Tradizioari eutsiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 12:55

Pasa  zen igandearekin tradizio handiko bilera ospatu zen Azkorte ermitako sakristian. Bilera honen jatorria aurkitzeko XIX. mendearen erdialderaino joan beharko genuke. Ordu arte urnietarrek eta Lasarte aldekoek elkarrekin ospatzen zuten Santa Krutz eguna, baina gauzak aldatu ziren 1848. urtean Kataluniatik Brunet abizeneko gizon bat etorri, Oriako baserri bat bere lur sailekin erosi, eta bertan oihal fabrika bat jarri zuenean.

Bertan 600 lagunetik gora aritu ziren lanean, gehienak kanpotik etorriak baina baita bertako baserritarrak ere. Eta hauek, Santa Krutz egunez lana egin beharra izaten zutenez 1845-46. urtean hasi ziren Urnietako apaizari giltza eskatu eta hurrengo igandean meza batekin Santa Krutz eguna ospatzen.  
Ermita Urnietako udaletxearena da, eta urnietarrek egiten duten jaia Udalak antolatua izan baldin bada, Lasartekoena ez da inoiz Lasarteko elizarena, edo Udalarena izan, auzotarrena baizik. Jaia beraiek antolatu eta dirua jarrita egin izan dute betidanik. Eta diru hori jasotzeko xedearekin meza ondorenean Azkorteko ermitako sakristian, hamaiketakoa eginez, oraindik mantentzen den bilera egiten hasi ziren.
Garai batean gehiago baziren ere pasa zen igandean bost lagun elkartu ziren. Edozein arrazoigatik egun horretan bertara joaterik izaten ez duen hainbatek ere dirua ematen jarraitzen du. Kontuak eramateko arduradun bat dute, Mirakanpos baserriko Bernardo San Sebastian, aurretik eginkizun hori Iñaxiok, bere aitak zenak egin izan zuen. Eta sakristiako hamaiketakoa bukatzearekin batera, Bernardok karpeta ireki, koadernoa atera eta banan-banan hasi zen apuntatzen diru emailearen izena eta bakoitzak emandako diru kopurua.

HISTORIA EGINEZ
Hasierako urteetan meza eta hamaiketakoa zen jai guztia. Gerora momentu ezberdinak bizitu ondoren, gerra garaian ere ez zuen etenik izan. 1986. urtean Lasarte herri izatera iritsitakoan hasi ziren borondatez etortzen elizako koroa, trikitia jotzen ikasten ari diren umeak, Patxi Etxeberria bertsolaria... apaizak ez zuen meza dirurik jasotzen, Elorriyako Miel Mariri diru apurren bat ematen zitzaion ermita prestatu eta zaintzeagatik.
1992. urtean sortu zen Ttakun euskara elkartea eta lehendabiziko urteetan lehendakaria Sebastian bera izan zen. Orduan, Ttakun elkarteak, tradizioa eta euskara elkartzen dituen jaia antolatzeko ardura hartu zuen, eta elkarte honek Udalarekin urte osoko hainbat ekitaldi burutzeko sinatzen duen hitzarmenaren barruan sartzen da. Tabernarekin ere diru bat lortzen da. Eta horri gehitu behar zaio sakristiako bileran jasotzen den dirua. “Egunen batean Ttakun elkarteak antolatzeari utziko balio, hemen biltzen garenok jarraituko genuke jaia antolatzen”, dio Sebastianek.
Urte batzuetan apaiza bilatzea asko kostatzen bazitzaien ere, azken 22 urtetan Iñaki, Urnietako erretorea joaten zaie eta pozik daude berarekin. Azkorteko erromeria mantentzeko lan ugari egindako bi pertsona ere ez zituzten ahaztu nahi izan igandeko bileran: Urnietako Migel Olaskoaga eta Lasarteko Antton Elizegi.

BERTSOA
Uztapideren mendeurrena ospatzen zen egunean Iñaki apaizak haren bertso hau kantatuz eman zion hasera bilerari:
Zuek ikusteko nik
banuen egarria (bis)
hola ikustea ez al da
gauza pozgarria
estutzera gatoz gu
maitasun lokarria
hau izan zaigu beti
guri baliagarria
batak besteari eman
ongi etorria
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!