira.


Maiatzeko azken asteburuarekin zubi lanak egingo dituen Kultur Astea dator gero. Buztin eta herri kirol tailerrak zabalduko dituzte, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bisita izango dute haurrek hilaren 27an, udal pilotalekuan.

GAZTEAK NAGUSI
Maiatzeko azken asteburuan lehertuko da jai giroa: Urnieta Rock jaialdia Delorean taldearen parte hartzearekin, dardo eta mus txapelketak, herri kirol erakustaldiak, gazte koadrilentzat bazkaria edo oilasko jatea, haur kirol jaia.. Anitza da jaien antolatzaile taldea, eta anitza baita, aurtengorako maiatzaren 29tik 31ra prestatu duten egitaraua. Datorren asteko Aiurrin xehetasun gehiago.

SANSONARRI
Urnieta Sansonarri herri kirol elkarteak urtean zehar hainbat ekitalditan parte hartzen du. Aurtengoan ere, Gazte Festei eta beste hainbat ekitaldiei begira hasi dira lanean. Jakinarazi dutenez lagun pare baten premia dute taldea osatzeko. Beraz, haiekin batera taldeko partaide izan edo informazio gehiago jaso nahi duenak, agertu dadila astearte edo ostegunetan 20:30ean udaletxe atzeko probalekura. Ez dago adin mugarik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!