Zerbitzu berria gazteentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 12:56

Irekiera ekitaldian, orduagatik edo-eguerdia baitzen- gazte gutxi zegoen, musika eskolako zenbait kide uneari sintonia jartzen soilik.

Bai ordea, udal eta Foru Aldundiko ordezkari zein teknikariak ere. Mikel Izagirre alkateak argi utzi zuen zer den Gazte Informazio Puntu berriarekin lortu nahi duten helburua; “Bizi proiektu bat martxan jartzeko tresna berri bat gazteen esku jartzea”, zehaztu zuen. Gazteek dituzten beharrak bideratzen laguntzeko baliabide gisa aurkeztu zuen gune eraberritua. Esker oneko hitzak izan zituen, proiektua gauzatzen lagundu duten zinegotzi eta teknikarientzat.
Esker eta zorion hitzak baita, Foru Aldundiko gizarte gaietako arduradun Maite Etxanizen ahotan ere, Udalak egin duen apustuagatik hain zuzen. “Urnieta bezalako herri batek eta gazteek merezi dute”, adierazi zuen. Gogoratu zuenez, Urnietakoa kontuan hartuta, jada 25 dira Gipuzkoa osoan zabalik dauden antzeko guneak.
Horrelakoetan ohikoa den zinta mozketarekin eta jarraian dastatu ahal izan zen luntxarekin zabalik geratu da ofizialki Gazte Informazio Puntu eraberritua. Gazteentzat, gazteek erabil dezaten.
BILTOKI, KONTSULTA GUNE…
Hiru aretotan banatua dago Gazte Informazio Puntu berria. Sartu eta berehala, harrera tokia, aldizkari eta bestelako informazio orriekin. Bertan egongo da, informazio eta aholkularitza lana egiteko prest, Olatz Uranga langilea. Bideo edo diapositiba emanaldiak eskaintzeko, edota Internet bidezko kontsultetarako beste areto bat egongo da. Hirugarren gunea, gazteak biltzeko toki gisa baliatu nahi dute, bereziki Poxta Zahar elkartekoen eskuragarri egongo dena.
Antolatuko diren ekitaldiak bi gaietan oinarrituko dituzte. Sexualitateari eta bidaiei zein mundua ezagutzeari buruzko hitzaldi edota emanaldiak ohikoak izango dira aurrerantzean.

GAZTE INFORMAZIOA, ZERBITZUAK:
Bidaiak eta mundua: gazteek prestatutako diaporamak eta argazki erakusketak. Hitzaldiak, informazioa aurkitzeko laguntza.
Sexologia: aholkularitza pertsonalizatua. Gainera, tailerrak edota zineforuma.
Informazioa, kontsultak, aholkularitza: ikasketak, lana, lehiaketak, bekak….
Txartelen tramitazioa: ISIC txartela, GO 25 (YIIC) txartela, aterpekide txartela.

 

Olatz Uranga, Gazte Informazio Puntuko langilea 

Itxarondako eguna iritsi da azkenean. Pozik ezta?
Olatz Uranga: Pozik. Hilabete batzuetako lana izan da. Bulegoaren diseinua, espazioarekin zer egin aztertzen ikusten egon gara. Eta gero, bulegoa bera nola hornitu edota zer eskaini behar zen begira. Pozik bai.

Lekuz aldatu zarete. Hona datorrenak, lehen inpresioan zer nolako aldaketa nabarituko du?
O.U.: Lehenengo, 16-30 urte artekoei zuzendutako bulegoak espazio propioa duela. Lehen Gaztelekuan ginen eta haiekin lekua partekatu behar genuen. Harrera egiteko ere toki egokiagoa da. Hona datorrenak zer topa dezakeen? Beka, lan aukera edota ikasketen inguruko informazioa eta gero, bidaiariak badira, bidaiatzeko informazioa, edota gidak alokairuan hartzeko aukera. Sexualitatearen inguruko informazioa ere eskainiko da, kontsultarako espazio bat egongo da. Horren harira egingo dira ikastaroak, besteak beste.

Gunea bizi berritzeko apustu gisa defini daiteke bulego berriaren irekiera?
O.U.: Hori espero dugu. Bizi berritu eta gure ustez, 16-30 urte arteko gazteen beharrei lotuta egon daitezkeen gaiak landu nahi genituzke.

Jada, lehen ekitaldiak antolatu dituzue.
O.U.:  Gazteek, informazioa jasotzeaz gain, bidaiaren bat egin badute, jendaurrean erakuts dezakete. Orain antolatu ditugun ekitaldien artean, bertako gazteak etorriko dira diaporama emanaldia eskaintzera. Gazteei galdetzera, haien beharrak zeintzuk diren komentatzera etortzeko gonbita luzatu nahi diegu. Eta prestatu ditugun dinamiketan parte hartzera ere. Uste dut interesgarriak direla eta gainera, parte hartzen dugun heinean ere jakin dezakegu zer behar gehiago dauden eta gure egitasmoak horretara molda ditzakegu.

Koordinazioa ere bultzatu nahi duzue beste Gazte Informazio Puntuekin?
O.U.:  Bai. Andoaingokoekin koordinazioa eta harremana badugu. Buruntzaldean ere koordinazioa ere bultzatuko da, denon artean zer eskaini dezakegun ikusi eta lana eraginkorragoa izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!